EHUko Biologia Zelularreko eta Histologiako Saileko irakaslea

Gaskon Ibarretxe: «Lehen uste zen garunak ez zuela zelula amarik, baina baditu»

Garunak neuronak birsortzeko duen joera ikertu du Ibarretxek, baita garuneko konexioak laborategian birsortzeko aukera ere: «Garunak oso zelula ama gutxi ditu, baina hortz muinetako zelulen ezaugarri asko dituzte».

Gaskon Ibarretxe biologoaren hitzaldia asteazkenean, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. RAUL BOGAJO / FOKU
Gaskon Ibarretxe biologoaren hitzaldia asteazkenean, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. RAUL BOGAJO / FOKU
itsaso jauregi 2
2025eko abenduaren 12a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garunak bere egitura, forma eta funtzioa aldatzeko duen berezko ahalmena da garunaren plastikotasuna, eta esperientziari, ikaskuntza berriei edo garuneko kalte bati erantzuten die. Prozesu horren barruan gertatzen diren mekanismoak ikertu ditu Gaskon Ibarretxek (Bilbo, 1976), EHUko Biologia Zelularreko eta Histologiako Saileko irakasleak. Herenegun Garuneko plastikotasun mekanismoak hitzaldia eman zuen Bilboko Bidebarrieta liburutegian.

Nondik jaio zen garunaren inguruan duzun interesa?

Unibertsitateko ikasketak amaitzean, neurozientzietan murgildu nintzen. Lau urtez neurozientziako sailean aritu nintzen, eta esklerosi anizkoitzaren mekanismoen inguruko tesia egin nuen; glutamatoko hartzaileak ikertu nituen. Hartzaile horiek ikertzen jarraitu nuen, eta ikusi nuen zerikusia zutela garunaren garapenean. Gero, EHUra itzuli nintzen biologia irakasle gisa, eta odontologiaren ikasgaian klaseak ematen hasi nintzen.

Zer-nolako lotura dago neurozientziaren eta odontologiaren artean?

Hortz muineko zelula amekin lan egiten hasi eta berehala konturatu ginen garuneko zelula amen oso antzekoak zirela alor askotan. Garai hartan nahiko ezezagunak ziren hortz muineko zelula amak, 2000. urtean deskubritu baitzituzten. Garai hartan argitaratzen ziren artikuluetan nahiko deigarria zirudien zelula horien potentzialtasunak. 

Zer dute komun hortz muinetako zelula amek eta garunekoek?

Zelula ama neuronalen antzeko markatzaileak zituzten hortz muinetako zelulek, baina, aldi berean, beste zeluletatik desberdintzen zituzten ezaugarriak zituzten. Eta, gainera, glutamato hartzaileak erabiltzen zituzten; hau da, nire doktoretza garaian ikertu nituen hartzaile berberak. 2014an ikertu genuen neurotransmisore hartzaile horien aktibitatea, eta hasi ginen horiek ikertzeko protokoloak garatzen. Urtez urte aritu gara protokolo horiek hobetzen. 

Zer aurkitu duzue?

Aurten lortu dugu, lehendabiziko aldiz, ekintza potentzialak sortzen dituzten neuronak deribatzea hortz muineko zelula ametatik. Orain arte ez zuen inork deskribatu zelula horiek nola sor zitzaketen ekintza potentzial errepikakorrak. Lortu dugu neuronen berezkoa den jarduera elektrofisiologikoa erreproduzitzea.

«Izatez, zelula ametatik abiatuta neuronak sortzea ez da batere erraza, oso kantitate txikietan daudelako, eta garuneko oso leku jakinetan»

Zer esan nahi du horrek?

Horrek esan nahi du zelula horiek erabil daitezkeela neurona populazioak sortzeko, eta horiek erabil daitezke garuna konpontzeko, maila zelularrean. Orain arte eztabaida handia zegoen: hortzetako zelulek benetako neuronen ekintzak egin ahal izango dituzte? Batzuek deskribatu zuten hortz zelula horiek sor zitzaketela ekintza potentzial atipikoak, baina ez zirela neuronek sortzen zituzten ekintzak bezalakoak. Baina guk lehen aldiz lortu dugu ekintza potentzialak sortzen dituzten zelulak eratzea.  

Nolakoa da neuronak sortzeko prozesua?

Izatez, zelula ametatik abiatuta neuronak sortzea ez da batere erraza, oso kantitate txikietan daudelako, eta garuneko oso leku jakinetan. Aldiz, 32 hortz dauzkagu bakoitzak, askotan erortzen dira, eta horietatik atera ditzakegu ahalmen neurogenikoa duten zelula amak, gerora neuronak sortzeko erabil daitezkeenak. Neuronen hazkuntzak fase desberdinetan garatu ditugu. Garuneko zelula amek neuroesferak sortzen dituzten bezala, hortzetako zelula amekin oso antzekoak diren guneak sortu ditugu. Zelulen jarduera elektrikoa sustatzeko elementuak txertatzen ditugu. Neuronen konexioak imitatu ditugu laborategian; zelulen jardueran tenporizatu ditugu, eta oso pultsu motzak ziren.

Neurogenesia ere aipatu duzu hitzaldian. Zertan datza?

Bizitza osoan aktibo dagoen zerbait da neurogenesia: garuneko hipokanpoan gertatzen da batez ere, eta memoria eta oroitzapen berriak sortzeaz arduratzen da eremu hori. Ikusten da prozesuan zehar neurona berriak gehitzen direla hipokanpoko zirkuitura. Gaur egun, zientzia komunitateak uste du neurona horiek lagungarriak direla memoria berrien sustapenean. Baina neurogenesiak ere badu garun kalteak konpontzeko funtzio bat.

Orduan, zer gertatzen da garuna lesionatzen denean?

Neurogenesiaren areagotze bat gertatzen da. Hor dauden zelula amak aktibatu egiten dira, gertatu den kaltea konpondu ahal izateko, edo konpontzen saiatzeko, behintzat. Gorputzeko beste eremuetan zauri bat gertatzen denean bezala, hor ere zelula amak aktibatzen dira zauria ixteko. Baina, arrazoi batzuengatik, ez dute kalte hura konpontzea lortzen, neuronek giro oso definitua izan behar dutelako, besteak beste.

Lesio bat dagoenean, heldu baten garunak eta gazte batenak gaitasun bera dute indarberritzeko?

Ikusi dugu suspertze itzela izan duten pazienteek zerbait zutela komun: kirolariak ziren guztiak edo jarduera intelektual handia zuten, behintzat. Ariketa fisikoak eta jarduera intelektualak neurogenesia bultzatzen dute; neurona berri asko sortzeko gai dira, eta neurona horien arteko konexioak berreraikitzen dituzte.

«Kontua da garunak oso zelula ama gutxi dituela, baina hortz muinetako zelulen ezaugarri asko dituzte: horiek txertatzea da gure asmoa»

Urte luzez uste izan zen neuronak ezin zirela birsortu. Zer aldatu da?

Zientzia komunitatean eztabaida handia egon da XXI. mende hasierara arte. Ikerlari ugari agertu dira garunean ahalmen neurogenikoa duten zelula amen populazioak daudela esanez, baina hori ezbaian egon da duela gutxi arte. Lehen uste zen garunak ez zuela zelula amarik, baina baditu. Kontua da garunak oso zelula ama gutxi dituela, baina hortz muinetako zelulen ezaugarri asko dituzte: horiek txertatzea da gure asmoa. 

Zer lortu daiteke horrekin?

Gure asmoa da naturalki gertatzen den prozesu hori indartzea, zelulen txertoei esker. Zelulak txertatzen ditugunean, badakigu zaurituta dagoen garuneko eremura joango direla; badute lesio eremura iristeko modua, eta saiatzen dira eremu hori konpontzen. Gure hortzetako zelula amak garunean sartzen ditugunean, lesio eremurantz joaten dira, eta gure itxaropena da bertan naturalki gertatzen den indarberritze prozesu horretan laguntzea.

Zein da garuna ikertzean izan duzun zailtasun nagusia?

Garuna oso organo konplexua da. Ebakuntzak oso tentuz egitekoak dira, edozein arazok pazientea hiltzea ekar dezake eta. Orduan, beste arloekin alderatuta, neurozientziako terapien sorrera motelagoa da, garunak daukan zaurgarritasun mailarengatik. Garunean gertatzen diren konexioak oso konplexuak dira; horregatik, askotan, izaten diren sintomak neurona populazioan galera bat izan delako agertzen dira, eta haien arteko harremana oso zehatza da. Oso zaila da garuneko zirkuitua zehazki konpontzea.

Garuna misterio bat da, beraz?

Bai. Jakin nahiko nuke ea garunaren kalteak konpontzeko terapiak benetan erabilgarriak diren. Nola integratzen dira garunaren kanpotik etortzen diren zelulak? Milioika neuronaren arteko konexioa behar da, eta konpontzen ari den garunean hori nola bideratzen den jakin nahiko nuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.