Amets baten atzetik erabaki zuen Oihana Amantegi idazleak (Getxo, Bizkaia,1994) Draco Somnium (Ametsen dragoia) argitaletxe independentea sortzea, Unai Gonzalez ilustratzailearekin batera. Fantasia eta gazte literatura landu izan dituzte batik bat, baina berriki getxotarrak Arantzarik gabeko arrosa eleberria argitaratu du, eta emakumeen aurkako sexu indarkeria tratatzen du, ukitu autobiografikoekin.
Errezeta liburua, eleberria, autobiografia mozorrotua... Zer da zehazki liburu hau?
Liburua bide bat da nik duela urte batzuk bizitakoa salatzeko, literaturaren bidez. Horrela jaio zen; barruan bizitako hori nolabait adierazi nahi nuen. Oso berandu zen hori judizialki bideratzeko, eta lagun batekin hizketan konturatu nintzen hau nuela bidea, argitaletxea ordurako egina baikenuen. Horrela hasi zen.
Esan liteke, beraz, Ihintza, liburuko protagonista, zure isla dela?
Hein batean, bai. Baina saiatu naiz sortzen ez guztiz ni bezalakoa, iruditzen zaidalako literaturan ederragoa dela, nolabait, norbere burutik haratago sortu ahal izatea. Pertsonaia guztiak daude norbaitengan oinarrituak, baina, hortik haratago, fusioak egitea gustatzen zait. Beraz, Ihintza ez naiz ni; Ihintzak nire bizipen batzuk jasotzen ditu, baina nik bestela bizi izan nuen egoera.
Ihintzari kostatzen zaio onartzea sexu eraso bat jasan duela. Zoritxarrez hainbeste emakumek pairatzen duten bizipena izanda, zergatik kostatzen da hainbeste hori prozesatzea?
Uste dut hezi gaituztela pentsatzeko eraso horiek normalak direla, edo horiek jasatea arrunta dela, eta ez dugula ezertxo ere egin behar horiei aurre egiteko, onartu baizik. Eta, are gogorragoa dena, barneratu dugu hori ona dela, desiratua sentitzea ona dela, eta horrek gure balioa indartzen duela.
Horregatik uste dut dela hain zaila. Beldurra ere hor dago, eta batzuetan ez dakigu ongi non dagoen erasoaren eta ezerosotasunaren arteko muga. Nik ez nuen bortxaketa bat pairatu, baina, nik bezalaxe, emakume askok halako mugako gertaerak pairatu izan dituzte. Non dago nahia, non dago onarpena? Beti ez da erraza ere zeure buruari azaltzea.
Halakoetan, salaketa judiziala ez da beti posible. Ihintzak raparen bitartez prozesatzen du dolu hori; zuk, idazketaren bidez. Artea ba al da sendatzeko bide bat?
Erabat, zalantzarik gabe. Nik musika eta literatura baliatu ditut txikitatik bestela mamitzen zailak diren hitzak edo emozioak kanporatzeko. Metaforen bidez askeago sentitzen naiz, eta abestiak edo liburuak ematen didan anonimotasun edo distantzia horretatik libreago adierazten ditut nire ideiak.
Nerabea da Ihintza erasoa pairatzen duenean. Erasoa jasan duen neska gazte horrekin hitz egin ahalko bazenu, zer esango zenioke?
Harekin hitz egin ahalko banu erasoa jazo eta gutxira, salatzeko esango nioke. Badakit oso zaila dela hori, eta berak ere prozesu hori egin beharko luke guztia barneratzeko, baina horretara bultzatuko nuke. Eta esango nioke berak ez duela errurik, asko garela horrelako egoerak bizi izan ditugunak, neskak zein mutilak, guztiok pairatzen baititugu halakoak. Batzera, hitz egitera, errua kanporatzera animatuko nuke, eta erru hori komuna dela konturatzera.
Idazlea izateaz gain, argitaratzailea ere bazara. Zure argitaletxean horrelako gaiei lekua egiten saiatzen zarete?
Bai. Fantasian eta euskal mitologian oinarritzen hasi ginen, horri buelta bat ematen, iruditzen zaigulako gure euskaldun fantasia oso aberatsa dela, eta uste genuen modu berritzailean landu behar zela, batez ere haur eta gazteei gerturatzeko, nolabait, gazteen irakurzaletasuna sustatzeko. Saiatzen gara eguneroko gaiak jorratzen, pedagogikoki garrantzia ematen.
Uste dut hau dela orain arte landu dugun gairik gogorrena, gordinena. Identitatearen kontua landu izan dugu, sufrimendu psikologikoa, baita bakardadea ere... Baina hau da salaketa gisa egindako lehen lana, eta hau da bidea beste hainbeste lan atzetik joateko.
Liburuak abisu bat dakar: «Adimen artifizialik gabeko produktua». Zein da zuen jarrera, argitaletxe gisa, adimen artifizialaren inguruan?
Gure jarrera hasieratik argia izan da: gure ustez, giza sormenaren aurkakoa da adimen artifiziala. Guk sortzen dugun guztia adimen artifizialik gabe egiten dugu, hori ez baita sormena. Adimen artifizial sortzaileak ez du sortzen: dagoena erreproduzitu baino ez du egiten. Tresna baliagarria izan daiteke informazioa laburtzeko, edo bestelako zereginetarako, baina ez sortzeko.
Arlo horretan ere, beste askotan bezala, haize kontra zoazte. Nolakoa da argitaletxe txiki bat sortzea?
Bide polita izaten ari da, baina oso gogorra izan da, hasieran batez ere, ez zelako ekonomikoki oso bideragarria. Unaik eta biok beste lan batzuk egin behar izan ditugu aurrera ateratzeko. Ni orientatzaile nabil eskoletan, eta Unai irudigile dabil beste proiektu batzuetan. Oreka lortu arte, zaila izan da, baina lortu dugu ikusgarriak izatea, gure estiloaren bidez; aurten bost lan kaleratu ditugu, eta horietako hiru beste egile batzuenak dira.
lotsabako
Musika ala literatura?
Musika, aspaldian jorratu gabe badut ere.Sute batetik zer liburu salbatuko zenuke?
Hauxe bera. Nire sorkuntzarik kuttunena da.