Sanferminak Iruñean. Sanfer-minak

Lo kuluxka arriskutsuak

joxerra senar
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Eztanda egin du suziriak, eta lehertu da zentzumenen festa. Zartarazi dituzte koloreak, bonbardatu gaituzteusainek, iritsi zaizkigu belarrietara mundu osoko berbak, eta, haiekin, alkoholaren gorazarre egiten duten eta masaren subkontziente hondoenetik sortu diren futbol kutsuko doinu horiek. Oe, oe. Ez dago irudimenari gehitxo astindu beharrik, irudimenetik gutxi dutelako abestiok. Aldiz, norberaren irudimena eta zentzumen guztiez baliatu arren, zaila da oso festaren lehen orduotako eztandaren ondorengo eztanda bere horretan adieraztea, Iruñeko kaosetik at, mundu errealaren lasaitasunean murgilduta zaudeten irakurle gehienoi.

Irudi batek mila hitzek baino gehiago esaten omen du, baina zentzumenen koktel horren tragoxka batek mila irudik baino gehiago esaten du, eta zer esanik ez, milioi bat hitzek baino gehiago... Beharbada, hipokondriako xamarra naiz, baina, alaitasunaren gorazarre honetan, min dut, baina ez dakit jatorria. Medikuarenera joaterik ere ez dut, larrialdi handirik ezean uztailaren 6an munduaren amaiera delako hemen Iruñean.

Nire buruari egin beharko diot diagnostikoa. Akaso, herrimina da. Sinboloei garrantzi berezia eman ez arren, iaz min eman zidan udaltzainak udaletxe plazan sartu eta kolpeka ikurrina nola kendu zuten ikusteak. Haatik, aurtengoan, festarekin inoiz baino ikurrina gehiago ikusi dira, eta, bultzaka bada ere, ikurrina erraldoi bat plazan sartzea lortu dute.

Apika, sentsibilitateak eragindako mina da. Festa ketchupa eta mostaza elkarri botatzen ospatzen dutenen bat gerturatzen zaizunean, ezinegon moduko bat nabari duzulako sudurraldean. Edo, nola ez, urtero errepikatuaren errepikatuaz astuna izan banaiteke ere, Nabarreriako iturritik jauzi egiten duten burugabeek hotzikara eragiten didatelako.

Ez dakit zer den min hau. Lankideok pote bat hartzen ari gara Zaldikon, hainbat ezagunekin topo egin dugu. Hoberenean gaudenean, agurren ordua iritsi da. Lanera joan behar dugu... Inork ez gaitu ordezkatu nahi. Badakit zer dudan: idazteko mina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.