Kolore morea, zuria, gorria eta horia desagertzen ari dira Donostiako Amara auzoko Pio XII.aren biribilgunetik. Jaka horidun langileak bertako loreak eta landareak kaxatan gordetzen ari dira, horiek Amara Plaza hotel pareko postura eramateko. Bertan, zazpi bat langile ari dira horiek sailkatzen, loreontzi biodegradagarrietan sartzen, eta poltsa berdeetan banatzen. Izan ere, Donostiako Udalak bere lorategietako loreak aldatuko ditu, eta, kentzera doazenak bota beharrean, herritarren artean doan banatu ditu asteon. 40.000 ale inguru banatuko dituzte guztira, kantuari jarraituz, horiei «bizi berri bat» emateko.
«Loreak alferrik ez galtzeko modu bat da. Bestela, bota egingo lirateke», esan du Javier Malo langileak. Sustraitik ateratzen dituzte loreak, eta loreontzietan banatu gero. Kontatu du ekintzak urtero arrakasta handia izaten duela. Aurten, gainera, banaketa puntu gehiago jarri dituzte: Antigua auzoaz eta erdialdeaz gain, Altzan, Intxaurrondon eta Aieten ere banatu dituzte loreak.Â

Hogei minutu falta dira goizeko hamarrak izateko, eta langileek ingurua poltsa berdez bete bitartean, jendea ilaran zain dago. Zaletasun handia baitute askok; Joxe Ramon Goenagak, esaterako: «Loreak ditut etxean, eta mendian ere bai, lursailean... Afizioa badaukat, eta denbora ere bai, beraz, gustura aritzen naiz». Tokatzen zaiona hartuko badu ere, begiz jota du gustatuko litzaiokeena: «Betilorea: negu partean hil egiten da, baina udaberrian, gero, berritzen da».
Ia edonor pozten baitu lore batek. Ezagun zaio hori Ana Maria Ovejerori: pasioz hitz egiten du loreez. Irundik etorri da (Gipuzkoa), erosketa orga hartuta; gauerdian iritsi zen etxera, Madrildik, bilobak bisitatzetik. «Baina hemen nago, erabat pozik! Urtero etortzen naiz lore bila». Irunen ere banatzen dituzte, baina udaberrian bakarrik; lore gorri batzuk jaso zituen orduan: «Zoragarriak!». Geranio baten bila datorrela kontatu du, zizareek jan baitiote etxean duena: «Sukaldetik loreak ikustea gozamena da; izugarri gustatzen zait, ez daukat erremediorik!».
Lilian Floresek eskuratu du dagoeneko poltsa berdea, eta Susana Navarro eta Teresa Martinez lagunengana joan da, lortutako begonia erakustera. «Goizean goiz jaiki naiz ni!», esan du. Ilaran zegoen emakume batek eman dizkio hura zaintzeko aholkuak. Flores bere sustraietara eramaten du landareak zaintzeak: «Nire herrian lorategi bat neukan, eta amak irakatsi zidan loreak zaintzen. Nire geranio eta arrosei hitz egiten diet, abestu egiten diet... noski! Ez dut uste landareek sentitzen dutenik, baina pena ematen dit horiek zaborretara botatzen ikusteak. Natura maitatzeko beste modu bat da».
Begonia bat eskuratu du Iraitz Zuriarrainek ere. «Iaz ere hartu nuen, lurrean sartu nuen ematen duten potoa, eta ondo desegin zen. Ur gutxi bota behar zaio, baina egunero. Barruan izan nuen, eta ondo iraun zuen, korrontean ipini nuen arte. Ea aurten gehiago irautea lortzen dudan».
Langileak gelditu gabe dabiltza, sortak prestatzen eta jendearen joan-etorriak ordenatzen. Lan nekeza da, baina ez dute umorea galdu: «Aurrera, mesedez, ez geratu hor. Gogoratu: bakoitzak poltsa bat, tokatzen dena! Poltsa berdedunak eskaintza berezian daude!».Â
Kritikoak ere bai
Bada ekintzarekin mesfidati den inor ere, ordea. Prentsaren bidez izan zuen egitasmoaren berri Aimarrek —ez du abizenik eman nahi izan—, eta poltsa eskuan doa etxerantz. «Aurpegi garbitze bat da, argi eta garbi. Bota beharrean jendeak aprobetxatzen baditu, ondo dago, bai. Baina jakin beharko genuke lore hauek non zeuden, zenbat kostatzen duten... Botatzea baino hobe bada, baina beno».
Dena den, askorentzat lorezaintzan lehen pausoak emateko aitzakia ere bada egitasmoa. Diana Noguerasentzat, kasurako: «Ez dakit zer hartu dudan ere! Orain Interneten begiratuko dut, argazkia aterata. Ez dakit zer lore den. Iaz ere hartu nuen. Hemen, etxean, ez daukat eguzki askorik, beraz, ez didate asko irauten. Baina irauten duen bitartean, ongietorria da!».Â
Danel Egigurenek eta Irati Olietek ere lehen aldia dute. «Etxean, gurasoengatik, beti izan ditugu loreak, baina guk ez dugu ideia handirik. Ikusi ditugu eta hartu dugu polita iruditu zaizkigunak», esan du Egigurenek. Orain pixka bat ikertu beharko dutela esan du Olietek, nola mantendu jakiteko. «Agian gero zaletu egingo gara, eta gehiago nahiko ditugu». Nahi duenak bihar Okendo plazan izango du gehiago lortzeko aukera. Bestela, udaberrian banatuko dituzte berriro.