Euskara irakastea zaila izan daiteke inguruak hizkuntza esposizioa delakoa bermatzen ez badu, hau da, eskolaz kanpo hizkuntza horretan aritzeko aukera nahikorik ez badago. Halako inguruetan daude eskola asko: Amurrioko (Araba) Aresketa ikastola, esate baterako. Bertakoak arduratu dira aurtengo Araba Euskaraz antolatzeaz, eta atzo ospatu zuten. Ikastolako zuzendari Itxaso Ugarte Ozaetak (Laudio, Araba, 1982) aitortu du lan gogorra dela, baina «benetan merezi izan» duela. Esker hitzak besterik ez du urte osoan lanean aritu diren boluntarioentzat, erakundeentzat eta instituzioentzat; baita jaialdian parte hartu eta, «beroari ihesi, itzalez itzal» ibili zirenentzat ere. Ekitaldiaren amaieran Trebiñuko Argantzun ikastolari eman zioten jaialdia antolatzeko lekukoa, eta, beraz, Ugartek eskua luzatu die.
Zer moduz joan zen atzoko Araba Euskaraz? Beroak arazorik eragin zizuen?
Aitortu behar dut beroak ez zuela batere lagundu. Bero itzela egin zuen, eta, horren ondorioz, etorritako batzuei tentsioa jaitsi zitzaien, baina ezer larririk ez. Itzaletan babestuta ondo ibili ginen. Eta ekaitza egin izan balu, horrek aurretik egindako lan guztia zapuztuko zukeen; beraz, hobe horrela. Bero handia alde batera utzita, oso-oso ondo joan zen. Oso positiboa izan zen, eta sentitzen dut lortu dugula komunitatea sendotzea.
Lau urte ziren jaialdia Gasteizko Olarizun ospatzen zela. Eta Aresketa ikastolaren hautua izan zen jaialdia ikastolaren beraren herrira itzultzea. Beharrezkoa ikusten zenuten?
Ikastolaren asanbladan erabaki zen hala egitea, gurasoen artean. Gure asanbladak hasieratik oso argi eduki zuen jaialdia Amurrion bertan egin behar zela. Ikastola duten Arabako herri txikietan beste indar bat dagoela sumatzen genuen. Amurrio Arabako herri handienetakoa da, eta erakutsi nahi genuen bageneukala indarra Araba Euskaraz jaialdiari hauspoa emateko.
Jaialdiaren aurretik argitaratutako elkarrizketan aipatu zenuen Amurrion, euskararen erabilera %4 izanik, halako jaialdi batek, hizkuntzari bultzada bat emateaz gain, arnasguneak eratzen dituela hiztunentzat. Iruditzen zaizu lortu zela hori gertatzea?
Erabat. Euskaraz badakien jendea badago herrian, baina ezagutza horretatik erabilerara jauzi handia dago: hor dago egungo erronkarik handiena. Ikastolok gustura egiten dugu lan euskararen normalizazioaren bidean, eta iruditzen zait horrelako jaialdiek ezinbesteko balioa dutela eginkizun horretan. Alde horretatik, lortu dugu nahi genuena, eta egindako lan guztiak merezi izan du. Kalean euskara entzuteko eta euskaraz disfrutatzeko. Orain, olatu horrek jarrai dezala.
Nola erantzun zuen jendeak?
Izugarria izan zen. Elkarteen, eragileen, instituzioen eta norbanakoen elkartasunak jaia modu borobilean ospatzen lagundu zuen. 2013tik ez genuen halakorik egiten herrian, eta makineria astuna da halako zerbait aurrera eramatea: esker hitzak besterik ez dut haientzat.
Aipatu duzu 2013tik ez zela Araba Euskaraz Amurrion egiten, eta horren aurretik beste hirutan ospatu zen. Horren ze transmisio jaso duzue? Izan da bilakaerarik?
Hori da, berez 2020an ere guri zegokigun jaialdia ospatzea, baina pandemia heldu zen, eta ezin izan genuen egin. Are gehiago, halako jaialdiak gizartearen isla dira, eta urte hori mugarria izan zen. Araba Euskaraz-ek jada ez du lehengo jende uholdea sortzen. Halere, ilusioa berbera da: itzela.
Aurtengo leloa Taupadak berpiztu izan da. Zeri egiten dio erreferentzia?
Batetik, gure komunitateari egiten dio erreferentzia. Gizartea garai nahasian baitago. Eta, bestetik, euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldeari ere egiten dio erreferentzia. Bata eta bestea ez doaz konpas berean, eta helburua erritmo berean joatea da. Horretarako beharrezkoa da euskal hiztun osoak sortzea.
Atzoko jaiak lagunduko al du horretan?
Euskal hiztun aktiboak sortzeko beharrezkoa da hezkuntza formaletik kanpora jauzi egitea, eta halako jaialdiekin lortzen da hori. Halakoetan gure barrenean murgiltzen baikara, norberaren emozioetan. Gure bidea hori da, eta horretan jarraituko dugu.
Eta Argantzun ikastolakoei eman zenioten lekukoa. Zer mezu helarazi nahi diezue?
Ez diet ukatuko Araba Euskaraz antolatzea erronka handia dela, zer esanik ez Trebiñuren testuinguru soziopolitikoan. Erronkari ilusio handiz heltzeko esango diet, guk egin dugun bezala, eta egingo duten lan guztiak merezi duela. Argi izan dezatela, lan handia bada ere, gu hor izango gaituztela.
lotsabako
Araba Euskaraz-en aldi kuttuna? Aurtengoa, eta 2000. urtean Laudion egin zena.
Aurtengo egitarauan gehien gozatu duzun ekintza?
EH Sukarraren kontzertua.