Egun beroa egokitu da aurtengo Araba Euskaraz-en jai handirako. Goizean goizetik milaka euskaltzale elkartu dira Amurrion, eta umore onez aurre egiten ari zaizkie 30 gradutik gorako tenperaturei.Â
Berpiztu taupadak lelopean antolatu dute aurten Arabako ikastolen aldeko jaia, euskararen biziberritzean alea jartzeko borondatearekin bat eginda. Arabako zortzi ikastolek txandaka hartu izan dute jaia antolatzeko ardura, eta aurtengoa Amurrioko Aresketa ikastolari egokitu zaio. Azken urteetan Gasteizko Olarizuko zelaietan egin ohi izan da Araba Euskaraz, baina aurten jaia Amurriora eramatea erabaki du Aresketa ikastolako batzarrak, herriak eta komunitateak euskararen aldeko giharra atera zezaten. Gustu guztietarako moduko eskaintza ondu dute.
Egitarau oparoa prestatu dute. Egun osoan ez dira falta izan musika, jolasak eta jan-edana. Hasierako ekitaldia 10:00etan izan da, ikastolan, eta hartan parte hartu dute Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak, Josu Barrenengoa Aresketa ikastolako presidenteak eta Unai Mendizabal Araba Euskaraz-eko presidenteak.
Ikusi gehiago
Pedrosak «euskal gizartea kohesionatzen duten loturak sendotzearen garrantzia» izan du hizpide, eta komunitate indartsu bat eraikitzeko beharraz ere jardun du, gaur egungo aldaketa sozialen eta aniztasunaren harira: «Gure erronka etorkizunera begiratzea eta aurrerantzean ere komunitate indartsu eta kohesionatua izatea da». Euskarak etorkizuna eraikitzeko duen garrantziaz ere hitz egin du.
Mendizabalek, berriz, gogorarazi du ikastolak sortu zirenetik aurrerapauso handiak eman direla herritarren euskalduntzean, baina gehitu du «erabileraren atzerakadari eta euskararen aurkako erasoei» erantzun bateratua emateko garaia dela oraingoa.
Hurrengoa, Trebiñun
Datorren urtean Trebiñun egingo dute Araba Euskaraz, eta Argantzun ikastolako ordezkariek gaur goizean jaso dute lekukoa. Bereziki nabarmendu dute ikastola horrek zer-nolako lana egiten duen haurrak eskaraz hezteko «euskara ofiziala ez den Arabako kuadrilla horretan», eta, horrekin batera, datorren urtean hara joateko deia egin dute.
Hasiera ekitaldiaren ostean abiatu da jaia, eta txistulariak eta elektrotxarangak hara-hona ibili dira hura girotzen. Lehen gunean, BERRIAren txokoa egon da, besteak beste, eta ikuskizunak eta kontzertuak ere izan dira, hala nola EH Sukarrarena eta Akerbeltzena.
Ikusi gehiago
Bigarren gunean, Pirritx eta Porrotx izan dira goizean, eta, besteak beste, Ganibet, Nafarroa 1512 eta Bad Sound ere aritu dira arratsaldean.
Hirugarren gunean, berriz, jolasez eta tailerrez gain, Yogurina Borovaren ikuskizuna izan da, besteak beste.