Harremanak sendotuz, zauriak sendatu. Gaur arratsaldean hasiko da Loturak festibala, Garaziko Gaga gaztetxeak (Nafarroa Beherea) eta Xofaldia produkzio etxeak antolatuta. Urte osoan gaztetxeak antolatzen dituen ekitaldietatik bat da. Hiru eguneko egitaraua prestatu dute Donibane Garazin eta Lasan (Nafarroa Beherea): kontzertuak, tailerrak, mendi ibilaldia... Etzi, larunbatean bukatuko dira jarduerak.
2022an egin zuten festibalaren lehen aldia. Urte hasieran, Leire Iribarne Olhagarai garaztarra zendu zen, auto istripu batean —gaztetxeko kidea eta Diabolo Kiwi taldeko kidea zen Iribarne—, eta, horren ondorioz, Iribarneren lagun eta hurbilekoek bere sorterria den Lasa alaitu nahi izan zuten, haren omenez. «Elkarrekin, elkar zainduz eta lagunduz, Leire oroitzea da ekitaldiaren xede nagusia». Loturak festibala musikaren bidez barneko minak artatzeko lekua izatea espero dute antolatzaileek.
Festibalaren lehen musika doinuak gaur 20:00etan izanen dira, Garaziko Gaga gaztetxean. Bordeleko (Frantzia) soul eta jazz estiloko Orphee taldea arituko da. Horren ondotik, 21:30ean, Paxkal Irigoienek maiatz hondarrean plazaratu zuen proiektu berriaren kontzertua izanen da: Xak. Pop-folk estiloko lana da.
Bloñen azkena
Biharko ekitaldiak Lasako gelan eta elizan izanen dira. 15:00etan, Tolosa (Okzitania) eta Garazi eskualdeko kantu trukaketa izanen da —larunbat goizean kantuak emateko aukera izanen da—. Denei irekia izanen da. 20:00etan, Garaziko Bloñ taldeak joko du herriko elizan. Birako azken kontzertua emanen dute, modu «intimistan», eta antolatzaileek iragarri dute «sorpresaz beterikoa» izango dela.
Gaualdiak Lasako gelan segituko du. Han afari beganoa prestatuko dute. 22:00etan Trouble Bordeleko dantza performancea taldea izanen da; bi dantzarik eta DJ batek osatzen dute taldea. Ondotik, Tolosako bi talde igoko dira oholtzara. Lehena Totun pop organiko estiloko taldea izanen da, 23:00etan. Bigarrena, 00:30ean, Terestesa rock-indie taldea izanen da.
Biharamun goizean, larunbatean, Munhoa mendiaren igatea izanen da (Nafarroa Beherea). Goizean, 09:30ean, elkartuko dira; kafea zerbitzatuko dute Lasako plazan. 10:00etan ibilaldi kantatua abiatuko da. «Ingurumenarekin bat eginez, bihotzarekin kantatzeak ez du hitzik. Guretako hain berezia den Munhoa mendia iganez, leku desberdinetan geldituko gara, libreki kantu batzuen emateko», adierazi dute antolatzaileek. Horrez gain, iragarri dute kaskora iristean Gagako kideek kantu emanaldi bat emanen dutela.
13:00etan, piknik partekatua izanen dute, mendian bertan. 16:00etan, herriko plazan, Serigrafia tailerra proposatuko dute: «Aurtengo Loturak festibaletik oroitzapen bat eramateko, etxetik ekarritako jantzi bat zuhaurek pertsonalizatzea proposatzen dizuegu». Ekitaldiak prezio librean izanen dira.
Festibalaren antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute edonor joan daitekeela jaialdira, «Leire Iribarne Olhagarai ezagutu ala ez».