'Love bombing'-a: gehiegizko maitasuna, kontrol bihurtuta

Maitasun harreman batean, hastapeneko lilura bikotekidea kontrolatzeko tresna bihur daiteke gerora. Pantailen bidez harremanak izateko joerak fenomeno hori handitu du. Harreman fisikoan oinarritu hezkuntzaren alde egiten dute adituek.

IRATI PELUAGA
IRATI PELUAGA
Xalbat Alzugaray
2026ko azaroaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zoragarria zara»; «zer berezia zaren»; «gauzak ikusteko manera biziki berezia duzu». Halakoak izan daitezke maitasun harreman baten hastapenean errezibitzen edo igortzen diren mezuak. Maitane Ormazabal psikologoaren irudiko, horrelakoak erratea ohikoa da harreman bat hasi berritan; baina, hortik gutira, gehiegizko mezuak, arreta eta opari andana hori maitalea kontrolatzeko tresna ere bihur daiteke, ohartarazi duenez. Horri love bombing (maitasun bonbardaketa) deitu dio psikologoak. «Maitasunak hasieran beti dauka gorakada polit bat, eta ederra da maitasuna adierazteko behar hori, baina, etengabea bihurtzen denean, love bombing fenomenoa gertatzen da»

Haren erranetan, «non zaude?, «norekin zaude?», «zergatik ez didazu berehala erantzun?» eta antzeko mezuak maitasun bonbardaketaren ezaugarri dira. Lorea Gurutxarri sexologoa bat dator Ormazabalen azalpenarekin, eta ontsa ezberdindu ditu maitasuna eta maitasun bonbardaketa: «Praktika horretan, harremana sortzen duzun pertsonaren erritmoa ez da errespetatzen: dena oso-oso azkar doa, eta oso bizia da».

Maitasunez norbait bonbardatzea ez da praktika berria. Frantziako Libération egunkariak gaiari buruz atera erreportajean, Robert Muchembled historialariak kontatu du Frantzisko I.a Frantziako erregeak maitaleei opariak egin eta egin ibiltzeko ohitura zuela, eta, horrekin batera, gazteluak ematen zizkiela. «Maitale anitz zituen, eta, haiei opari andana egiteaz gain, noblezia tituluak eta gazteluak eman ohi zizkien». 

«Maitasunak hasieran beti dauka gorakada polit bat, eta ederra da maitasuna adierazteko behar hori, baina, etengabea bihurtzen denean, 'love bombing'-a gertatzen da»

MAITANE ORMAZABAL Psikologoa

Dena den, Ormazabalek uste du azken urteetako harreman aplikazioek azkartu dutela love bombing-aren fenomenoa. Kontrol mekanismoak ez ditu teknologiak sortu, baina kontrolerako bertze aukera batzuk eskaini ditu, haren irudiko. Nerabeekin eta gazteekin egin tailerretan ikusten duenez, kontrolerako trikimailu ohikoa izaten da bikotekideak kokapena bidaltzea telefonoaren bidez. «Inkesta bidez ohartu naiz joera handia hartu dela, oro har, bikotekideen eta lagunen artean zuzeneko kokapena elkarri bidaltzeko».

Alta, haren ustez, maitasunak daukan gauzarik «handiena eta ederrena» da hasierako ziurgabetasunean bertzearen konfiantza mantentzea eta konfiantza sortuz joatea. «Egun ez daukagu ziurgabetasunerako tarterik, informazio pila-pila bat baitaukagu, eta informazio horiek kontrol tresna izan daitezke». Horrez gain, bikotekideari etengabe erantzun beharraren joera ere nabarmendu du Ormazabalek. Usu entzuten ditu halako erreakzioak: «'Whatsappeko mezua irakurri, eta erantzun gabe utzi duzu' edo 'ikusi dut duela gutxi konektatua zinela, eta ez didazu erantzun'».

Intimitatea urraturik

Psikologoak kontatu du mezuak ez ezik argazki asko ere igortzen dizkietela elkarri bikotekideek, eta uste du kasu horietan intimitaterako eskubidea urratzen dela. «Bestearen presentzia etengabe horrek zalantzan jartzen du geure intimitatea. Intimitatea izatea eskubide bat da eta, gainera, osasun mentalean oso garrantzitsua da, eta oso zaindua izan beharko luke».

Gurutxarrik, bertzalde, azpimarratu du love bombing-ak eragin franko izan ditzakeela autoestimuan eta ongizate emozionalean, hasieran «berezia» sentitu baina gerora norbera «deus ez» delako edo kontrolatua delako sentsazioa izateak ziurgabetasuna pizten baitu anitzetan. Baina, kontatu duenez, praktika hori ez da diagnostiko psikologiko bat, eta ezin da nahasmendu batekin lotu.

Horrez gain, bikotean mesfidantza giroa sor daitekeela ohartarazi du Ormazabalek. «Askotan uste dugu etengabean bikotekidearen kokapena izateagatik ez digula adarrik jarriko, baina ez da egia; askotan kontrakoa gertatzen da». Sare sozialetako algoritmoekin lotu du joera hori: «Sinetsarazten digute inoiz baino askeagoak garela harremanak sortzeko, baina, azkenean, ez da hala».

«Haurrekin ari bagara bakarrik, alferrik ari gara: helduek nolako eredua ematen duten aztertu behar litzateke, eta, beharra izanez gero, aldatu»

LOREA GURUTXARRI Sexologoa

Fenomenoari erreparatuz gero, generoaren parametroa ezin da bazterrean utzi. Ormazabalek erran duenez, love bombing-a egiten duten asko gizonezkoak dira, eta gizarteko egiturazko bortizkeriak sare sozialetan erreproduzitzen dira. «Maskulinitatearen igoera bat sumatzen dut, eta emakumea menpeko jartzeko joera argi bat markatzen du horrek. Ustez botere harreman horiek ezabatzen ari diren honetan, lan asko dago egiteko oraindik».

Uste du bortizkeria horren normalizatzea gurasoek eman hezkuntzaren ondorio izan daitekeela. «Gurasoek, hau da, txikitan haurren erreferentzia diren horiek seme-alaba nerabeen kokapena baldin badute etengabe, gazte horiek zergatik ez dute hori bera egingo ondotik maitaleekin? Maitasunaren izenean, hori egitea asko normalizatu da azkenaldian».

Heziketa digital «egokia»

Kontrol eta mendekotasun fenomeno horiei aurre egiteko, Ormazabali beharrezkoa iruditzen zaio nerabeei ez ezik gurasoei ere heziketa digital egokia ematea. Pertsonen arteko harremanak sortzeko orduan aldaketa soziologiko handiak gertatzen ari direnez, harremanetan oinarritu hezkuntza baten ideia planteatu du psikologoak. «Pantailaren bidez ez dugu bestearen alderdi emozionala sentitzen. Eskolan, leku handiagoa egin behar zaio gorputzari, eta izpiritu kritikoa landu behar genuke berriro, hitz egiteari eta eztabaidatzeari ekinez. Ahaztu egin zaigu bizitzako esperientziak bizitzea, eta horri bueltatxo bat eman beharko genioke».

Gurutxarrik, berriz, hezkuntza sexual integral baten falta sumatu du harremanak lantzeko tenorean, eta, gainera, ez da nerabeez bakarrik mintzatu. Helduak ez lirateke jokotik kanpo utzi behar, guraso gisa eredu baitira. «Haurrekin ari bagara bakarrik, alferrik ari gara: helduek nolako eredua ematen duten aztertu behar litzateke, eta, beharra izanez gero, aldatu».

Gainera, Gurutxarriren ustez, jokabide indibidualak ez ezik maitasunaren ezaugarri estrukturalak ere aztertu behar lirateke. «Edozeinek izan dezake horretarako joera, baina ezin ditugu alde batera utzi gizartean dauden genero rolek eta maitasun erromantikoaren kontzeptuak eragina dutela horretan. Eta, noski, gizon eta emakumeen sozializazio prozesuak aztertu eta berreraiki behar lirateke».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA