Magoa

Odei Domingo: «Magia bizirik dagoen arte bat da, eta eraldatuz doa etengabe»

Magia orokorreko Espainiako magia saria eskuratu du Odei Domingok. Uztailaren 13an eman zioten saria, eta adierazi du oso pozgarria dela magia sektoreak aitortza hori egitea.

Hodei magoa, ikuskizun batean. BERRIA
Hodei magoa, ikuskizun batean. BERRIA
Ane Etxandi.
Iruñea
2025eko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Magia profesionalean hamar urte bete dituenean jaso du Odei Domingok (Iruñea, 1996), Hodei magoak, magia orokorreko Espainiako magia saria. Domingok beti izan du argi magoa izan nahi zuela, eta, helburua lortuta, zorionekotzat dauka bere burua. Saria jaso ostean, adierazi du «oso polita eta pozgarria» dela magiaren sektoreak aitorpen hori egitea.

Nola hartu duzu saria?

Uztailaren 13an izan zen sariak banatzeko ekitaldia, Terrassan [Herrialde Katalanak]. Lehiaketa moduko bat izan zen, eta guk, noski, sari banaketa iritsi arte ez genekien nortzuk ziren sarituak. Magiako sari banaketetan ez dira sari guztiak ematen. Hau da, baliteke lehen eta bigarren sariturik ez egotea eta hirugarrena bai. Nik hirugarrena jaso nuen, eta bikaina izan zen. Ez nuen espero, eta oso polita da sektoreak aitortza hori egitea.

Espainiako sari gorena da, ezta?

Bai. Beste sari batzuk ere badaude, kategoriatan banatuta, baina kongresu nazionala da maila goreneko saria ematen duena. Hortik aurrera, Europako eta Munduko Txapelketak daude.

Hurrengo erronka Europako Txapelketan aritzea al da orduan?

Ez, ez; oraingoz, ez. Inoiz ez nuen buruan izan txapelketa horretara joatea. Orain dela urtebete sortu zitzaidan ideia. Ekintza berri bat sortu nuen, metodologia berri bat, eta pentsatu nuen magoak ere bazeukala harritzeko ahalmena. Magia orokorreko Espainiako sariketan parte hartzea aurkezpen moduko bat da magia sektoreak norbera ezagutzeko, eta zera pentsatu nuen, «zergatik ez?». Europako edo Munduko Txapelketan parte hartzeko ingelesez egin beharko genuke magia, eta zailagoa da hori. Baina etorkizunean, beste ideia batekin, zergatik ez?

Zer ikuskizunekin irabazi zenuen saria?

Hamar minutuko ekintza bat aurkezten du bakoitzak, eta joko bat eraman nuen nik. Etorkizunean beste ikuskizun bat izanen da, seguruenik. Baina, oraingoz, hor bakarrik ikusi ahal izan zen, eta hor geldituko da bolada batez.

«Oso interesgarria da ikusleengan harridura edo kuriositatea piztea; azken batean, hori zen erronka»

Nolakoa izan zen sorkuntza lana?

Iazko maiatzean hasi zen. Sevillan [Espainia] nengoen, eta haur jolas batetik sortu zen ideia. Hortik abiatuta, metodoa atera zen. Metodoa magiaren atzean dagoen prozesua da; pentsatzen da jendeak ez duela ikusi behar. Hilabete hauetan lau bertsio egin ditut, metodoa zehazteko eta zorrozteko. Erronka beti da jendeak metodo hori ez nabaritzea eta, oraingo honetan, magoak ere harritzea. Hori zailagoa izaten da, gu kutsatuta gaudelako. Publiko zabalarentzako ikuskizuna lortu nahi nuen, guztiak harrituko zituena. Hainbat erronka ziren, eta prozesua zaila eta luzea izan da. Baina azkenean amaiera polita izan du; beraz, merezi izan du.

Publikoak zer moduzko harrera egin zion zure emanaldiari?

Oso ongi hartu zuen. Galan hamalau mago aritu ginen jarraian. Publikoa ia hiru orduz egon zen magoei begira, eta azkenetako bat izan nintzen ni. Ni ateratzerako, publikoa lur jota zegoen ia-ia. Gerora kontatu zidaten hiru ordu horiek bukatzean gehienak nire ikuskizunari buruz hizketan aritu zirela. Oso interesgarria da ikusleengan harridura edo kuriositatea piztea; azken batean, hori zen erronka.

Noiztik duzu magiarako zaletasuna?

6 urterekin zaletu nintzen. Hotel batean izan zen: mago bat zegoen han, eta, boluntario bat behar zuenez, ni atera nintzen eszenatokira. Hortik aurrera, 11 urterekin edo, ikuskizunak egiten hasi nintzen; eskolako jantokian, Altsasuko [Nafarroa] auzo batean... Nire familia Altsasukoa da, eta haiek ere entzuten hasi ziren Sakanan bazegoela magia egiten zuen gazte bat. Herriz herri ibili nintzen gauza txikiak egiten. 18 urte bete nituenean, magiaren aldeko apustua egitea erabaki nuen, eta aurten hamar urte bete ditut magia profesionalean.

Magoaren ogibidea ez da oso ohikoa, eta horretatik bizitzea ere ez. Pribilegiatu sentitzen al zara?

Bai. Ez dut inoiz beste lan batekin tartekatu, zorionez. Jendeak uste baino gehiago gara ogibide honetan, baina egia da beste lan batzuekin alderatuta ez garela asko. Egun osoa igaro behar duzu magian pentsatzen, eta sortzailea izan beharra dago. Garrantzitsua da eguneratuta egotea. Magia bizirik dagoen arte bat da, eta eraldatuz doa etengabe.

Baduzu ikuskizunen batean gertatu eta konta daitekeen anekdotarik?

Bai, bai! Denetik gertatu zait. Azken lehiaketa horri dagokionez, adibidez, ustekabeko bat izan nuen. Hamar minututik pasatuz gero, deskalifikatu egiten zaituzte, eta, nik boluntario bat behar nuenez, antolakuntzakoei eskatu nien boluntarioa eszenatokian egoteko, denbora aurrezteko. Nire izena aurkeztu zutenean eta oholtzara igo nintzenean, ez zegoen boluntariorik. Zorionez, antzerki oihala ireki baino lehen konpondu ahal izan zuten arazo hori, baina zuzenekoetan halako gauzak gertatzen dira askotan. Prest egon behar da inprobisatzeko.

Irailean beste ikuskizun bat aurkeztuko duzu: 3 elementu.

Irailaren 2an estreinatuko dugu ikuskizun hori, Iruñeko Gaiarre antzokian. Ez da magia ikuskizun ohikoa. Jendea ez da etorriko magia ikustera, magia sentitzera baizik. Proiektu murgiltzaile bat da, oso jende gutxirentzat pentsatua; 35 pertsona besterik ez da sartuko saio bakoitzean. 30 minutuko ikuskizuna da, eta publikoa magoaren inguruan jarriko da. Gainera, magia ez du magoak soilik egingo: denek hartuko dute parte. Oso ikuskizun desberdina sortu dugu, jendea harrituko duena; ikuskizunetik gehienak eraldatuta aterako direla uste dugu.

LOTSABAKO

Gustatzen zaizun mago bat? 
Asko gustatzen zaizkit. Oraintxe, Lance Burton esango dut.

Magoen inguruko topiko bat?
Untxiarena, usoarena, kaparena... asko daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.