Magiaren arauekin margotzea

Getxo eremu fantastiko bihurtu da komiki azokaren bitartez: ilustrazioen koloreak ziztu bizian aldatzen dira, eta pertsonaia mitologikoek topo egiten dute erakusmahaietan.

Shaun Elay, gaur, Gorgonaren ilea negatiboan margotzen, Getxoko komiki azokan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Shaun Elay, gaur, Gorgonaren ilea negatiboan margotzen, Getxoko komiki azokan. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Getxo
2026ko urriaren 16a
17:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mihisearen erdi-erdian dago, eremu zuri zabal batez inguratuta. Hori da, momentuz, Shaun Elay Valentziako (Herrialde Katalanak) ilustratzaileak marrazkian pintatu duen zati bakarra. Koloreek gainezka egiten dute haren postuan Getxoko komiki azokan (Bizkaia), eta, halere, Gorgona zurbilaren buruko suge bakarti horrek erakartzen du arreta ezinbestean, identifikatzeko modukoak direlako haren keinu oldarkorra, haren aho zabal-zabala eta letagin zorrotz mehatxagarriak, baina estrainoak, kontrara, apaintzen duten tonuak. Azala ez da berdea, more urdinxka baizik; ahoa bada berdea, baina gorria izan beharko luke.

Artistak berehala argitu du misterioa: negatiboan ontzen ditu artelanak. Ez da argazki batetik abiatzen, eta figurak zuzenean mamitzen ditu euskarriaren gainean teknika tradizionalak erabiliz: akuarela, akrilikoa eta gouachea, nagusiki. «Hamabi urte daramatzat teknika hori egiten, egunero-egunero entseatuz. Koloreak buruz itzultzen ditut: urdin oso distiratsu bat lortu nahi badut, gorria erabili behar dut, edo marroirantz jotzen duen laranja, tonuaren arabera». Sakelakoaren kameran negatiboaren iragazia ipinita positibatzen dira irudiak. «Pieza ikus dezakezu, baina sakelakoaren bitartez begiratuta, haren beste dimentsio batean sartzen zara», azaldu du egileak.

«Koloreak buruz itzultzen ditut: urdin oso distiratsu bat lortu nahi badut, gorria erabili behar dut»

SHAUN ELAY Ilustratzailea

Erakustaldia egin du haren lankideak sakelakoa ipinita irudietako baten aurrean. Begien bistan, ematen du marrazkia bukatu gabe dagoela oraindik, figuraren uniformeak trazu berde eta more batzuk dituelako, baina baita zuriune andana bat ere. Iragaziak erabat aldatu du pieza, ordea: pantaila txikian tokia trukatu eta indarra irabazi dute moreak eta berdeak; eremu zuriak antzaldatu egin dira, eta distira metaliko dotore bihurtu.

Fantasiaren arauak dira, magiarenak: fenomeno harrigarriei bide ematea. Hain harrigarriak, ezen egilearentzat ere ezinezkoa izaten baita askotan emaitza aurreikustea. «Teoria oso erraza da, baina gero akuarelak nahastu egiten dira, eta espero ez dituzun koloreak agertzen dira».

Sorginen zaintza

Shaun Elayren postutik gertu, traumak samurtzeko ahalmena dauka magiak. Draco Somnium argitaletxeko Oihane Amantegi Escribanok errealismo magikoa erabili du Arantzak gabeko arrosa eleberri grafikoan sexu eraso bat kontatu eta salatzeko; Unai Gonzalez Martinezen marrazkiek jantzi dute istorioa. «Helburua da fantasiaren, psikologiaren eta feminismoaren bidez aurre egitea bizi izandakoari, modu holistiko batean azaltzea nola indartu geure burua horrelako zerbait bizi ostean», xehatu du Amantegik. Kapitulu bakoitza sendabelar errezeta batekin zarratu du, sorginen antzinako jakintzarekin lotzeko. Euskal mitologiak interesa pizten du, nabarmendu duenez. «Azken 20-30 urteetan, fantasia asko kontsumitu da, eta askok argi dute hemengo fantasiak balio handia duela».

Draco Somnium argitaletxearen postua. ARITZ LOIOLA / FOKU
Draco Somnium argitaletxearen postua. ARITZ LOIOLA / FOKU

Elkarren erakusmahaian ere antzeman daiteke ukitu magikorik han-hemen. Harkaitz Canoren eta Iñaki Holgadoren Amets alokatuak lana (Xabiroi) aipatu du Esti Iragorri saltzaileak adibide gisa. Gizon baten aurpegia desegiten ari da azalean, errealismo gordinez ondutako aleen artean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA