Baionako bestak. Michaella Clapisson. Txalaparta elkarteko kidea

«Maitasun guziak onartzen ditugu; maitasun beharra dugu»

Txalaparta elkartea jaietako erreferentzietako bat da LGTB komunitatearentzat. Clapissonek gogoz hartu ditu Baionako bestak. «Askatze bat» dira harentzat, «baina gehiegikeriarik gabe».

BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Les Bascos elkarteak atxikitzen duen Txalapartako kide izateaz gain, Baionako peñen elkarteko presidentea ere bada Michaela Clapisson (Saint Jean d'Angely, Frantzia, 1964). LGTB komunitatearen eskubideen aldeko elkartean antolatzen dituzten bestak aipatu ditu.

Bi urteko etena izan dute bestek.

Energia, esperantza eta poz handiarekin ikusten ditut aurtengoak. Bestak maite dituztenentzat bihozmin handia ere izan da, nolazpaiteko depresioa. Pentsatzen dut oreka zerbait atxikitzeko balio dutela bestek. Arazo handia ere izan da peña eta elkarte anitzentzat. Guk Txalapartan urte osoko jarduera dugu LGTBko kideen harrera eta elkartasunarekin, eta horretan segitu dugu. Bestaren ikuspegitik eta elkartearen barne biziari begira ere, on egiten du berriz besta giro goxo batean elkartzeak.

Zuretzat zer dira bestak?

Bada hogei bat urte bestetara heldu naizela; ez da anitz nire adinerako. Denboraz kanpoko bost egun dira, askatze bat, baina gehiegikeriarik gabe. Askatze bat bestearen errespetuan. Parentesi xarmatu bat da, egun guzian zehar bestearekin elkartu, eta elkarrekin momentu bat pasatzeko, ordua begiratu gabe.

Zein da zure egun tipikoa?

Uste dut egun bakoitzak eta ordu bakoitzak duela bere berezitasuna. Goiza gustatzen zait, momentu lasai hori, hiria pixkanaka iratzartzen ikustea, musikariekin, jendea iristen ikustea: magikoa da. Eguerdia, arratsaldea... dena da magikoa. Eta gauak normalean hemen pasatzen ditut. Beste auzoetako dentsitatetik aparte gaude; bake leku bat da.

Bestek badute gehiegikeriaren irudi hori.

Bakoitzak bere gisara egiten du besta. Ez da nire eredua. Kanpotik irudi hori atxikitzen da; batzuek, beharbada, ez dakitelako bestak egiten, leku egokietara joaten. Tokiko jendeak badu besten izpiritu hori, txikitatik jasotakoa, bestak zer diren, hemen eta Euskal Herrian.

Eraso sexisten kontra mobilizatuak zarete. Zein da egoera eta zer aurreikusi duzue?

Emazteen gorputza zerbitzu libreko ikustea, edozein izanik ere janzkera edo pertsonaren egoera, bukatu behar da. Pertsona batzuk mozkorrak egon daitezke, baina horrek ez du erran nahi gehiegikeria guziak onartu behar direnik. Uste dute belaunaldi berriek anitz erreakzionatzen dutela ustezko postura dominante maskulino horri lotutako jarrera eta gehiegikeriekiko.

Txalaparta aterpe bat da.

Aterpe bat LGTB komunitatearentzat, baina, orokorrean, eraso sexisten biktima izan daitezkeen pertsona guzientzat. Orain arte PAF mugimenduarekin elkarlanean aritu gara. Aurten, Baionako peñen elkartearekin Safe Toki kontzeptua garatu dugu. Label hori duten peña guziek zailtasunetan direnei aterpea eskainiko diete besta garaian.

Zer leku du LGTB komunitateak Baionako bestetan?

2014an Txalaparta ireki genuenean, gure parioa izan zen besten erdian izatea. Ez da ezberdintasunik, ez bada hemen leku babestuago batean gaudela garen bezala bizi ahal izateko, hertsadurarik gabe. Hori da Txalapartaren berezitasuna.

Zer aurki daiteke Txalapartan besten garaian?

Animazio andana antolatzen dugu bost egunetan. Asteazkenean eta atzo Bruno Sandro doble musikala aritu zen, ostegunean karaokea egin genuen, eta ostiralean Conchota Baiona artista aritu zen.

Gaur flashmob-a duzue

Harrotasun martxan egin genuen flashmob bera da; beraz, jende anitzek ezagutzen du. Dantzatu eta maitatu nahi duzuna izena du; militantea eta besta girokoa izanen da. Maitasun guziak onartzen ditugu; maitasun beharra dugu, elkarrekin egoteko eta mintzatzeko beharra dugu. Besta egitea kohesio hori berreskuratzeko aukera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.