Bonberenea txarangaren doinuz bete da Bonbereneko kontzertu gela, dozenaka haur eta guraso haien instrumentuei begira zur eta lur daudela. Musikariak oholtzara igo dira segidan, eta pantailari begira jarri dira orduan. «Bonbereneak maite zaituzte», horixe dago letra larriz idatzita, eta bihotz bat ari da taupaka. Abestia bukatzerako, atera dira kamerinotik protagonistak: Pirritx, Porrotx eta Marimotots, eta haien koloretako irriak.
«Zuekin maitasuna partekatzera etorri gara. Gaur Bonbereneak maite zaituzte diskoa aurkeztuko dugu. Kantuz eta dantzaz elkarri ‘maite zaitut’ esango diogu. Prest al zaudete?», esan diete pailazoek. Disko bikoitz bat da, Bonberenearen ekimenez sortua, eta Euskal Herriko hogei musika taldek parte hartu dute haren grabaketan: pailazoen abestien bertsio bana jaso dute bertan. Hogei talde, hogei abesti, eta maitasun amaigabea.
Duela hamar urte inguru bururatu zitzaien disko bikoitza sortzea, Patxi Muñoa Bonbereneko kideak kontatu duenez: «Gure estudioan bilduma asko grabatu ditugu, eta pailazoekin harreman estua izan dugu beti. Pentsatu genuen Euskal Herrian bertsioen disko bat falta bazen Pirritx, Porrotx eta Marimototsena falta zela».

Izan ere, pailazoek hiru disko grabatu dituzte Bonbereneko lagunekin, eta bi proiektu ere aurkeztu dituzte bertan. Etxe sentitzen dute Bonberenea, musikariek bezalaxe. Horren erakusgarri da zenbat baiezko jaso dituzten abestien bertsioak grabatzeko: «Gurekin loturaren bat duten musikariek parte hartu dute, eta berehala eman ziguten baietza. Batzuek kanpoan geratu behar izan dute, biragatik edo grabaketen epeengatik». Rodeok, Arimak, Ekizak, Mursegok, Zea Maysek, Gorka Urbizuk eta beste hainbatek parte hartu dute diskoan.
Zapotxin pailazoa lagun hartuta, haien estiloan egin dute pailazoek aurkezpena: kantuan eta dantzan. Ostirala iritsi da abestu dute, eta Ezpalak taldeari egin diote harrera oholtzan. Haien diskoko Berandu abestia jo dute aurrena, eta Josu Txapartegi Txapas-ek sortutako Ostirala iritsi da abestiaren bertsioa gero. Taldeak bere estilora eraman du pailazoen abestia, baina haurrek berdin-berdin ezagutu dute, eta haiekin batera kantatu: «Astelehenean berriz ere bilduko gara ikastolan...».
Zea Mayseko Aiora Renteria eta Piti ere igo dira oholtzara. Belekoi andrea grabatu dute diskorako. Baina prestatzeko denborarik eduki ez dutenez, haien uztako abestiak jo dituzte aurkezpenean. Negua joan da ta, eta Egarria haien disko berriko Zuekin bada. Abestiaren hitzak ere bat datoz pailazoei helarazi dieten mezuarekin: «Zuekin bada, edonora».
Renteriaren hitzetan, ez zuten bi aldiz pentsatu proposamena iritsi zitzaienean. «Nik hiru aldiz kantatu dut haiekin. Kristoren lan polita egiten dute, eta asko maite ditugu». Bonbereneko lagunei oso lotuta egon da taldea, Pitik azaldu duenez: «Guk Morfina eta Era hemen grabatu genituen. Lan handia egin dute, kontzertuak antolatzen, autogestioan... Horren alde egin dugu beti».
Pailazoen esker ona
Musikariak oholtzatik jaitsi direnean, umorez jarraitu dute pailazoek: «Eta orain guk abestu behar dugu...». Inor ez da kexatu, ordea: Epoitaitaie, Ran Robe Ran, Behin betiko, Xalala riki riki... Ez dago horiek abesteko aproposa ez den momenturik. Joseba Poncek ondutako zortzi minutuko bideo pilula bat ere jarri dute: musikariak pailazoz jantzita ageri dira bertan, eta hogei segundoz entzun da bertsioetako bakoitza. Txalo zaparrada jaso du amaieran.
Musika da pailazoen ardatzetako bat, eta, hortaz, pailazoek pozez hartu zuten Bonberenekoen proposamena. «Sinestea ere ez da erraza», esan du Aiora Zulaika Pirritx-ek. «Abesti bat egitea izugarrizko lana da; ba, pentsa, hogei abesti egitea...». Izan ere, Xabi Zabalaren alboan beren estilo propioa sortu dute pailazoek urte hauetan guztietan, eta orain musikariek egin duten lana goraipatu du: «Ederra da zer nortasunez egin duten ikustea».
«Gurekin loturaren bat duten musikariek parte hartu dute, eta berehala eman ziguten baietza»
PATXI MUÑOA Bonbereneko kidea
Berrogeita hamar bat kantu aukeratu zituzten pailazoek, eta, ondoren, Bonberenekoen eta musikarien lana izan zen horien artean aukeratzea. «Gure zigilua elkartasuna izan da beti. Transmisioa, elkartasuna eta bizikidetza aldarrikatzen ditugu, eta beti izan gara gaztetxeen aldekoak, auzolanean, haurrek eta gazteek kulturaz gozatzeko lekuak izan ditzaten», gehitu du Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek. Oholtza txiki utzi dute parte hartzaile guztiek, talde argazkia ateratzeko. Txaranga doinuz lagunduta egin dute oholtzaperako bidea ere. Ereindako guztiaren trukea jaso dute gaur, musika forman: «maite zaitut», hogei bertsiotan