Maltaren eta lupuluaren araberakoa da «etikoki» ekoitzi gustua

Sasiko garagardoak ekoizten ditu Eñaut Elosegik. Garagardo horia, xuria, IPA eta beltza ekoizteko, lekuko malta eta lupulua erabiltzen ditu. Herriko Garagardoa sor-markan du ekoizpena, eta Lurraman aurkeztuko dute produktu sorta.

Sasiko garagardoak, Aiherran, urriaren 4an. FRANCOIS BERLAND
Sasiko garagardoak, Aiherran, urriaren 4an. FRANCOIS BERLAND
Xalbat Alzugaray
2025eko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ura, malta, lupulua eta altxagarriak. Osagai horiek baizik ez ditu behar garagardoak. Ostatuetan gehien kontsumitzen den edariaren oinarria «sinplea» da, Eñaut Elosegi Sasiko markako garagardoen egilearentzat. Aiherrako (Nafarroa Beherea) Antonenea auzoan ekoizten ditu saltzen dituen bortz garagardo motak: horia, xuria, gorrasta, beltza eta IPA. Garaje xume bat da Elosegiren tailerra: gibelean, nahasketarako bi tupina, hartzidurarako bi dupa eta garagardoak paketatzeko tresnak ditu, eta sarreran, berriz, kartoiak, koloretako etiketak eta botila ttipiak, garagardoaren ekoizpena gibeletik hasi eta aitzinean buka dadin, eta, bide hori eginik, garajetik atera.

Eguzkia apaldu ahala kontatu du garagardoak zer-nolako pasioa pizten dion. Kimikari sena du Elosegik, eta atzemana du garagardoa fabrikatzeko formula egokia. Lehenik, malta xehatu ondoan, «azukreak» kendu behar zaizkio, kontatu duenez. Hori egiteko, lehen tupinan malta urean utzi behar da, eta, ondotik, filtratu. Lehen tupinatik bigarrenera pasatzen da muztioa —filtrotik ateratakoa—, eta lupuluarekin irakinarazten. «Muztioak lortzen du lupulu horien molekula bat bereganatzea, eta horrek ematen dio gustua garagardoari».

Irakin ondotik hartzitze fasera iragateko, Elosegik makina batean hozten du likidoa, gero dupan sartu, eta garagardoak hiru aste pasatuko ditu hor, karbono dioxidoa kanporatu artio. Azken hartzidura, berriz, botiletan gauzatzen da. «Azukre pixka batekin sartzen dut garagardoa botiletan, eta bi astez utzi, azken hartzidura gerta dadin».

Nolako malta, halako edaria

Malta, lupulu eta altxagarri kantitatek ere eragiten diote garagardoaren nolakotasunari. Malta txigortua bada, garagardo beltza aterako da, eta ahoan txokolate edo kafe zaporeak gailenduko zaizkio dastatzen duenari. IPA motako garagardoa nahi bada, berriz, lupulu «anitz» beharko da, zapore kiratsa lortzeko. Horretarako dry hop teknika erabiltzen du. «Lupulua gehitzen diot hartzitzean, eta horrek ematen dio IPA garagardoari hain berezia duen zaporea».

(ID_17622655910925) Sasiko garagardoak
Garagardoa ekoizteko dupak, Aiherran, urriaren 4an. FRANCOIS BERLAND

Bertzalde, garagardo xuriari yuzuaren gustua ematen dio. Japoniako limoi mota bat da yuzua, eta, hura sartu baino lehen, Elosegik laranja azalekin ematen zion gustua garagardoari, baina lagun batek aholkaturik hasi zen limoi garagardoetan sartzen, nahiz eta lortzeko zaila izan. «Yuzua sukaldari guztiek nahi dute, eta biziki kario da, baina eni Aiherrako lagun batek saltzen dizkit, eta garagardoari irakite fasearen bukaeran gehitzen dizkiot».

Elosegiri ez du uste garagardoari gustua ematea biziki lan zientifikoa denik: yuzua zuritu eta hainbat maneraz entseatu baita edariari gustu azkarra ematen, probak eginez. Preseski, garagardoa eginez ikasten dela nabarmendu du, baina, halere, harentzat bada funtsezko pauso bat ekoizpenean: tokiko lehengaiak erabiltzea. Horiek horrela, Herriko Garagardoa sor-markaren parte da Elosegi, eta hala Bidarraiko (Nafarroa Beherea) nola Azkoitiko (Gipuzkoa) lupulua baliatzen du.

Herriko Garagardoa Lurraman

Herriko Garagardoa urriaren 22an aurkeztu zuten. Ipar Euskal Herrian ez zen  bertako garagardoak ekoizteko maltategirik, baina Donamartirin (Nafarroa Beherea) bat eraiki dutenez gero, Herriko Garagardoa sor-markan dauden garagardogileek parada dute hango malta erabiltzeko. Alde horretatik, Elosegiren garagardoak Ipar Euskal Herrian ekoitzitakoen zerrendan dira, eta bertze garagardogileenekin batera aurkeztuko ditu gaur, Lurraman. «Aukera bikaina da, ideologikoki eta etikoki ene proiektua arras sartzen baita Herriko Garagardoaren desmartxan, eta xantza dut Lurraman ene garagardoak aurkezteko parada izanik».

Haren erranetan, bertako garagardoek kontsumitzaileei onurak baizik ez dizkie ekarriko, eta zehaztu du halako marka batekin aritzea «berme» bat dela. Gainera, 2026tik goiti saila ziurtatua izanen denez, kontrolatzaile independente batek segurtatuko du urrats guziak ontsa errespetatuak direla. Uste du kontsumitzaileari begira «inportantea» dela halako desmartxa bat izatea. Bide beretik, baldintza kaier bat errespetatuz, laborantza herrikoiaren alde eginen da sor-markaren barnean; hala, Elosegiri inportantea zaio Ipar Euskal Herrian ekoitziak diren eta laborantza herrikoian eginak diren produktuak «balioztatzea», eta argi du Herriko Garagardoa markarekin horretarako parada ukanen dutela.

Lurraman orotariko garagardoak eta hainbat garagardogile ezagutzeko parada izanen da. Nahiz eta Elosegik «urrundik ere» garagardo horia saltzen duen gehienik, gorrasta, IPA eta beltza ere izanen ditu salgai; preseski, gehitu d u negura buruz garagardo beltza «ezin egokiagoa» iruditzen zaiola. «Igande arratsaldeko garagardoa da beltza, supazterrean eta poliki-poliki edateko egina baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.