Marrazkiek sendatzen dituzten zauriak

Sarritan, gaixotasun bat edo diagnostikoren bat dutenek komikiak, binetak, ilustrazioak eta infografiak egiten dituzte beren bizipenak kontatzeko, eta mediku kontsultetan erabiltzen dituzte lan horiek. Medikuntza grafikoa deitzen zaio horri.

IRATI PELUAGA
IRATI PELUAGA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko irailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ama, arraroa naizela uste duzu?», galdetu zion Oihan Iriarte Eletxigerrak 3 urte zituela bere amari. «Nork esan dizu hori?», erantzun zion amak, pentsatuz norbaitek esan ziola, baina Iriartek berak bere buruari egiten zion galdera zen. 3 urterekin diagnostikatu zioten autismoa, eta, hasieran gurasoek kontatu nahi izan ez zioten arren, berak bazekien zerbait gertatzen zitzaiola. «Nik nabaritzen nuen beste umeekin harremana izateko eta jolasteko nuen modua ez zela berdina. Arraro sentitzen nintzen», gogoratu du. Dena den, jakin badaki ez dela arraroa, eta kontatu du lasaigarria izan zela autismoa zeukala jakitea, gertatzen zitzaizkion zenbait gauzari «izena jarri» baitzien.

Sormen eta Diseinu Gradua ikasi zuen Iriartek, Leioan (Bizkaia), eta Gradu Amaierako Lanerako ideia bat proposatu zion irakasleari: autismoari buruzko liburu bat egitea, ilustrazioekin eta testu gutxi batzuekin. Hasieran, izaten dituen krisialdiak soilik islatu nahi zituen, zuri-beltzean: «Estimulu askoren ondorioz, izugarrizko estresaren ondorioz edota horren guztiaren pilaketaren ondorioz gertatzen dira krisiak. Hau da, nire burua gizartean moldatzera behartzen dudanean izaten ditut krisialdiak». Baina irakaslearekin hitz egin ostean, autismoaren gaineko azalpenak ere txertatzea erabaki zuen, «testuingurua ere beharrezkoa baita». Eta hala sortu zuen Autismoa eta biok (Txalaparta), autismoa pertsona neurotipikoei azaltzeko xedez.

Oihan Iriarte Eletxigerraren 'Autismo eta biok' liburua. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Oihan Iriarte Eletxigerraren Autismoa eta biok liburua. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Konturatu gabe, baina, beste bide bat hartu du liburuak: autismoa dutenak identifikatuta sentitu dira Iriarteren pasarteekin, eta zenbait psikologok eta eskolak bere liburua erabili dute pazienteekin eta ikasleekin autismoa lantzeko. Iriarteren helburua hori izan ez arren, uste baino ohikoagoa da zenbait lanek bide hori hartzea. Are, izen bat ere badu gertakari horrek: medikuntza grafikoa. Baina zer da, zehazki? «Medikuntza grafikoa da binetak, komikiak, ilustrazioak eta infografiak medikuntzan erabiltzea komunikatzeko tresna gisa», azaldu du Monica Lalanda mediku eta binetagileak. Ian Williams mediku eta komikigileak sortu zuen 2007an —graphic medicine da jatorrizko izena—, eta, hasieran inork gutxik ezagutzen zuen arren, gero eta indar handiagoa hartzen joan da medikuntzan.

Onurak han-hemenka

Gehienetan, gaixotasunen bat edo diagnostikoren bat dutenek egiten dituzte halako komiki, bineta edo ilustrazioak, baina baita gertutik bizi izan dutenek ere. Eta lan horiek hainbat eta hainbat onura izan ditzakete pertsonengan. Horietako batzuk zerrendatu ditu Lalandak: «Alde batetik, pazienteari laguntzeko balio du. Imajinatu gaixotasun bat diagnostikatu berri dizutela; bada, izugarrizko laguntza da zure gaixotasun bera duen edo izan duen batek idatzitako komiki bat irakurri ahal izatea». Adierazi du, funtsean, elkarteek duten funtzio bera dutela komikiek, «prozesuan zehar alboan egotea», alegia.

Bestetik, lan horiek informazioa ere ematen dute, «oinarrizkoa», mediku eta binetagilearen iritziz. «Medikuak batzuetan galdu egiten gara azalpen konplexuak emateko orduan. Ez ditugu oinarrizko gauzak azaltzen, eta horixe jakin nahi izaten dute pazienteek». Horregatik, hain justu, iritzi dio medikuentzat ere lagungarriak izaten direla komiki, bineta, ilustrazio eta infografia horiek, pazientearen begiradatik gaixotasunaz ikasten baitute. «Askotan, gainera, kritikatu egiten gaituzte, edota ulertzeko zailak diren pertsonaia gisa irudikatzen gaituzte, gure helburua balitz bezala pazienteek gu ez ulertzea». Dena den, ez dio kontra egin nahi izan irudikapen horri. Are, interesgarria iruditzen zaio modu horretan agertzea halako lanetan, eta iruditzen zaio «tresna baliagarriak» izan daitezkeela trebatzen ari diren medikuentzat.

Medikuntza grafikoak, gainera, pazientea jartzen du erdigunean, eta «oso garrantzitsutzat» jo du hori Lalandak: «Medikuntza geroz eta zentratuago dago arlo zientifikoan, eta askotan ahaztu egiten zaigu zer dugun aurrean. Sufritzen ari den norbait da, beldurtuta dagoena eta zaurgarri sentitzen dena». Hortaz, harentzat funtsezkoa da etorkizuneko medikuei erakustea pazienteek nola bizitzen dituzten gaixotasunak eta zenbait diagnostiko. «Nire ametsa da egunen batean, Medikuntzako Graduan ikasleei azaltzen zaienean zer den prostatako minbizia, komiki bat ere erakustea, non minbizi hori pairatzen duen norbaiten istorioa kontatzen den».

Marrazkiek adieraz dezaketena

Baina medikuntza grafikoa ez da baliagarria medikuentzat eta beste pazienteentzat soilik, nobela grafikoak sortzen dituztenentzat ere bada, batzuentzat terapeutikoa izateraino. Hala da Iriarterentzat ere, marrazteak «betidanik» lagundu izan baitio: «Niretzat terapeutikoa da marrazketa, zalantzarik gabe. Marrazkien bidez adierazten dut neure burua. Batzuek idazketaren bitartez egiten dute hori, baina nik marrazketaren bitartez». Estresatuta, triste, nekatuta edota pozik egon, Iriartek marraztu egiten du. Horregatik, ez zaio asko kostatu Autismoa eta biok egitea: «Betidanik azaldu nahi izan ditudan gauzak azaldu ditut liburuan, eta hori azaleratzea eta besteei erakustea askatzailea izan da».

«Betidanik azaldu nahi izan ditudan gauzak azaldu ditut liburuan, eta hori azaleratzea eta besteei erakustea askatzailea izan da»

OIHAN IRIARTE ELETXIGERRA Marrazkilaria

Hala ere, aitortu du marrazten hasi aurretik zenbait galdera izan zituela buruan bueltaka. «Nola azaldu dezaket hau besteek ulertzeko moduan? Nola egin dezaket gehiegi ez orokortzeko?». Krisialdiaren atala egin zitzaion ilustratzeko zailena, «abstraktua eta pertsonala» baita. Horregatik erabaki zuen zuri-beltzean marraztea: «Krisialdi bat pertsona autista batek bizi dezakeen momenturik gogorrenetarikoa da. Dena beltz ikusten dut halakoetan». Gainontzeko atalak, berriz, koloretsuak dira, eta Hylics izeneko bideojokoak izandako eragina aipatu du —bideojoko hori zuen gustuko komikia egiten ari zen garaian—. «Uste dut nire bizitza islatzeko modua ona izan dela, nahiz eta beti ez izan hain koloretsua».

Lalandak, berriz, 25 urte igaro ditu larrialdietan lanean, eta, betidanik marraztu izan duen arren, duela hamar urte erabaki zuen marrazkigintzan profesionalki murgiltzea. Mediku izateak marrazkigintzan nola lagundu dion kontatu du: «Lehen, asma zuen paziente bat larrialdietara etortzen zenean, artatu egiten nuen, baina orain gai naiz asma duten hainbat pazienteri laguntzeko. Artatu baino gehiago, lagundu». Haren infografien bitartez lagunduko dituen paziente horiek guztiak ez ditu inoiz ikusiko, eta horrek ikuspegia aldatu dio.

Egiten dituen infografiak eta material guztia bere lankideei ematen dizkie, haiek beren kontsultan erabil ditzaten.

Komikiak lasaigarri gisa

Autismoa eta biok eskolaren batean erabili dutelako zurrumurrua heldu zitzaion behin Iriarteri, eta haren psikologoak ere beste paziente batzuekin praktikan jarri du. Albisteak ezustean harrapatu zuen, baina «izugarrizko poza» hartu zuen aldi berean. «Irakasteko beste modu bat da, eta haurtzaroan horrelako erreferenteak edukitzeak asko laguntzen duela uste dut». Lalandak, bestalde, medikuntza grafikoaren alderdi bat nabarmendu du: «Medikuntza grafikoak aukera ematen du gai zail batzuen inguruan modu atsegin batean hitz egiteko». Eta horregatik marrazten ditu infografiak, irakurtzeko ere «entretenigarria» baita.

«Medikuntza grafikoak aukera ematen du gai zail batzuen inguruan modu atsegin batean hitz egiteko»

MONICA LALANDA Medikua eta binetagilea

Iriarteren ustez, eskoletan eta psikologoarenean nobela grafikoak erabiltzeaz gain, mediku kontsultetan ere liburuak gomendatzea lagungarria izan daiteke: «Ez da gauza bera gaixotasunaren xehetasunak mediku baten ahotik jasotzea eta gaixotasuna izan duen baten ahotik. Hori baliagarria da ez medikuntzako terminoak hobeto ulertzeko, baizik eta argiago ikusteko zein den gaixotasunaren errealitatea, esperientzia pertsonaletik abiatzen denez gero». Gehitu du batzuetan medikuntzako zenbait terminok «beldur pixka bat» ematen dutela hasieran; horregatik uste du jendearentzat «lasaigarria» izan daitekeela liburuaren bitartez izatea diagnostikoaren xehetasunen berri.

Lalanda ere bat dator Iriarterekin, baina medikuek «kontu handiz» ibili behar dutela azpimarratu du. «Askotan galdetu izan didate: ‘Uste duzu ongi egongo litzatekeela nobela grafikoak pazienteei errezetatzea?’. Nik baietz esaten diet, baina bi baldintzarekin: alde batetik, errezetatu aurretik nobela hori oso ondo ezagutu behar du medikuak; bestetik, oso ondo ezagutu behar du pazientea». Izan ere, ohartarazi du nobela grafikoek paziente jakin batzuen bizipenak biltzen dituztela eta, ondorioz, batzuetan «min» egin dezaketela, baita «beldurtu edota informazio okerra eman» ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA