Martin Dominguez: itzaletik argitara

Arkitektoaren atzera begirako erakusketa egin dute Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitza berrian, Tabakaleran. Donostian jaio zen, baina Madrilen, Habanan eta New Yorken aritu zen lanean, tartean bi erbestealdi jasanda.

Martin Dominguezen argazkia, AEBetan sartzeko eman zioten baimenaren agirian. JON URBE / FOKU
Martin Dominguezen argazkia, AEBetan sartzeko eman zioten baimenaren agirian. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2026ko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskal Herrian oso gutxi dakigu Martin Dominguezi buruz, nahiz eta punta-puntako arkitektoa zen», uste du Jose Angel Medinak, EAI Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendariak. «Arkitekturan gehienetan kolaborazioak egiten direnez, izen batzuk ahaztu egin ohi dira, askotan nahita. Bi aldiz ahaztu zuten haren izena», segitu du Medinak, Donostian 1897an jaio eta New Yorken 1970ean hil zen arkitektoaz. «Madrilgo Zarzuelako hipodromoko proiektuan, haren izena askotan ez da agertu ere egiten gerraosteko hainbat liburutan; Eduardo Torroja ingeniaria bakarrik agertzen da. A zer kasualitatea...». Izan ere, Dominguezek 36ko gerran Kubara ihes egin zuen, eta Torroja Madrilen geratu zen; Francisco Franco diktadoreak markes egin zuen gerora, ingeniaritzan egindako lanengatik. «Kuban 28 urte pasatu zituen, eta ez zioten titulua homologatu; ondorioz, hango arkitekto batzuekin egin zuen lan. Iraultzaren ostean, askotan haren izena agertu ere ez zen egiten». Izan ere, AEBetara joan zen Kubako iraultzaren ostean.

Dominguez ezkutuan geratu izanaren atzean arrazoi politikoak daude, baina baita biografikoak ere, arkitektura ikastera Madrilera joan zenetik apenas itzuli zelako Euskal Herrira. «Hona ez zen asko etortzen, ez zuelako Donostia zapaldu nahi Franco bizi zen bitartean. Donostian familia zuenez, Donibane Lohizunen eta Miarritzen elkartzen ziren, eta handik itsasontziz Kontxako badiara sartzen zen, negar pixka bat egin, eta buelta ematen zuen». New Yorken zendu zen arren, sorterrian dago haren gorpua, Polloeko hilerrian.

«Arkitekturan gehienetan kolaborazioak egiten direnez, izen batzuk ahaztu egin ohi dira, askotan nahita. Bi aldiz ahaztu zuten haren izena»

JOSE ANGEL MEDINA EAIko zuzendaria

Eta handik oso hurbil, Tabakaleran, orain arte itzalean egon den arkitekto donostiarra argitara eman du EAIk. Hainbat aldiz etxez aldatu zen arkitekto baten atzera begirakoa egitea «oso aproposa» izan da institutuaren etxe berria estreinatzeko. Izan ere, berriki utzi dute Santa Teresa komentuan zuten egoitza, eta Tabakaleran ireki dituzte ateak. «Edozein etxe aldaketa gogorra da. Santa Teresa komentuan zortzi urte egin ditugu, eta arkitektura aldetik oso samurra da, xarma izugarria dauka, baina museografia eta instalazio aldetik, leku hau askoz hobea da. Tabakalerak beste tradizio bat du, gauzak komunikatzeko orduan ere bai, eta pozik gaude, uste dugulako aldaketa honek guri ere mesede egingo digula».

Areto handi bat atondu dute Martin Domínguez. San Sebastián. Madrid. La Habana. New York erakusketarako: askotariko argazkiak, maketak, testuak, gutunak eta kartelak daude ikusgai, garaika eta lekuka antolatuta. Izan ere, kronologikoki eratu dute erakusketako ibilbidea, bisitariak Dominguezen ibilerak Donostiatik Madrilera segitu ditzan, Madrildik Habanara, eta Habanatik New Yorkera. Gainera, jada New Yorken, Habanan eta Madrilen egondako erakusketa zikloa biribildu dute Donostian, arkitektoa etxera ekarrita; haren seme Martin Dominguez Ruz arkitektoa eta ICO fundazioko Pablo Rabasco dira komisarioak.

Donostiako semea

Medinak zuri-beltzeko argazki batean jarri du soa: «Begira: hau Martin Dominguezen aita da, eta beste hau Alfontso XIII.a Espainiako erregea; Lasarteko hipodromoa eraikitzeko obrak bisitatzen ari dira». Donostiako familia burges batean jaio zen Dominguez; haren aitona kasinoko zuzendaria izan zen, eta hainbat proiektu bultzatu zituen: Maria Cristina hotela, Victoria Eugenia antzokia, Igeldoko funikularra, eta Kontxako pasealekua sendotzea. Lasarteko hipodromoaren sorreran ere parte hartze esanguratsua izan zuten arkitektoaren aitonak eta aitak. «Donostiarren bizimoduan oso sartuta zeuden».

Horregatik, aurreikus daiteke Dominguezek ez zuela lan handirik izango Donostian arkitekto gisa ibilbide oparoa jorratzeko, baina, arkitektura ikasketak Madrilen egin ostean, bertan geratzea erabaki zuen —kasu: bi eraikin egin zituen Grosen, eta hiru etxe Txominenean—.

Zergatik geratu zen Madrilen? Akaso, Ikasleen Erresidentzian bete-betean engaiatua zegoelako. Francisco Giner de los Rios pedagogoak sortutako Irakaskuntzako Erakunde Librearen ideia berritzaileei segituta, modernizazio zientifiko eta pedagogikoa bultzatu zuen erresidentzia horrek, eta 1920ko eta 1930eko hamarkadetan Madrilen borborka zebilen kultur giroaren erdigune bihurtu zen; bertan ibili ziren Federico Garcia Lorca poeta, Luis Buñuel zinemagilea eta Salvador Dali margolaria, adibidez.

«Ikasleen Erresidentziako mundu horrek elite hori guztia biltzen zuen, baina herri kulturatik zetorkion guztia hartu nahi zuen»

JOSE ANGEL MEDINA EAIko zuzendaria

Eta Dominguez ere bai. Gerora eredutzat jo izan den Casa de las Flores eraikinean bizi izan zen Dominguez garai hartan; hain zuzen, etxe hura eraiki zuen arkitekto bilbotarrarekin, Secundino Zuazorekin, kolaboratu zuen giro hartan, nahiz eta bulegoa Carlos Arniches arkitektoarekin ireki zuen. «Proiektu txiki asko» egin zituen ikasketak bukatu berritan, Medinak azaldu duenez: «Palace hoteleko taberna, adibidez. Arkitektura nahiko bitxia dauka, herri tradiziotik datozen ezaugarriak dituelako eta, era berean, oso modernoa delako: surrealismo kutsu bat ere badauka. Ikasleen Erresidentziako mundu horrek elite hori guztia biltzen zuen, baina herri kulturatik zetorkion guztia hartu nahi zuen».

Zarzuelako hipodromoaren maketa, EAIren Tabakalerako egoitzan. JON URBE / FOKU
Zarzuelako hipodromoaren maketa, EAIren Tabakalerako egoitzan. JON URBE / FOKU

Herri arkitekturaren eta modernitatearen arteko uztarketak ardaztu zuen Dominguezen lana Madrilgo aldian, eta horren arabera egin zituen zenbait aterpetxe, baita eskola prototipo bat ere. «Ikasleen Erresidentziakoek irakasteko beste modu bat bultzatu nahi zuten, askoz ere askeagoa, eta naturarekin harreman zuzenagoa zuena. Horren arabera diseinatu zuten eskola hau», esan du Medinak, argazki bati seinalatzen ari dela: «Dena guztiz irekita egin zuten, lorategi eta guzti, patio baten inguruan. Naturatik ikasteko desioa zuten, eta oso-oso anbiziotsua zen». Dominguez hain zegoen erakunde horrekin lotuta, non Ikasleen Erresidentziako auditoriuma ere berak eraiki baitzuen. «Andaluziako patio baten antza dauka, eta formaren eraikuntza oso abstraktua da: surrealismorako eta abstrakziorako joera zuen, eta herri kulturaren aztarna ere bazuen».

Edonola ere, Dominguezek Madrilen utzitako arrasto sakonena Zarzuelako hipodromoa da. Arniches arkitektoarekin eta Torroja ingeniariarekin irabazi zuen hura eraikitzeko lehiaketa publikoa, eta nabarmentzeko moduko lana egin zuten, Medinaren arabera: «Proiektu hori mundu osoan argitaratu dute. Hormigoizko lamina fin-fin bat dauka harmailen gainean. Ezagunena azpialdea da; herriko plaza bat ematen du, lorategiak, arkupeak... Azienda bat dirudi. Arkuak oso interesgarriak dira, oinarrian borobiltzen direlako: zaldi baten trostaren antza duela esan zuten haiek. Denaren baturak daukan egitura izugarria da, eta teknikoki ere oso fina da».

Kubara ihesi

Halere, Dominguezek ez zuen eraikina bukatuta ikusi. 1937 hasieran bukatu zituzten lanak, eta hark hilabete batzuk lehenago egin zuen ihes. Izan ere, Indalecio Prieto politikari sozialistaren laguna zen, eta, hark eskatuta, Madril iparraldeko defentsa antolatzen aritu zen Dominguez; horregatik ere erabaki zuen erbestera jotzea. «Haren lehen ideia AEBetara joatea izan zen, baina itsasontzian Kubako gizon bat ezagutu zuen, eta hark esan zion Kuban lana izan zezakeela. Kuban geldialdia egin zutenean, bertan jaitsi zen». Eta han ezagutu zuen bere emaztea, eta han osatu zuten familia; 1937tik 1960ra bizi izan ziren bertan.

«Kuban denetarik egin zuen», nabarmendu du Medinak, «baina dimentsio publikoa zuten eraikin gehienek»: administrazioarentzako eraikinak, zinema aretoak, antzokiak, etxebizitza kolektiboak eta etxebizitza sozialak eraiki zituen, baita bakarkako etxe batzuk ere. Ez zioten arkitekto titulua homologatu, eta, horregatik, beste arkitekto batzuekin elkarlanean aritu zen. Esaterako, Habanako Iraultzaren plazan dauden Komunikazio Ministerioa eta Posta Nagusia diseinatu zituen, zinema areto handi bat zuen CMQ Radiocentro eraikina, Varaderoko hondartzetako etxe batzuk...

Habanako Focsa eraikinaren maketa, Martin Dominguezen atzera begirakoan. JON URBE / FOKU
Habanako Focsa eraikinaren maketa, Martin Dominguezen atzera begirakoan. JON URBE / FOKU

Focsa eraikinaren maketaren aurrean geratu da Medina. Y formako eraikin altu bat da, eta hiri bertikal txiki eta autosufiziente bat izateko pentsatu zuten. Fatxada pasarelaz josita dago, etxeak haien bidez komunika daitezen. «Eraiki zutenean, 1950eko hamarkadan, hura izan zen Latinoamerikan hormigoiz eraikitako eraikinik altuena. Eskala handiko lan bat da, eta normalean halako altuera zuten eraikinak burdinez egiten zituzten. Metalaren prezioa garestitu egiten zen, eta hormigoia oso material interesgarria da. Barruan burdina behar du, baina askoz gutxiago burdinazko egitura oso batek baino. Oso material modernoa zen garai hartan, eta jende askorentzako etxe merkeak eraikitzeko modua ematen du. Aitzindaria izan zen: daukan egitura ikusita, gaur egungo eraikin bat izan zitekeen».

Gurutze formako beste eraikin altu bati ere erreparatu dio EAIko zuzendariak: «Habanan eraikitako hau ere oso erradikala da. Pabiloiak bereizita eta gurutzatuta dauzkazunean, gurutze forman, hormarte oso estuarekin aireztatze handia lortzen duzu, argi asko. Zuhaitz asko jartzeko aukera ere ematen du. Badu beste aldea ere: masa eraikin bat da, kaleak desagertu egiten dira, eta aurreko egiteko modu guztiekin hausten du nolabait. Baina oso modernoa da; etxebizitza merkeak zituen, eta oso handiak…». Eraikina erlauntz bihurtzen duten galeriak seinalatu ditu: «Egitura hauek komunikatzeko dira. Galeria hauek guztiak ez daude solairu guztietan, eta horren arrazoia da etxeak ez zirela altuera bakarrekoak: duplexak eta triplexak ziren, eta egitura espazial aldetik, txalet bat edukitzea bezala zen. Le Corbusierrek esaten zuen edozeinen etxea jauregi bat izan daitekeela, eta egitura honek horretarako aukera ematen du».

Eraikin honen erradikaltasuna nabarmendu du EAIko zuzendari Jose Angel Medinak. JON URBE / FOKU
Eraikin honen erradikaltasuna nabarmendu du EAIko zuzendari Jose Angel Medinak; irudian, maketa. JON URBE / FOKU

Dominguezen Kubako aldia, baina, eten egin zen 1960. urtean. Iraultzarekin ez zuen bete-betean bat egin, eta arkitekto gisa lanean jarraitzea eragotzi zioten. Orduan, AEBetara bizitzera joan zen familiarekin, eta irakasle lanetan aritu zen New Yorkeko Cornell Unibertsitateko arkitektura eskolan. Zenbait proiektu txiki egin zituen arren, irakaskuntzan nabarmendu zen. Hainbeste, ezen eskolako irakasle onenak aitortzeko sariari Martin Dominguez Saria deitu baitzioten. «Euskal Herriaren berri izan zuen gerora ere, eta Oteizaz eta Txillidaz hitz egiten zuen klaseetan».

«Hormigoia oso material modernoa zen garai hartan [1950eko hamarkadan], eta jende askorentzako etxe merkeak eraikitzeko modua ematen du»

JOSE ANGEL MEDINA EAIko zuzendaria

New Yorken hil zen arren, Donostian dago hobiratuta, haren atzera begirako erakusketa dagoen lekutik hurbil. «Dominguezen familia oso pozik dago erakusketa dela eta. Haren semea izan zen aurkezpenean, eta ez zen gai izan ‘eskerrik asko’ baino askoz gehiago esateko; oso hunkituta zegoen». Munduan barrena ibili ostean, Martin Dominguez etxera itzuli baita.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA