Mende erdi jakiz hornitzen

Mercabilbaok argazki eta informazio erakusketa batekin abiatu du 50. urteurrenaren ospakizuna. Aurrerantzean ere beste egitasmo batzuk egiteko asmoa dute.

Hamabi paneleko argazki erakusketaren bitartez, Mercabilbaoren 50 urteko ibilbideko gertakari historiko garrantzitsuenak bildu dituzte. MERCABILBAO.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Egunero-egunero, milaka tona elikagaik egiten dute sartu-irtena Basaurin dagoen Mercabilbao merkatuan (Bizkaian). Goizaldean hasten du eguneroko jarduna, eta goizeko zortziak ingururako bukatzen du, saldutako elikagai gehienak helmugara bidean daudela. Joan den maiatzaren 3a egun berezia izan zen: handizkako merkatu horrek mende erdiko ibilbidea bete zuen. Urteurrenaren harira, argazki eta informazio erakusketa bat jarri dute Bilboko Zazpikaleetako metro geltokian, eta maiatzaren 30era arte egongo da ikusgai.

Hamabi paneleko erakusketaren bitartez, 50 urte hauetan merkatuak izandako gertakari historikoak bildu dituztela azaldu du Aitor Argote Mercabilbaoko zuzendariak: «Panelen bitartez, unerik garrantzitsuenetako batzuk islatu nahi izan ditugu, eta, horrekin batera, merkatuak izandako bilakaera erakutsi nahi izan dugu». Hala ere, aukeraketa egitea «ez da erraza izan» zuzendariaren hitzetan: «Mende erdiko ibilbidean hainbat izan dira gertakari garrantzitsuenak, eta aukeraketa bat egin behar izan dugu».

Hasierako urteetan, Bilbon zegoen hornidura merkatua. Zehazki, Erriberako merkatuko beheko solairuan egiten zen arrainen salmenta, eta frutak eta barazkiak Erronda kalean saltzen zituzten. Hala ere, 1971n, merkatu horrek handizkakoen hornikuntzarako gune izateari utzi zion, eta Mercabilbao Basauriko Artunduagako zelaietara lekualdatu zen, «gaur egun dagoen tokira». Hain zuzen ere, gertaera hori da erakusketako abiapuntua. Jarraian, berriz, 1983ko uholdeek eragindako kalteak ikus daitezke. Mercabilbaoren eraikina Nerbioi ibaiaren alboan dagoenez, urte horretako uholdeek eragin «nabarmena» izan zuten eraikinean: «Urak eremu osoa hartu zuen, eta elikagai guztiak Bilboko Erakustazokako pabiloira eraman behar izan zituzten».

Horrez gainera, merkatuaren plan estrategikoaren erreferentzia puntuak ere agertzen dira erakusketan: jasangarritasunarekin eta erantzukizun sozialarekin edota kontsumo arduratsuarekin duen konpromisoa. Erakusketaren amaieran, berriz, etorkizunean jarri dute fokua: «Merkatua ardatz atlantikoan ezin hobeto kokatuta dagoela erakutsi nahi dugu».

Elikagai freskoen handizkako merkatu nagusia da Mercabilbao Euskal Herrian. Hamahiru hektareako eremu horretan, 5.000 pertsona aritzen dira joan-etorrian egunero. 112 banatzaile daude orotara, eta mila pertsonari ematen die lana. «Elikaduraren salmentarako beste formatu batzuk badaude ere, tokiko saltoki txikiek gurekin jarraitzen dute», azpimarratu du Argotek. Gainera, pandemiari esker, «fideltasun hori» nabaria da bezeroen artean: «Itxialdi garaian ere ez dugu hutsik egin: herritarrak produktu gozagarriekin, garbiekin eta gardenekin elikatzen jarraitu dugu».

Etengabeko bilakaera

Mende erdiko ibilbidean, bilakaera hainbat eremutan eman dela azaldu du Argotek. Kasu baterako, saltzeko moduan: «Lehen, janari denda guztiak etortzen ziren bertara erostera; orain, berriz, merkatua dinamikoagoa da, eta norbera joan behar da bezeroaren atzetik». Horrekin batera, logistikaren alorrean eta zerbitzuetan ere aurrerapausoak eman direla adierazi du zuzendariak.

Gaur egun, merkatuaren beharrizanetara «etengabe egokitzen» jarraitzen du Mercabilbaok. Aurrera begira ere, helburu bera du Argotek: «Aurreko urteetan izandako esperientziarekin, mende bat ere bete dezakegula uste dugu; baina, hori bai, une oro, merkatuaren bilakaerara egokituz». Betiere, sortu zeneko helburu berberei eutsiz, eta Bilboko eta inguruetako eraldaketa ekonomiko eta soziala sustatzeko gai den merkatua izaten jarraituz.

Zazpikaleetako metro geltokiko erakusketaz gainera, beste hainbat egitasmo egitea zen Mercabilbaoren asmoa. Hala ere, pandemiaren ondorioz, «nahiko mugatuta» daude, eta, oraindik ere, erabakitzeko dago: «Ahal dena egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.