Goierriko Mendizale Beteranoen Elkarteko kidea

Juanjo Muxika: «Mendi ibilbideei esker bizimodua hobetu zait»

Goierriko Mendizale Beteranoek Euskal Herriko zazpi probintziak zeharkatu dituzte, perimetrotik, sei urteko epean. 66 etapa guztira. Datu guztiak gordeta, liburu batean bildu dituzte orain, eta edonoren eskura jarri.

Juanjo Muxika. ANDONI CANELLADA / FOKU
Juanjo Muxika. ANDONI CANELLADA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Ordizia
2026ko ekainaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

22 urte zituela joan zen Juanjo Muxika (Ordizia, Gipuzkoa, 1948) Pirinioetara lehen aldiz, eta, ordutik, askotan igo da Pirinioetako hainbat menditara. 2009an, Goierriko Mendizale Beteranoen Elkartea sortu zuen, beste hamahiru kiderekin. Eta, beste zenbait ibilaldirekin tartekatuz, 2012an Euskal Herriko zazpi probintziak perimetrotik oinez gurutzatzeari ekin zioten. Sei urte behar izan zituzten egitasmoa bururatzeko, eta 66 etapa egin zituzten guztira. Muxikak datu guzti-guztiak bildu zituen, bai eta kronikak idatzi ere. Orain, kaxoitik paper haiek berreskuratu, eta liburu batean jaso ditu, Euskal Herriko mugak oinez izenpean Sua argitaletxeak eman du argitara.

Nondik abiatu zineten 2012an?

Baionatik mendebalderantz abiatu ginen, Euskal Herriko kostaldea gurutzatuz. Ondoren, Bizkaiko mendebaldeko mugan ibili ginen. Arabakoak, Nafarroakoak, Zuberoakoak eta Nafarroa Beherekoak inguratu genituen gero, eta Aturri inguruan amaitu genuen proiektua. Guztira 1.379 kilometro egin genituen.

Zer dela eta erabaki zenuten Euskal Herriko zazpi probintziak perimetrotik zeharkatzea?

Hasieran ez zen hori gure helburua. 2009an, Pirinioetan bira bat egin genuen. Ondoren, 2010etik 2011ra, Euskal Herriko zazpi hiriburuak oinez zeharkatu genituen. 2012an, Euskal Herriko kostaldea oinez zeharkatzen hasi ginen, eta hor hasi zen egitasmoa forma hartzen.

Zuk bildutako datuak daude liburuaren oinarrian, ezta?

Hori da. Datuak eta erreferentziak hartu nituen, eta etapa bakoitzaren kronika txiki bat egin. Ohitura hori izan dut betidanik. Datuak hartu, paperak bildu, etxea paperez josi... Datuez gain, hirurogei argazki inguru daude liburuan, nik ateratakoak.

Zergatik erabaki zenuen zuk bildutako datu guztiak liburu batean jasotzea?

Koordinatzaile taldekoei aipatu nien, eta ondo iruditu zitzaien. 2023an, Sua argitaletxearekin jarri ginen harremanetan, eta horretan ibili gara azken hiru urte hauetan.

«Datuak eta erreferentziak hartu nituen, eta etapa bakoitzaren kronika txiki bat egin. Ohitura hori izan dut betidanik»

Jendearentzat gida gisa balio dezake liburuak?

Aukera bat ematen du, baina mendizale taldeentzat da bereziki, bakarrik ezin baita egin. Guk autobusaren laguntzarekin egiten genituen etapak. Hasi behar genuen lekuraino eramaten gintuen, eta amaitzen genuen lekuan jasotzen. Hori autoz egitea zaila da, bi auto behar baitira.

Lehendik ba al zegoen libururik zuek egindako ibilbidea jasotzen duenik?

Nik dakidala, ez. Zehazki Euskal Herriko mugak oinez nola zeharka daitezkeen biltzen duenik ez, behintzat. Agian egongo da, baina ez dut topatu.

Baduzu buruan etapa gogorren bat?

Igoeretan eta jaitsieretan dagoen desnibela kontuan hartuta, Pirinioak. Linzako aterpetxetik Hiru Erregen Mahaira igo ginen, eta handik Laskunera jaitsi. Zortzi orduz ibili ginen. Mila metrotik gorako desnibela dago. Horren ostean, Laskunen ekin genion hurrengo etapari, Auñamendira igo ginen, eta behera jaitsi. 900 metroko altueran hasi ginen, 2.500 metrora igo ginen, eta handik 1.600 metrora jaitsi.

Zer eman dizu mendiak?

Bizi kalitatea. Mendi ibilbideei esker bizimodua hobetu zait. Niretzat oso aberasgarria izan da proiektu hau egitea. Pozik ibili naiz, eta jende asko ezagutu dut.

Hamazazpi urte igaro dira taldea sortu zenutenetik. Zerk eusten dio taldeari?

Urte hauetan guztietan taldeari zeozerk eutsi badio, taldearen antolakuntzak eutsi dio. Alegia, autobusetik jaitsi, eta denok prest egon arte ez gara abiatzen. Atzera gelditzen direnei itxaron egiten diegu. Hala, denok berriz elkartu, eta taldean bukatzen dugu etapa bakoitza. Bazkaltzeko lekuaz pertsona bat edo bi arduratzen dira: taberna batean, kiroldegian... Bazkaria guk eramaten dugu, eta edariak han kontsumitzen ditugu. Eta, noski, dena jasota uzten dugu.

Zenbat pertsonako mendi irteerak egiten dituzue?

140 lagun inguru gaude izena emanda, baina autobusa bete artekoa izaten da muga. Deialdia igandean egiten dugu, eta jendea izena ematen hasten da. Asteartean, asteazkenean edo ostegunean abiatzen gara, eguraldiaren arabera. Aste honetan, esaterako, ez dugu irteerarik egin, tenperatura altuengatik.

Beraz, zuentzat, adina ez da oztopo mendiaz gozatzen jarraitzeko.

Asko harrituta gelditzen dira ikusten gaituztenean. Ea nora goazen galdetzen digute, eta, mendi tontor batera goazela esaten diegunean, txundituta gelditzen dira. Nola joango ote da, bada, gu bezalako 50 bat gazteko kuadrilla bat mendira!

lotsabako

Etaparik politena?
Politak asko daude. Kostaldean, esaterako, Zumaiatik Debarainoko bidea zoragarria da.

Paperezko mapa eta iparrorratza, edo GPSa?
GPSa, zehatzagoa baita.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA