Sare sozialak

Messiren argazki batek Instagrameko 'gogokoen' errekorra gainditu du

Igandean igo zuen munduko txapelketako garaikurrarekin agertzen den argazki bat, eta 48 orduan 60 milioi erabiltzailek baino gehiagok sakatu dute atsegin dutela. Marka orain arte zuen argazkiari 57 milioi aldiz sakatu diote erabiltzaileek hiru urtean.

Messiren argazkia eta arraultzarena.
jon ordonez garmendia
2022ko abenduaren 20a
15:44
Entzun

Lionel Messi Argentinako gizonezkoen futbol selekzioko kapitainaren argazki batek marka bat ezarri du Instagramen: 48 orduan baino gutxiagoan, sare sozial horretan erabiltzaileek gogokoen duten argazkia bihurtu da. Zehazki, 61 milioi alditan baino gehiagotan sakatu dute gogoko dutela, eta, kopuru horrekin, orain arte marka hori zuen argazkia gainditu du.

Baina zein izan du arerio Messik lehia horretan? Ez da Mbappe izan, ezta beste erdiko atzelari sendo bat edo atezain bizkor bat ere. Orain arte Instagramen argazki gogokoenaren marka zuena arrautza bat zen. Arrautza baten argazki huts bat. Arrautza baten argazki bat soilik duen kontu bat: World Record Egg du izena kontu horrek (munduko marka duen arrautza), eta gogokoen errekor horren jabe izatea beste izaterik ez du.

Arrautzaren kontua 2019ko urtarrilaren 4an sortu zuten. Garai hartan, Kylie Jenner modelo eta enpresari estatubatuarrak zuen marka: hemezortzi milioi erabiltzaileren gogoko argazki bat zuen Instagramen. Arrautzaren kontuaren helburua marka hori gainditzea zen, eta aise gainditu zuen, hiru urtean 56 milioira iristeraino.

Arrautzarekin, pertsona ospetsu batengandik gauza arrunt batera pasatu zen marka, baina orain, berriro, pertsona eta gertaera ospetsu batetara itzuli da. Hori ere laguntzarekin, ordea. Messiren argazkia 56 milioira gerturatu ahala, azken orduetan sare sozialetan ugaritu egin dira hori ere atsegin hartzeko.

Irulegiko eskua vs Maialen Lujanbio

Ez da hori Instagramen azken egunetan dagoen lehia bakarra. BERRIAk igandean Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaren egunean bere kontura igo zuen Maialen Lujanbioren argazkia ere beste marka bat gainditzeko zorian da: BERRIAren kontuan erabiltzaileek gehien atsegin duten argazkiarena. Bi egunetan 6.000 erabiltzailek baino gehiagok sakatu dute gogoko dutela Lujanbio txapelarekin agertzen den argazkia.

Baina, BERRIAren kontuan, erabiltzaileen argazkirik gogokoena Irulegiko Eskuarena da astearte arratsaldeko lehen orduan oraindik. Azaroaren 16an igo zuen BERRIAk Instagrameko bere kontura, eta 6.100dik gora aldiz sakatu dute erabiltzaileek gogoko dutela. Kasu horretan ere, gaindituko al du Lujanbioren txapelak Irulegiko eskua?

Ikusi gehiago:Messik eman die nahi zuten irudia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.