Kasik oharkabean igarotzen da metalezko belarri distiratsuen, anfora gorrixken eta hilarri mardul landuen artean, baina, hala ere, objektu hori nabarmendu du Iñaki Garcia Camino arkeologoak bat-batean: egurrezko ontzi bat. «Zeramika material nahiko ohikoa izaten da indusketa arkeologikoetan, oso-oso solidoa delako, egonkorra; baina egurra, ez». Hondarribian (Gipuzkoa) topatu zuten, «eremu anaerobiko batean», eta ehunka urtez oxigenotik babestuta egon zelako dago gaur Bilboko Arkeologi Museoko bitrinetako batean, denboraren joana tinkoago jasaten duten beste objektu batzuen pare.
Hego Euskal Herriko Erdi Aroko herrixken bizimoduaren berri jaso du museoak Herriak, mila urte lurrean erakusketan, eta metro koadro eskasetan laburbildu dituzte azken mende erdian egindako ikerketa arkeologikoen emaitzak. Gasteizko Bibat museoak ekoitzi zuen, eta Bizkaiko datuekin jantzi dute Bilbon erakusteko, urtarrilaren 31ra arte. Joan den asteazkenean aurkeztu zuten erakusketa, eta, Garcia Caminorekin batera, museoko zuzendari Etor Telleria, Bibat museoko zuzendari Jaione Agirre eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatu Leixuri Arrizabalaga izan ziren.
«Herrixka bat lan komunitate bat da: nekazariak daude, abeltzainak, artisauak... Eta nolabaiteko autonomia sozioekonomikoa daukate»
IÑAKI GARCIA CAMINO Komisarioa
Bildumaren parte da egurrezko ontzia. Eta museoan ikus daiteke, orobat, Urduñako (Bizkaia) mendi bateko terrazen argazkia ere. Horri ere erreparatu dio Garcia Caminok —erakusketaren komisarioetako bat da, Juan Jose Larrea Conde, David Larreina Garcia eta Ernesto Pastor Diaz de GaraIorekin batera—. Terraza horiek 1.000 urte dituzte, belarrak erabat estaliak ditu jada, eta higadurak nabarmen deformatuak, baina, dena den, oraindik nabari da egitura artifizialak direla. Biztanleek inguruan egindako esku hartzeen adibide bat dira —hau da, herrixken jarduera ekonomikoen berri ematen dute—. Aldiz, esparru pribatuago bati egiten dio erreferentzia egurrezko ontziak.
Eta, hain justu, herrien sortze prozesua azaltzeko erakusketak darabiltzan ikuspegi ugariak azpimarratu ditu Telleriak. «Eskala etengabe aldatzen da. Batzuetan, ikuspegia urrundu egiten dugu, eta paisaia osoa ikusi: lurraldeak, herrien sorrera, gizartearen antolaketa, nekazaritza, abeltzaintza, eliza, hilerria...». Erdi Aroko paisaia jakin horren hedapena erakusten duten aldagaiak dira, Telleriak laburbildu duenez. «Baina, bat-batean, ikuspegia asko gerturatzen da, eta herri horietako batean bizi zen pertsona baten eguneroko bizimodura iristen gara: orratz txiki batera, lanabes txiki batera, burdina lantzean sortutako zepa txiki batera...».
Etxeak utzitako hutsunea
Herrixkak sortu eta finkatu ziren mendeak dira erakusketaren ardatza: hau da, VIII. eta XV. mendeen arteko bilakaera azaltzen dute museoan jasotako objektuek, irudiek eta testuek, baina ibilbideak gaur egunera arte egiten du aurrera, ezinbestean. «Orain dela ehun urtera arte, landa eremuan bizi ziren biztanle gehienak», gogorarazi du Garcia Caminok. Orain bereziki etxebizitza funtzioa betetzen duten arren, jatorrian kokaleku produktiboak ziren. «Normalean zera hartzen dugu herrixka bezala: jende gutxi eta laborantza lurrak dituen leku bat. Baina herrixka bat lan komunitate bat da: nekazariak daude, abeltzainak, artisauak... Eta nolabaiteko autonomia sozioekonomikoa daukate». Erreferentzia argia zeukaten, arkeologoaren esanetan: eliza, eta, harekin batera, hilerria. Eta harreman horizontalak ere bazeuden arren, hierarkiak ere sortzen ziren. «Zenbat eta jabetza gehiago eduki, orduan eta eskubide gehiago zituzten lur komunalen gainean». Indusketetan agertu diren etxe batzuk handiagoak eta konplexuagoak ziren, esaterako, eta biztanle batzuek haragi gehiago jaten zuten.

Lan esparruari eskaini diote erakusketako ataletako bat. Garcia Caminoren arabera, hiru eremu bereizten ziren herrixketan. Lehenik eta behin, familia talde bakoitzak intentsiboki lantzen zituen guneak zeuden, hala nola soroak, ukuiluak, oihal eta metal lantegiak, labeak, biltegiak... Familia unitatearen beharren arabera eraikitzen zituzten. Aldiz, labore lurrak, herrixkatik aldenduagoak zeudenak, haiek lantzen zituzten familien esku zeuden, baina tarteka gainerako bizilagunei ere erabiltzeko baimena ematen zieten, ganaduak bazkatu zezan edo uztondoak aprobetxatu zitzaten. «Ez dugu argi ezagutzen lur horien fisionomia, baina terrazak identifikatu ahal izan ditugu, aldatsak konpontzeko, higadura saihesteko eta lurrak garaiagoak bihurtzeko». Urduñakoak, kasurako.
Aldiz, herrixka osoarenak ziren lur komunalak. «Komunitateak ezarritako arauen arabera funtzionatzen zuten, eta lur, larre, baso eta ur horiek aprobetxatzeko beharrezkoa zen herrixkan jabetzaren bat izatea». Askotan, herrixken artean akordioak egiten zituzten, eta hitzarmen horietako asko oraindik indarrean daude.
«Eskala etengabe aldatzen da. Batzuetan, ikuspegia urrundu egiten dugu, eta paisaia osoa ikusi: lurraldeak, herrien sorrera, gizartearen antolaketa...»
ETOR TELLERIA Bilboko Arkeologi Museoko zuzendaria
Etxeko esparruari ere arreta ipini diote komisarioek. Garcia Caminoren arabera, herrixken eremuen antolakuntza ez zen asko aldatu Erdi Aroan zehar, ezta herritarrek beharrerako erabiltzen zituzten materialak ere. Baina badira salbuespenak, eta horietako bat dira etxeak. «Erdi Aroaren bukaeran euskal paisaian ezarri ziren baserriek sabai beraren pean gordetzen zituzten familia batek bizirik irauteko instalazio guztiak». Baina duela 1.000 urteko etxeak, ordea, hainbat eraikuntzaz osatuak zeuden, eta horietatik handiena izaten zen etxebizitza. Eraikin txikiagoetan ipintzen zuten biltegia, ukuilua, oihal lantegiak, sutegiak...
Errituen homogeneizaziorantz
Familien habia horiek egurrezkoak ziren, eta herrixketako beste egitura asko material galkorrez ondu zituzten, halaber. Ondorioz, arrastoetako asko galdu egin dira jada. Harrizko oinarri batean zutoinak txertatuz egiten zituzten etxeak; zutoinak desagertu dira, baina ez harrizko oinarriak eta zutoinek haietan utzitako zuloak. Helduleku horietatik abiatuta proiektatu dute arkeologoek falta den egitura. Atal horretan jaso dituzte, era berean, herritarrek egunerokoan erabiltzen zituzten objektuak: besteak beste, zeramikak, lapikoak... baita Hondarribian topatutako egurrezko ontzia ere.

Eta alde sinbolikoak osatzen du bilduma: elizei eta hilerriei eskainia da hirugarren atala. Etxeak ez bezala, elizak harriz eraiki zituzten, egitura horiek ziren-eta herrixkako elementu erreferentziala; iraun egin behar zuten. «Oinplano angeluzuzeneko eraikuntza xumeak ziren; beraz, pentsa liteke herrixkako komunitatearen ekimenez ontzen zituztela», esplikatu du Garcia Caminok. Garrantzi espirituala ez ezik, elizek zeresan ekonomikoa ere bazuten, familien soberakin «urrien» zati bat hara joaten baitzen. Hori horrela, jauntxo batzuk elizak bereganatzen ahalegindu ziren. Azkenik, herritarren jabetzakoak izateari utzi eta elizbarrutiek eta abadia handiek atxiki zituzten.
Eskuz aldatu ziren, orobat, errituak. Herrixken sorreran, «hilobiratze praktika ugari» erabiltzen zituzten, eta familiaren edo komunitatearen ardura ziren. Gerora, Elizak bereganatu, eta homogeneizatu egin zituen. Sinesmenen atalean daude, justu, Arkeologi Museoak jatorrizko erakusketari egin dizkion ekarpenetako zenbait. Elorrioko (Bizkaia) Argiñetako metropoliko hilarri batzuk jarri dituzte ikusgai, esaterako: etxebizitzez, eraikuntza osagarriez, biltegiratze eta lan eremuez, eta ehungintzako zantzuez gain, pixkanaka-pixkanaka handituz joan zen hilerri bat dokumentatu du museoak herri hartan egin izan dituen indusketetan. Herrixken bizimoduari lotutako ondorio argi bat atera dute arkeologoek: bizitokiek egokitzeko gaitasuna zeukatela, eta erlijioarekin eta heriotzarekin lotutako tokiak garrantzia bilduz joan zirela komunitate bizitzaren antolaketan.
Despopulazioak hauspotutako ikerketa
Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan azken 50 urteetan egin diren ikerketa arkeologikoen lagin sintetizatu bat jaso dute Bilboko Arkeologi Museoaren Herriak, mila urte lurrean erakusketan. «1970eko urteetan, herrixkak abandonatuz eta desagertuz ari zirenez desarrollismoaren eta frankismoaren politika ekonomikoaren ondorioz, historialari batzuek gai zaharrak baztertu zituzten —batailak, dinastiak....—, eta arriskuan zeuden herri haien historia aztertzeari ekin zioten», Iñaki Garcia Camino erakusketako komisario eta Arkeologi Museoaren zuzendari ohiaren arabera. Ondoren, arkeologoek ere bide bera hartu zuten.
Egoera hori gogoeta bat egiteko erabili du Garcia Caminok: «Garai hartako kezkek hauspotu zuten iraganari buruzko ikerketa». Udalerri askotan Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusten ari diren honetan, arkeologoak orain ere atzera begiratzeko beharra nabarmendu du, jakiteko nola antzeman den eremuaren okupazioa historian zehar, eta berriro ez errepikatzeko «beste leku batzuetatik inportatutako eredu liberal eta globalizatzaileak».