Minbiziaren kolorea ez da arrosa

Urrian supermerkatuak bularreko minbizia dutenei laguntzeko produktuz betetzen dira, denak arrosa kolorekoak. Iñurri elkarteak enpresa horien zuriketa arrosa salatu du, nabarmenduta beren kontura ari direla negozioa egiten eta minbizia ez dela jolasa.

Zuriketa arrosaren aurkako iragarki baten fotograma. ARRIGURI
Zuriketa arrosaren aurkako iragarki baten fotograma. ARRIGURI
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Lazkao
2026ko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Aita, ama, zenbat urterekin gaixotuko naiz? Gaztea naiz, eta ez dakit», kantatuz ari dira sokasaltoan. Zenbakiak esateko garaian, baina, igo beharrean, jaitsi egin dute adina: «46, 40, 36, 22, 21, 3». Beste jolas bat: «Dona, dona, katona, amona edo aitona, alaba edo laguna: zu, zu, zu, zu, zu, ni». Bati tokatu beharrean, denei tokatu zaie. Hirugarren jolasa ere ezaguna egingo zaie askori. «Bat, bi, hiru, txoriak kaka egin du», esaten du batek paretaren kontra jarrita, eta atzean daudenek aurrera egin behar dute, paretaren kontra dagoenak mugitzen ari direla harrapatu gabe. Jolas honetan, baina, atzera begiratzean ez da inor geratu: «Bat, bi, hiru, metastasiak erabaki egin du».

Iñurri elkartea Minbizia ez da jolas bat kanpaina egiten ari da urrian, bularreko minbiziaz kontzientziatzeko hilabetean, behar bezain ikusgai ez dauden hiru errealitate plazaratzeko. Baga: 50 urtetik beherakoetan minbizia kasuak %79 igo dira. Biga: 2050. urterako minbiziaren intzidentzia %60 handituko da. Higa: bularreko minbizia duten hamar pertsonatik hiruk metastasia edukiko dute, eta, gaur egun, gaixotasuna fase horretan badago, sendaezina da. Hiru errealitate gordin dira, eta, kolore bat izatekotan, kolore hori ez da arrosa, nahiz eta kolore horri lotuta azaldu ohi diren urrian bularreko minbiziarekin lotutako hainbat kanpaina. Pinkwashing izena du: zuriketa arrosa. Hura salatzeko, mobilizazioak egingo dituzte etzi, 19:00etan, Donostiako Bulebarrean eta Bilboko Arriagan.

'Pinkwashing'-aren aurkako 'spot' baten fotograma. ARRIGURI
Zuriketa arrosaren aurkako iragarki baten fotograma. ARRIGURI

«Bularreko minbiziak gehienbat emakumeei eragiten die —kasuen %99, zehazki—, eta zoritxarrez oraindik emakumeak gara normalean etxeko zama hartzen dugunak: gu joaten gara supermerkatura. Ekuazio horretatik sortzen da zuriketa arrosa: emakumeei bideratutako produktu asko sortu dituzte markek, adieraziz minbizi hori dutenei laguntzeko direla», azaldu du Sara San Sebastianek, Iñurri elkarteko komunikazio arduradunak. «Emakumeei zuzendutako produktuak dira beti. Emakumeen intimitateari, presio estetikoari eta gure gorputzei lotutako produktuak erabiltzen dira minbiziarekiko kontzientzia sortzeko aitzakian. Eta hor dago arazoa: emakumeok kontsumitzaile gisa identifikatzen gaituzte, eta gure gorputzarekin eta osasunarekin lotutako beldurrak eta kezkak kontsumorako erabiltzen dituzte. Hala, minbizia bera ere produktu bihurtzen da», salatu du San Sebastianek.

Urria «hilabete gogorra» da Elordi Garciarentzat. 36 urte zituela diagnostikatu zioten leuzemia, 2013ko abenduan. «Telebistan nengoen lanean, magazin bat aurkezten, eta gaizki sentitzen hasi nintzen, nekatuta, oso nekatuta, giharretako mina neukan… Larrialdietara joan nintzen, eta analisi kliniko baten bitartez eman zidaten diagnostikoa. Igande batean sartu nintzen larrialdietara, eta hilabete pasatu nuen ospitalean kimioterapia jasotzen, gela batean bakartuta. Tratamendua hartu nuen beste hiru hilabetez, kimioterapia jaso hamabost egunean behin... 2014ko ekainean hezur muinaren transplantea egin zidaten. Gero, pixkanaka suspertuz joan nintzen: transplantearen ondorena oso gogorra izan zen niretzat, eta albo ondorioak betiko geratzen dira».

Negoziorik ez haien izenean

Imparable hasta la médula. El cáncer como aprendizaje de vida (Geldiezina hezur muineraino. Minbizia bizitzako ikasketa gisa) liburua egin zuen Garciak, bere bizipenak kontatzeko; Iñurri elkarteko kide ere bada. «Hilabete honetan, marketin kanpaina erraldoi honekin eta arrosa kolorea hainbeste erabilita, minbizia erromantizatu egiten da, infantilizatu, eta ez du errealitatea erakusten», nabarmendu du. «Minbiziaz asko hitz egiten da, baina zer lekutatik? Horrek ez digu batere laguntzen guri, minbizia oso gordina delako, gogorra da, bolada zailak dauzka eta ez dauka arrosarekin batere zerikusirik», uste du. «Ikusgaitasun handia eman dio, egia da, baina minbizi mota guztiek behar lukete ikusgaitasun hori, horrek ikertzeko aukera gehiago ematen dituelako, baina ez genuke ikusgaitasuna merkataritzarekin nahastu behar, negozioarekin. Enpresek irabaziak lortu nahi izatea zilegi da, baina ez gure izenean, ez gaixotasun baten izenean».

Horren harira, galdera hau plazaratu dute Iñurri elkartekoek: zenbat dago benetako konpromisotik eta zenbat interes ekonomikotik? Eta badituzte erantzunak. «Ez dugu esan nahi arrosa erabiltzen duen enpresa edo ekintza oro txarra denik, baina askotan minbiziarekiko konpromisoa kontsumoarekin lotzen da: produktu bat erosi, eta horrela minbiziaren aldeko zerbait egiten ari zarela sentiarazten dizute. Arazoa da minbiziak ez duela produktu arrosarik behar. Ikerketa behar du, prebentzioa, diagnostiko goiztiarra, tratamenduak, baliabideak eta kalitatezko osasun sistema publikoa. Batez ere, minbizia duten pertsonak zaindu eta duintasunez tratatu behar dira», defendatu du San Sebastianek.

Noski, supermerkatuan konpresak, depilatzeko xaflak edo bestelako produktuak erostera doanak ikusten badu marka jakin bat erosita minbiziaren ikerketa bultzatuko duela, horren alde egitera joko du, asmo onez. Garciak zera eskatu dio bezero horri: «Supermerkatura doazenei esango nieke pentsatzeko zenbat kostatzen den produktua, zenbat erabiliko duten ikerkuntzarako… Ikertzeko pixka bat. Benetan lagundu nahi badute, badaude elkarteak gaixoen ondoan egoten direnak hasieratik, beti; Iñurri, adibidez. Benetan lagundu nahi badute, elkarte haietara bidal dezatela konpresa horrek balio duen dirua edo nahi dutena. Urrian soilik badaude produktu horiek, hausnartu dezatela zergatik».

San Sebastianen esanetan, marketin arrosaren bidez produktuak salduta enpresek irabazten duten dirua eta gero minbiziaren ikerkuntzara bidaltzen dutena «ez dira oso proportzionalak»: «Kontsumo aukera bat ikusten dute. Beren irudia garbitzen dute, eta enpresa konprometituak dirudite; horrek sustatzen du jendeak gehiago erostea. Zergatik egiten dute hori: laguntzeko edo irabaziak handitzeko? Horrelako gauzak egiten dituztenean, beren irabaziak asko ugaritzen dira, baina laguntza ez».

«Gainera, minbizia dugunok behar ez ditugun produktuak dira», gogorarazi du Garciak: «Normalean enpresa hauek ateratzen dituzten produktuak toxikoz beteta daude, eta minbizia sortu edo garatzeko aukera gehiago eragin ditzakete. Eta, gero, ileko plantxak, depilatzeko xaflak eta konpresak ere badaude! Minbiziaren aurkako tratamenduak menopausia eragin ohi du, eta ilea erori egiten da...». Eta beste galdera bat egin du: «Zer politika erabili dute enpresa horretan minbizia izan duten pertsonekin? Lan baldintza hobeak eman dizkiete bueltatu behar izan dutenean? Zaindu dituzte? Gauza asko daude horren atzean. Berez minbiziaz arduratzen baldin badira, urte osoan arduratu behar dute, eta ez hilabete batzuetan bakarrik, eta ez bakarrik marketinaren bidez. Marketin kanpaina horrek benetako pertsonak ezkutatzen ditu».

Osasun sistemaren gabeziak

Minbizia duten pertsonen eta haien errealitatearen ikusgaitasuna lortzea da Iñurriren helburuetako bat, eta xede horrek ere ardaztu du Minbizia ez da jolas bat kanpaina. Horregatik plazaratu dituzte hiru datu esanguratsu. Lehena: 50 urtetik beherakoengan minbizi kasuak %79 igo direla gogorarazi dute. «Datu horrek beldurra ematen dit», aitortu du Garciak. «Osasun sistema publikoaren gabeziak jartzen dira mahai gainean datu horrekin, eta zer prebentzio egiten da hori hainbeste ez igotzeko? Baheketak egiten dira, baina adina jaitsi beharko litzateke, 50 urtetik beherakoetan dagoelako intzidentzia altu hori», uste du.

Leuzemia goiz atzemateko modurik ez dago oraindik, ez dago baheketarik. «Leuzemiari dagokionez, ikerketa asko behar da oraindik, nahiz eta asko ikertzen ari diren; adibidez, nik eduki nuen garaia kontuan hartuta, orain tratamendu gehiago daude, eta ez da hainbeste denbora pasa. Immunoterapia jarri dute, esate baterako, eta nire garaian ez zegoen. Tratamenduak asko aldatu dira, eta hobera egin du, baina egia da prebentzio sisteman oraindik ez dagoela leuzemia atzemateko modua ematen duen bioadierazlerik. Gainera, leuzemia da minbizirik ohikoena umeen artean. Ikerketa da bizia eman dezakeen gauza bakarra: ikerketa da gure itxaropena, eta hor jarri behar da arreta. Botika hobeak, bizitzeko aukera gehiago, albo ondorio gutxiago izateko tratamendu hobeak… Dena da ikerketa, bizi kalitatea eta bizitza lortzeko», nabarmendu du.

Eta argitara eman duten bigarren datuak ikerketaren premia handitzen du: 2050. urterako minbiziaren intzidentzia %60 handituko da. «Denoi tokatuko zaigu bertatik bertara bizitzea: geure gorputzean edo bidelagun gisa. Nahi dugu ikusaraztea minbizia gizarte osoaren kontu bat dela, ez dela bakarrik gaur egun gaixo daudenen kontua. Horregatik nahi ditugu denak mobilizatu, jabetzeko gure protestak gauzak eraldatzeko helburua duela, guri etorkizunean tokatzen bazaigu gauzak hobeto egon daitezen», azaldu du San Sebastianek.

Errealitate are gogorrago bat ere jarri dute mahai gainean: bularreko minbizia duten hamar pertsonatik hiruk metastasia edukiko dute, eta gaur egun sendaezina da. «Lekua eman nahi izan diogu, metastasia delako ikusezinena, ez delako samurra. Kanpaina hauek ez dute metastasia aintzat hartzen, baizik eta optimismoa eta sendatu den jendea; ez diote lekurik egiten metastasiari. Hain justu, horixe da ikerketarik gehien eta tokirik handiena behar lukeena», uste du San Sebastianek.

Hori guztia ikus-entzunezko eran plazaratzeko, Arriguri ekoiztetxearen laguntza izan dute, haiekin egin baitituzte kanpainako hiru iragarkiak; hiru jolas eraldatu dituzte, hiru errealitate horien berri emateko eta nabarmentzeko minbizia ez dela jolasa. «Gu agian ohituta gaude erdipurdiko ideiak ikus-entzunezko magiagaz estaltzen, eta oraingo honetan prozesua kontrakoa izan da: eurek oso egiazko zerbait ekarri zuten, eta gu saiatu gara, ahal den heinean, tartea eurena izan dadin lan egiten, ez jartzen muntaketa askorik, musikarik, soinu handirik... Ahalik eta minimalistena, eta ahalik eta benetakoena», azaldu du Arriguriko Xabi Ojinagak. Benetakoa baita bizi dutena, egiazkoa da jasaten dutena, eta ez da jolasa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA