Kultura kontsumitzeko egungo ohiturekin ados egon ez, eta bestelako kontzertu formatu bat sortu dute Zarauzko (Gipuzkoa) Arraio irratiko Galdedebalde irratsaioko hiru kideek: Itxuan kontzertuak. Ikus-entzuleek soilik egunaren, lekuaren eta prezioaren berri jakinda erosten dituzte sarrerak, «itsu-itsuan», zer talde edo musikari entzungo duten jakin gabe. Kontzertuaren egunean, publikoa begiak itxita egoten da emanaldia hasi arte, eta lehen abestiaren lehen notekin batera deskubritzen dute zein den musikaria edo musika taldea. Xabier Uzin Perurena (Zarautz, 1989) Galdedebalde-ko partaideak xehatu ditu sortu duten formatuaren nondik norakoak.
Zergatik horrelako zerbait?
Gure artean [Galdedebalde-koen artean] komentatu genuen kultura kontsumitzeko egungo moduan —areto handienetan, futbol zelaietan, sarrerak aurrerapen handiarekin salduz, data bat bestearen atzetik iragarriz eta emanaldi guztietarako sarrerak bukatuta— albo batera geratu dela kulturaren muinean dagoen helburua: gozatzea.
Zer asmorekin abiatu duzue proiektua?
Ez dugu ezer asmatu: urte luzez norbanako eta eragile asko ibili dira eta dabiltza emanaldiak antolatzen eta oholtzak betetzen areto txikietan eta gaztetxeetan. Besterik gabe, iruditzen zaigu musikak esentzia galdu duela, eta hura berreskuratzeko proposatu dugu hau, jendeak musikaz goza dezan berriro. Nahi dugu gugana etortzen dena ez etortzea talde jakin bat modan dagoelako, eta jende guztia hara doalako, baizik eta esatea «ikus dezagun ea ze kontzertu dagoen, eta zer eskaintzen duten».
Eta hori nola lortu?
Sinplea da. Publikoari ez badiozu aldez aurretik esaten nork emango duen kontzertua, ziurtatzen duzu ez dela etorriko talde hori modan dagoelako. Egia da saiatzen direla asmatzen nork joko duen, baina niretzat misterio horrek dauka grazia. Gainera, sakelakoetako kamerak estaltzen dizkiegu, eta horrek ere ziurtatzen du jendea ez dela etortzen sare sozialetarako edukia sortzera, musika entzutera baizik. Eta Hiruputzu gaztetxean [Zarautz] egiteak beste zerbait gehitzen dio: musika areto txiki batean entzutea berezia da.
Zer ematen dute, bada, areto txikiek?
Orain modan dauden kontzertuetara joatean, seguruenik milaka pertsona izango dituzu alboan. Areto txikietan, batzuetan hamar bat lagun eta musikariak egoten dira, entzulea eta musikaria parez pare. Bestelako gertutasun bat lortzen da toki txikietan, emanaldi handietan sortzen ez den intimitate bat.
Eta zer eskaintzen du 'Itxuan kontzertuak' egitasmoak?
Publikoari aukera ematen dio beharbada etxetik dakartzan aurreiritzi horiek apurtzeko. Hemen guk antolatutakoa aurkituko dute, gustatu ala ez. Ezin dute esan: «Jo, talde hau tokatu zait, eta ez zait gustatzen». Ez. Emaiozu aukera bat, entzun, eta laugarren kantuan ez bazaizu gustatzen, ba, martxa egin, edo geratu, errespetuz. Eta musikariei, berriz, modua ematen die euren lana entzunarazteko berez euren musika entzuten ez dutenei, eta bestelako esperientzia bat bizitzeko. Sarrerak salduz lortutakoa ere haientzat da, noski. Etorriko diren taldeek eskertuko dute, baina gure asmoa ez da sold out-ak egitea.
«Etorriko diren taldeek eskertuko dute [sarreren dirua eskuratzea], baina gure asmoa ez da sold out-ak egitea»
Zer moduz lehenengo emanaldia?
Ba, azaroaren 15ean egin genuen, eta ehun lagun inguru etorri ziren. Oso ondo joan zen! Nogen taldeak eman zuen kontzertua, eta asko inplikatu ziren publikoa despistatzeko. Entzuleek, gaztetxera sartzean, instrumentuak muntatuta ikus zitzaketen oholtzan, eta, Nogenekoek, publikoak ez zezan asmatu zein ziren, taldearenak ez ziren abestien zerrendak ipini zituzten oholtzan.
Gero, bozgorailuetatik iragarri genuen kontzertua hastear zela, eta entzuleei abisatu genien sarreran eman genizkien bendekin begiak estali behar zituztela lehen abestia hasi arte. Orduan sartu ziren Nogeneko kideak, eta, entzuleak begiak estalita zeudela baliatuta, jolasean jarraitu zuten: Bulegoren abesti bat kantatzen hasi ziren. Begietako estalkia kendu, eta orduan jakin zuten entzuleek benetan Nogen entzuten ari zirela. Beraz, lortu zuten sekretua azken ordura arte gordetzea. Amaieran esan ziguten esperientzia oso ona izan zela.
Halako emanaldi berezi batean, anekdotarik egongo zen, ezta?
Bai! Bozgorailuetatik emanaldia hastera zihoala esan aurretik, publikokoek begiak zabalik zeuzkaten, eta Hiruputzun komun bakarra dago. Ba, jendeak ez zezan komunean deskubritu musika taldea zein zen, komunaren erdian tela bat jarri behar izan genuen, sekretuak ahalik eta gehien irauteko.
Nola erantzun zuen publikoak?
Guk eta Nogeneko kideek baino ez genekien zer zetorren, eta jendea sumatzen genuen zera esaten: «Halako izango da» edo «bai zera, seguru beste hau dela». Oso bitxia zen jendearen jakin-mina nabaritzea. Niretzat misterio puntu hori da politena, zer ikusi eta entzungo duzun ez jakitea. Lagun batek ere esan zidan haren kuadrillako batek desilusioa hartu zuela taldea zein zen ikusi zuenean, baina kontzertuaren amaieran binilo bat gordetzeko eskatu zidan.
Noiz duzue hurrengo emanaldia, eta nola eskuratu daitezke sarrerak?
Larunbat honetan egingo dugu, Hiruputzu gaztetxean: beti hor egiteko asmoa dugu. Kontzertu horretarako sarrerak jada bukatu dira, nahiz eta gure asmo nagusia ez zen aldi oro sarrera guztiak saltzea. Pentsatzen dut hurrengo kontzerturako sarrerak aurreko bietan bezala salduko ditugula: Zarauzko 310 dendan lortu ahalko dira, eta Instagramen bidez, @itxuankontzertuak kontura mezu bat bidalita; 6 euro balioko dute beti. Jendea bestelako esperientzia bat bizitzera gonbidatu nahi dugu, eta musikariak, berriz, halako egitasmoetan parte hartzera animatu.
lotsabako
Gogoan duzun zuzeneko bat?
Red Hot Chili Peppers.Kontzertu baterako areto berezi bat?
Psilocybenea.Ametsetan 'Itxuen kontzertura' eramango zenukeen artista edo talde bat?
Queen eta Sexty Sexers.