Hercules Poirot edo Sherlock Holmes detektibeek jaso zezaketen moduko gutun bat iritsi da BERRIAko erredakziora: «Gonbidatuta zaude 2037ko menu bat jatera». Adierazita dago non eta noiz azaldu behar duen gonbidatuak: irailaren 16an —atzo—, 19:30ean, BCC Basque Culinary Centerren GOE Gastronomy Open Ecosystemek Donostian duen egoitzako harreran. Jarraian, inkesta bat. Lehen galdera normala da: «Dieta berezirik al duzu?». «Ez». Bigarrena, berriz, bitxi samarra: «Zerk egiten du bat zurekin une honetan?». Aukeran: «Bertako gauzak probatzea gustuko dut»; «Soa nire osasunean jarria dut»; «Energia gehiago behar dut»; «Gauzak sinple egitea maite dut»; «Harritu zalea naiz». Misterioari jaten eman beharko zaio... Klika azkenari. «Adimen artifizialak zure beharretara egokituko du sukaldea. Zer lehenetsi behar luke?». Erantzun posible asko... «Sasoikoa eta bertakoa». Azken galdera: «Zer zeregin delegatuko zenuke AAn? Erabakitzea zer erosi, gaur zer afalduko duzun, zer jatetxetara joan, zure haurrek zer jango duten...». Horietako bat ere ez. «Eskerrik asko!».
Iritsi da eguna, eta hasi da misterioa. Gonbidatuak tantaka hasi dira GOEren egoitzan sartzen; neska batek ingelesez egin die ongietorria, eta beren izena duen papertxo bat zintzilikatu die lepoan. Papertxoei zeharka behatuta, argi ikus daiteke gastronomia munduko jendea dela: sukaldaritzakoa, supermerkatuetakoa, elikagai industriakoa... Hori, eta denak ez direla euskal herritarrak: afarira propio gonbidatu dituzte atzerriko pertsona ugari. 30 inguru izango dira. «Mesedez, gerturatu izozki makinara: hor hartu beharko duzue lehen erabakia», esan die andre batek gonbidatuei; haren Londresko ingelesak are gehiago girotzen du misterioa. «Zer nahi duzu: goxoa ala osasuntsua?», galdetu du zerbitzari batek. «Tira... Goxoa, zer arraio!», esan, eta izozki gorri bat eman dio eskura. Esne gain zaporea du. «Zer moduzkoa da urdina?», alboko gonbidatu «osasuntsuari». «Probatu nahi duzu?». Zapore bera dute! Lehen misterioa argitu da.
«Arren, etorri ondoko gelara». Oraindik izozkia eskuan dutela, botilaz betetako mahai batera heldu dira gonbidatuak. «Nik ura edango nuke...», esan bezain pronto jarri du zerbitzariak ura ez den zerbait duen kopa bat beste eskuan: «Berakatz beltzeko bermuta duzu». Harrituta joan dira pintxo bila. «Zergatik ezin izan dugu erabaki?». «Zergatik dut nik bermuta, zuk txakolina eta hark fruta irabiatu bat?». Marmitako mokadu bat ahoratu dute eztabaidatu bitartean: oso goxoa dago. «Eta han adimen artifizialak diseinatutako marmitakoa duzue!», iragarri dute. Ezin probatu gabe geratu. Broxeta batean daude atuna, piperra, tipula... Goxoa dago, baina ez dauka sukaldariek diseinaturikoaren azken ukitu hori.

«Afaria hastera doa!». Apar jatetxean bi mahai luze atondu dituzte; gonbidatu bakoitzak non eseri behar duen jada erabakita dago. Londresko ingelesez hitz egiten duen andreak hartu du hitza: «Ongi etorri! Orain arte zuek manipulatzen aritu gara. Barkatu...». Nola ez da, bada, hau misteriozko eleberri bat izango? «Jaten dugunari buruzko informazio asko dugu eskura, eta lehen pausoa horixe izan da: izozkia informaziorik gabe hautatzea. Edaria, berriz, guk aukeratu dizuegu; zuen datu asko ditugu... Asmatu dugu?».
Rhiannon Jones da hizlaria, Singapurko Synthesis agentziako Etorkizunen zuzendaria; alboan du Lee Fordham, agentziako burua. «Datu ugari aztertzen ditugu, mundua nola aldatzen ari den ikusteko. Jendearen portaera aztertzen dugu, eta saiatzen gara enpresak etorkizunerako prestatzen», azaldu du Fordhamek.
«Nola uztartuko dira hemendik hamar urtera adimen artifiziala, gizakiok hartzen ditugun erabakiak eta elikadura?»
JOHN REGEFALK GOEko berrikuntza koordinatzailea
Gonbidatuek oraindik ikusi ez duten arren, sukaldean dago John Regefalk, GOE Tech Centerreko sukaldaritza berrikuntza arloko koordinatzailea. «Afariak galdera hau du ardatz: nola uztartuko dira hemendik hamar urtera adimen artifiziala, gizakiok hartzen ditugun erabakiak eta elikadura? Etorkizunean hartuko ditugun eta hartuko ez ditugun erabakiei buruz hausnartzea da xedea». Eta horregatik prestatu dute 2037ko menu bat.
Lehen platera ateratzeko garaia da, eta hura azaltzera atera da Regefalk: «Plater hau osorik diseinatu du AAk. Ez da erraza chef bati esatea ezin diola belar hau edo espezia hura bota, baina argibideak bete ditugu. Lasai egon: bizi osoa daramagu besteen platerak egiten, besteen errezetak segitzen...». Ez du lortu, ordea, uneari misterioa kentzea. Barazkiz osaturiko plater goxo bat atera dute. «Harritu egin gaitu errezetaren kalitateak, oso-osoa egin baitu. Hori bai: oso identitate gutxi dauka», uste du Regefalkek. Ahoa beteta, jendeak buruarekin baietz egin du. «Ariketa diasporiko bat bezala da, ezta? AA deituriko herrialde bateko plater bat jatea bezala», iradoki du gonbidatu batek.
Luze bizitzea
Ariketa diasporikoa, ziplo. Ondotik, koji onddoz ondutako ahate pastramia atera dute, Idiazabal gaztaz eta piperrez eginiko saltsekin. Hura osatzeko, hiru aukera eman dituzte: hesteetako osasuna lehenestea, ondo lo egitea edo luze bizitzea. Gehienek hautatu dute azkena. «Lehen biak taktikoak dira, eta azkena, estrategikoa», interpretatu du mahaikide batek. Luze bizi nahi dutenen platerei estalki biribil gorri bat jarri diete, eta dastatzeari ekin diote. «Zer iruditzen zaizu?». «Bueno...». «Mikatz samarra, akaso?». Luze bizitzeak ez du zertan goxoa izan.
Goxoa zegoen, zegoenez, gero atera duten kokotxa. Kokotxa, bai: bakarra. Planetaren mugek ere eragina dute janarian, eta esku gutxitan egongo da animalien parte gozo eta esklusiboenak jateko aukera. Hori, batetik. Bestetik, postrea sukaldean zaborretara bota ohi diren osagaiekin egina dago: ogi zaharrarekin, laranja azalarekin... Eta gustagarria da.
«Mila esker etortzeagatik. Geroa ez dago erabakita, eta zuen esku dago: bide ona har dezake», biribildu du Fordhmek. «2026ra itzultzen utziko dizuet».