Animalien, izaki fantastikoen eta munstroen maskaren artetik atera du burua Koldo Nava Vicentek (Burlata, Nafarroa, 1959): «Zeren bila zabiltza?», galdetu du, ohi bezala. 35 urtez aritu da galdera hori egiten Iruñeko La Mascara mozorro dendara sartzen diren bezeroei, atea zeharkatu bezain pronto. Gaztaroan Navak mota guztietako lanbideak izan zituen: burdindegi batean lan egin zuen, baita harategi batean ere; futbolaria izan nahi zuen, eta familiaren negozioan lagundu zuen. Baina, azkenean, familiaren lokalaren ondoan mozorro denda bat irekitzea erabaki zuen. Urteak joan eta urteak etorri, denda handitu egin zuen mozorroz, maskaraz eta ileordez betetako korridore luzeak paratuz. Data berezietarako jantzien eta osagarrien bila ibili diren bezero askoren istorioak ezkutatzen dira apaletan; Halloween, inauteriak, ezkondu aurreko agurrak, Gabonak edo Urtezaharraren moduko egunak ospatu nahi dituztenen zantzuak. Baina Navaren oroitzapenak ere gordetzen dira bertan, «pasadizo ugari» baititu kontatzeko. Aurten erretiroa hartuko du Navak, 35 urteko lanaren ondoren, baina dendaren ibilbidea ez da amaituko.
Familiaren negozioan hasi zinen lanean?
Bai. Karetak ditudan etxabea nire gurasoena zen, eta bertan aldizkariak, egunkariak eta litxarreriak saltzen zituzten, eta haiekin hasi nintzen lanean. Gero ondoan zegoen harategia hartu nuen gurasoen lokalarekin elkartzeko, baina hori lortzeko urtebete aritu behar izan nuen harakin gisa lanean. Mozorroak eta Eguberrietako gauzak saltzen hasi nintzen; apar sintetikoa eta bolak, adibidez. Baina hiru urteren ondoren Gabonetako produktuak kendu nituen, eta inauterietako produktuak eta mozorroak sartu nituen. Gero dena hedatzen hasi nintzen: harakinen lantegia zegoen lekuan orain nire idazmahaia dago, eta baziren bertan behera utzitako etxabeak ere, orain biltegi gisa erabiltzen ditudanak.
Zergatik erabaki zenuen mozorro denda bat irekitzea?
Gurasoen dendan lan egiten nuenean mozorroren bat jarri nuen erakusleihoan, eta Gabonak edo inauteriak iristen zirenean ongi saltzen zen. Beraz, urte osoan jartzen hasi nintzen, eta ondo saltzen hasi ziren. Gurasoek denda utzi zuten, eta dendan lanean hasi nintzenean, beste aldean mozorroak ondo saldu zirenez, mozorro denda bat irekitzea bururatu zitzaidan. Mozorro asko alokatzen hasi nintzen, baina urtarrila iristen zen, eta jendeak ez zituen mozorroak itzultzen.
Mozorroak alokatzen dituzu oraindik?
Bai, alokatzen ditut. Esate baterako, Minnie, Mickey eta Bob Belakiaren gisako pertsonaien mozorroak alokatzen ditut urtebetetze ospakizunetarako. Antsoain eta Txantrea auzoetan Gabonetan antolatzen dituzten desfileetarako ere alokatzen ditut mozorroak.
Zenbat mozorro dituzu osotara?
5.000 mozorro baino gehiago ditut, ez dakit zenbat zehazki. Bilduma hau guztia egiteko denbora behar da, eta pilatu egiten dira.
Nola lortzen dituzu dendan dauden mozorroak?
Lehen, azoketara joaten nintzen mozorroen bila; Txinako azoka batera joan nintzen, eta han errege bat bezala tratatu ninduten! Baina orain ez dago joan beharrik; nire kredentzialak ditut, eta fabrikatzaileei zuzenean eskatzen dizkiet.
Nolakoa da Urtezahar gaua zuretzat?
Antzina, dendan Urtezahar gaua abenduaren 1ean hasten zen. Herrietatik zetorren jendearen iskanbila sumatzen zen, eta dena lehertu egiten zen abenduaren 31n. Atea itxi behar izaten nuen, sortzen ziren ilarengatik, denda gainezka egoten zelako eta arriskutsua zelako. Orain ere egun batzuetan dezente betetzen da denda, batez ere abenduaren 30ean eta 31n. Egun horietan etortzen da mozorroen afera azken ordurako utzi duen jendea. Baina ez da gauza bera.
«Lehen, inguruko herrietako jende guztia etortzen zen mozorroak erostera, baina orain gazteek etxetik erosten dituzte»
Zer aldatu da?
Asko nabaritzen da jendeak Internet bidez erosten duela, eta horren aurka ezin da borrokatu. Lehen inguruko herrietako jende guztia etortzen zen mozorroak erostera, baina orain gazteek etxetik erosten dituzte.
Orduan, salmenta jaitsi dela nabaritu duzu?
Orain ere ondo lan egiten dut, baina ez da hasieran izaten zenaren antzekoa. Izan ere, orain Internet dago, eta Amazon, Temu eta halako enpresek ez diote inori arnasa hartzen uzten. Jendeak Interneten mozorroak bilatzen dituenean Amazonen webgunea ateratzen zaio lehenik, eta ezinezkoa da haiekin lehiatzea. Jendea larritu egin zen Iruñean bazar asko irekitzen hasi zirenean, baina niri bost axola hemengo dendekin lehiatzea.
Zer egin duzu egoera horri aurre egiteko?
Webgunea dugu, online denda, baina webgunean dirua sartu behar da posizionatzeko, eta enpresa handi horiei berdin zaie egunean milioi bat euro gastatzea. Gremio guztiei eragiten digu, enpresa horien webguneetan edozer gauza eros daitekeelako noiznahi, eta horren aurka ezin naiz lehiatu.
Interneten etorreraz gain, ohiturak nola aldatu diren ere ikusi duzu?
Bai. Lehen, asko saltzen ziren txantxa sexy-ak; plastikozko zakilak zituzten diademak, batez ere. Elementu horien salmenta ere dezente jaitsi da, orain gaizki ikusten baita neskek buruan zakilak izatea eta mutilek titi faltsuak eramatea. Niri ere ez zitzaidan gustatzen. Baina ezkondu aurreko agurrak ospatzeko mozorroak eskatzen dituzte oraindik; adibidez, asteburuan zakil mozorro bat eskatu zidaten ezkondu aurreko agur baterako. Gauza batzuek pixka bat eboluzionatzen dute.
Halloweenen hazkundea sumatu duzu?
Bai. Dendan hasi nintzenean ez zegoen modan. Ez genuen asko saltzen garai hartan, baina orain gehien saltzen dugun garaia da. Iruñean beste toki batzuetako unibertsitate eta ikasle asko daude, eta data horietan etortzen dira. Imajina dezakezun bezerorik txarrena da; Halloween gorroto dut.
Zergatik?
Guraso aberatsak dituzten umeak dira, eta atetik sartzen direnean mugikorra eskuan dute beti. Ez zaituzte agurtu ere egiten, gauzak hartu eta alde batetik bestera eramaten dituzte, eta beste leku batean uzten dituzte, eta manikiei ileordeak kentzen dizkiete. Nik kutxatik ikusten ditut, eta mozorroak ez nahasteko eta beren lekuan uzteko eskatzen diet. Mugikorrarekin hizketan daude, lagunekin mozorroak komentatzen. Gero kutxara etortzen dira bi euro ordaintzera, eta txartelarekin ordaindu behar dute beti, nahiz eta kartel handi bat dudan: «Gutxienez zazpi euro txartelarekin ordaintzeko». Baina kasurik ez.
Erosleen jarrera ere aldatu da, beraz?
Bai. Txanpona, teknologia eta Internet aldatzen ikusi ditut, baina bezeroen aldaketa izan da harrigarriena. Ni saltzaile trebea naiz, ongi hezia, eta jendea agurtzen dut dendan sartzen denean, baina batzuetan ez dute agurtu ere egiten, mugikorrari adi daudelako. Jendeari begira lan egitea nekagarria da.
Badaude hasieratik saltzen diren mozorroak?
Bai: pirata, mosketari, apaiz, moja, fraide eta preso mozorroak. Ondo saltzen dira beti.
Eta aldatu direnak?
Bai. Orain gehiago saltzen da laranja koloreko preso mozorroa, baina lehen marra zuri-beltzekoa saltzen zen gehien. Orain gehiago saltzen da laranja kolorekoa, filmetan eta kartzelari buruzko telesailetan horixe ikusten baita gehien.
Ikus-entzunezko lanak ikusterakoan, gai zara mozorro posibleak identifikatzeko?
Bai. Azkar nabaritzen da arrakasta handia duen film bat dagoenean. La casa de papel [Paperezko etxea] telesailaren mozorroak asko saldu ziren, eta Squid Game [Txipiroiaren jokoa] telesaiaren lehen denboraldiarekin lotutakoak ere bai. Oraindik baditut batzuk, eta saldu egiten dira. V for Vendetta pelikularen maskarak ere saltzen dira; 500 ditut oraindik, eta manifestazio handiren bat badago, maskarak bi eurotan uzten dizkiet. Azkenaldian ez dut ikusi mozorro berriak saltzeko balio dezakeen pelikula esanguratsurik.
«Txanpona, teknologia eta Internet aldatzen ikusi ditut, baina bezeroen aldaketa izan da harrigarriena»
Badago saldu nahi ez duzun mozorrorik?
Ez ditut bideojokoetan eta manga aldizkarietan agertzen diren mozorroak saldu nahi, oso garestiak direlako. Baina ondo legoke mozorro horietan espezializatzea eta mozorro horiek bezeroentzat eskatzen hastea.
Mozorro berrien bila aritu behar duzu, beraz?
Bai. Beti erne egon behar duzu, garaiak aldatuz doazelako eta mozorro berriak sortzen ari direlako etengabe. Duela bost urte ez nuen Grinch pertsonaia ezagutzen; munstro berde bat da. Jendeak eskatzen zuelako ezagutu nuen.
Zer galdetzen dizute bezeroek?
Galdetzen didate: «Aurten zertaz mozorrotuko gara?». Ba ez dakit, dinosauro mozorroa gomendatzen dut askotan. Aholkuak ematen ditut, baina, hainbeste aukera daudenez, zaila da. Zerbait hobeto pentsatuta duen jendea sartzen denean, aukera posible guztiak ateratzen dizkiet. Baina zer nahi duten jakin gabe sartzen badira, mozorroen katalogoa ematen diet ikus dezaten.
Nola lortu duzu denda 35 urtez irekita mantentzea?
Mozorro ugari izanez eta dendaren ateak ez itxiz. 35 urte hauetan mozorro pila bat lortu ditut, eta jendeak denda dagoeneko ezagutzen duenez, hona erostera etortzen dira.
Aurten erretiratuko zara. Dendaren lekukoa hartuko du norbaitek?
Bai, badago pertsona bat denda hartzeko prest. Ez dut denda itxi nahi; denak itxi dituzte pixkanaka. Belaunaldien arteko erreleboarena kezka handia da, Iruñeko denda historiko asko itxi dituztelako, eta pena handia ematen du.
Zer gustatzen zaizu gehien zure lanean?
Dena ikusten dudala. Erosleak eta ohiturak nola aldatu diren ikusi dut mozorroen bitartez. Ederra izan da.
Zure bezeroetako batzuk hazten ikusi dituzu?
Bai. Gaztetan lau lagun etortzen ziren dendara, adibidez, eta handik urte batzuetara hiru bakarrik etorri ziren. Laugarrena ezkonduta zegoen. Gero bi, bestea ere ezkondu zelako. Orain seme-alabekin datoz. Nik gurasoen negozioarekin aurrera jarraitu dut, eta bezeroek seme-alabak ekarri dituzte.
Erretiratuko zarela jakin dutenean, zer esan dizute erosleek?
Baten batek uste du denda itxiko dudala. Ez dut itxiko! Pena ematen die. Baina denda bat izan duten lagunak ditut, eta badakit denda irekita dagoenean jendeak ez duela ezer erosten, Internet bidez erosten dutela, eta gero pena ematen diela denda ixteak. Ba erostera etorri, orduan!