Melillaren erretratu bat da, laburbilduz, La bestia soy yo argazki bilduma (Piztia ni naiz). Eta ez da hutsala tokia nabarmentzea, hark ezarri du-eta proiektuaren testuingurua. «Mugak guzti-guztia baldintzatzen du», azpimarratu du Rocio Madrid argazkilariak (Melilla, Espainia, 1988): determinatzen du bertokoen mundu ikuskera, haien arteko harremanak, baita jarduera artistikoa ere. Mugez eta maskulinitateez hausnartzen duen lan horren bidez gailendu da Madrid Baffest andre argazkilarien Barakaldoko (Bizkaia) jaialdian.
Txikitatik barneratutako ideia batzuk zalantzan jartzeko beharrari erantzuteko sortu zenuen proiektua, funtsean?
Bai, noski. Hazi nintzen testuinguruak eta oraingoak baldintzatutako ideiak dira.
Bi maskulinitate ereduren inguruan ohartarazten dizuete Melillako neskei txikitatik: batetik, militarrez; bestetik, marokoarrez. Nola eraikitzen da horienganako beldurra?
Beldurra baino gehiago… Ezin zinen soslai horiengana gerturatu, mehatxagarriak ziren eta: ez eraso egingo zizutelako nahitaez, baina bai zure gaineko boterea zeukatelako, edo intentzio txarrez joan zitezkeelako neska batengana. Muga eremu batean hazten zarenean, alarma hori daukazu, babestu beharra daukazu gizon horiengandik. Militar mota asko daude: maila altukoak ez ziren mehatxagarriak; soldaduska egitera zetozenen inguruan sortu zen fama txarra.

Zer eragin du mugak maskulinitate horietan?
Hemen, mugak gauza guztietan dauka eragina; besteak beste, zure mundu ikuskeran. Azken batean, muga fisikoa da, baina, bereizketa horren ondorioz, etengabe ari zara zeure buruari ere mugak ezartzen.
Nola islatzen da zure proiektuan?
Argazkietan nire egunerokoa islatu dut, eta maskulinitate jakin horiekin izan ditudan konexio momentuak. Soilik nire ikuspegi artistikoaren bidez gerturatu naiz, nire begirada edo neraman motxila inposatzeko helbururik gabe.
«XXI. mendean eta Melilla bezalako toki batean, klixeak ezin dira aplikatu; hemen etengabe inprobisatzen jakin behar duzu, eta idiosinkrasia oso partikularra dauka»
Eta ikuspegi hori aldatu egin da proiektuari esker?
Orain dela bost urte itzuli nintzen Melillara. Imajinatu zer den muga bat izatea hiri hain txiki batean, hamabi kilometro koadroko hiri batean. Neure buruari proposatu nion muga gehiago ez jartzea. Nire kamerak eta nire arteak bidea eman zidaten hutsetik hasteko, eta hainbeste aurreiritzirik gabe gerturatzeko: nire hiria gehiago ezagutu nahi nuen, eta proiektuak lagundu dit nire testuingurua modu askoz poliedrikoagoan eta aberatsean ezagutzen. Gainera, erotismoa ere esploratu nahi nuen, baina pornografia erabat bazter utzita: gorputz maskulinoaren edertasunean arakatu nahi nuen.
Zer garrantzi dute erretratuek gerturatze horretan?
Hor dago giltza. Erretratu guztiek izan dute solasaldi bat aurretik, beti ondo irten ez den entzute prozesu bat. Eta umiltasun ariketa bat ere izan da. Kultur munduan jasotako heziketak aurreiritzi eta klixe asko sartu zizkidan buruan, baita Melillatik kanpo ere, hala kontserbadoreen nola aurrerakoien partetik. Ideia bera zen: soslai horiengana ez nintzen hurreratu behar. XXI. mendean eta Melilla bezalako toki batean, klixe horiek ezin dira aplikatu; hemen etengabe inprobisatzen jakin behar duzu, eta idiosinkrasia oso partikularra dauka. Moldatuz joan behar duzu.

Argazkien koloreak eta formatuak ere gertutasuna adierazteko aukeratu dituzu?
Nik berdin ateratzen diot argazkia fruta bati edo aurpegi bati. Kamera analogikoa erabiltzen dut, 37 fotograma dauzka, eta irudiak ondo pentsatu behar ditut. Gustuko dut koloreekin lan egitea; gainera, nire hiriak kolore zoragarriak ditu. Horiek osatzen dute nire lengoaia: koloreek eta gertutasunak. Gainera, lan mantsoa da, argazkiak Bartzelonara bidali behar baititut errebelatu ditzaten, handik berriro bidali behar dizkidate… Metodoak egiten du diskurtsoa are borobilagoa izan dadin. Argazkiaren inguruan hausnartu behar duzu, ikusi… Denbora igaro behar da.
Ez da proiektu itxi bat, ezta?
Ez. Azken finean, Melilla nire laborategi bihurtu da. Izan ere, oso jende gutxik hitz egiten du hemendik. Ohikoa zera da: norbait etortzea, bere erreportajea egitea hesiaz hitz eginez… Baina inork ez dauka egunero argazkiak egiteko ohitura. Ni oraindik harritu egiten naiz hesia ikusten dudanean; are, iruditzen zait baduela zerbait poetikoa ere, minarekin eta malenkoniarekin batera. Hemen egon bitartean, hori izango da nire artearen helburua: dokumentu zintzo bat uzten ahalegintzea.
lotsabako
Argazki bat?
Maite dut udaberria heltzen denean mugara.Proiektu bat?
Liburu bat atera nahiko nuke nire olerkiak eta argazkiak konbinatuta. Maitasun erromantikoari eskainitako tributu bat, beharbada.