«Muga gaindiezinak» salatzeko tantak

Abiatu da Urmugaren Urtanta egitasmoa. Maiatzean Kanaria uharteetan izan ostean, Euskal Herriko zazpi probintziak beteko ditu mendiz eta musikaz. Mugek migratzaileei sortutako oztopoak gaitzetsiko dituzte, eta muga horien ondorioz hildakoak omendu.

Urtantako parte hartzaileak, Biriatutik abiatzen. BERRIA
Urtantako parte hartzaileak, Biriatutik abiatzen. BERRIA
ane insausti barandiaran
Biriatu
2026ko uztailaren 17a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendiko arropak eta motxila soinean iritsi da Eduardo Zabala Biriatuko plazara (Lapurdi). Baina 10:00ak jotzeko hogei minuturen faltan, hutsik topatu du. «Oraindik ez da ordua, baina Felipek [Uriarte] hemen zela esan dit...». Ondarroatik (Bizkaia) ordubeteko bidea egin du, Urtanta egitasmoan parte hartzeko. Kanaria uharteetan ekin zioten aurtengo Urtantari, maiatzean, eta gaur hasi da Euskal Herriari dagokion zatia, Biriatutik, Urruñatik (Lapurdi), Beratik (Nafarroa) eta Endarlatsatik (Lesaka, Nafarroa). Gaur hasi da, eta uztailaren 25ean amaituko da, Euskal Herriko zazpi lurraldeak mendi ibilaldiz eta musikaz zipriztindu ondoren.

Egitasmoan parte hartzen duen bigarren aldia da Zabalarentzat. Iaz sasoian zela esan du, eta horregatik animatu zela: «Aurretik irakurriz bakarrik ezagutzen nuen, BERRIAren bitartez. Beti kronikak irakurtzen nituen: polita da mendian lagunartean ibiltzea eta, horrez gain, musikaz gozatzea». Aurten lehen hiru egunetan parte hartzeko asmoa dauka. «Lagunarteko giroa sortzen da, giro ederra. Paraje ederrak dira, eta bertako jendea animatzen da normalean; herriko jendea ezagutzea da beste tanta bat», esan du.

Odile Susperregi alkateak eta Mirentxu Pascal kultur arduradunak udaletxetik agurtu dute Zabala. Kafe bat ere eskaini diote, jendea iritsi bitartean. Goxo hartu nahi dituzte parte hartzaileak, haientzat garrantzitsua baita Urtantaren gisako egitasmoak herri txikietatik pasatzea. «Oso polita iruditzen zaigu ibilaldien eta musikaren artean lotura egitea. Oso harro gara horrelako ekitaldi bat gure herrian hartzeagatik. Herri txikietan ez da erraza, batez ere garai honetan». Haien inplikazioaren erakusgarri, Pascalen etxean egingo dute lo gaur zenbait parte hartzailek.

Biriatuarrek biharko ekitaldia antolatzen lagundu dute gehienbat, kontzertu berezia egingo baitute Bidasoa ibaiaren ondoan: Mugarri taldeak, Otxo taldeak, Jokin Lasak, Odei Barrosok, Rogelio Botanz & Percuteras de Garaldeak parte hartuko dute, Et Incarnatus orkestrarekin batera. Bidasoa ibaitik itsasontziak helduko dira, eta Amets Arzallus bertsolariak ere parte hartuko du. Izan ere, migrazioa du ardatz aurtengo Urtantak, eta, Bidaso inguruan bizi direnez, gaia gertutik bizi dutela kontatu du Pascalek. «Batzuetan istripuak gertatzen dira. Denok inplikatuak gara hori ezagutarazteko. Bada urtebete-edo inor ikusten ez dugula, baina hemendik pasatzen ikusi izan ditugu migranteak; saiatzen dira leku txikietatik pasatzen, eta batzuetan galdu eta gure herritik ere pasatzen dira».

Taldea handitzen

Mendiko botak eta makilak eskuan sartu da plazara Urtantaren arimetako bat: Felipe Uriarte mendizale eta mendi gidaria. Eskua astinduz agurtu ditu plazan elkartutakoak. Harekin dator Ion Ansa antolatzailea ere. Kanaria uharteetako esperientziaren ondoren, Euskal Herrian mugen ondorioez ohartaraztea dute xede: «Bidasoan arazo oso handia daukagu gizatasunaren eta giza eskubideen ikuspuntutik. Guretzat muga bat dago, normal samar gurutzatzen dugu, baina jende askorentzat hori muga gaindiezin bat da. Eta gu agian ez gara konturatzen gure egunerokoan, baina hor dago. Urmuga mugen gainetik ibiltzen den proiektu bat izanik, hori adierazi nahi genuen». Mugarik gabeko mundu bat nahi dutela, alegia.

Normalean maila horretako kontzertuak izateko baliabiderik ez duten herrietara iristea da Urtantaren indarguneetako bat, Ansaren hitzetan. Ekitaldi masifikatuak egiten saiatu beharrean, herri txikiei bizitza ematen saiatzen dira. «Modu artisauan» lan egiten baitute, herritarrekin eskuz esku. «Guretzat hori da alderik hunkigarriena, herritarren erantzuna. Herrietan, alkateak inplikatzen dira, zinegotziak, ikastolak, bertako mendi taldea, bertako kantariek nahi izaten dute kantatu... Beti eskatzen du tokiko jendearen inplikazioa». Eta hori nabaritu egiten da amaierako emaitzan: «Jendeak ez du musikaz gozatzen bakarrik: atzean duen hori guztia ere bizi du. Giro hori nabaritu egiten da».

Alkatea eta kultur arduraduna herrian utzita abiatu dira Mantalera. «Ezingo naiz haiekin joan; pena da niretzat, benetan, ebakuntza bat ukan dudalako orain dela hilabete bat eta erdi», esan du Pascalek. Hamar kilometro pasa egingo dituzte gaur, eta Et Incarnatus orkestra, Easo abesbatza eta zenbait herritako Kalean Kantuz taldeen kontzertua izango dituzte zain, Anabel Arraizaren gidaritzapean. Irunen (Gipuzkoa) izango dira bihar, eta, uztailaren 25a bitartean, Nafarroa, Zuberoa, Araba eta Bizkaia ere bustiko dituzte. Abiatu da Urtanta, eta ez du geratzeko asmorik, mugarik gabeko herri bat josi arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA