Zarautzen giro berezia bizi ohi dute uztaileko lehen egunetan. Kalera ateratzearekin batera, zirku ikuskizunen batekin topo egin dezakete, eta, hurrengo kalean, dantza emanaldi batekin. Zarautz oso ezaguna da bere hondartza eta malekoi luzearengatik, baina etzi hasi eta larunbatera arte Kalerki jaialdiak hartuko du protagonismoa; antzerkia, dantza eta zirkua uztartzen ditu jaialdiak.
Izaera askotako hamabi espektakuluz gozatzeko aukera izango dute zarauztarrek eta bisitariek. Hiru egunetan banatu dituzte hamabi ikuskizunak; lau ikuskizun eguneko. Jaialdiaren 33. aldia da aurtengoa, eta aldaketa batzuk egin dituzte aurtengo egitarauan. Izan ere, Zarauzko hainbat lekutan egiten ari diren obren ondorioz, emanaldiak beste kale batzuetara aldatzea erabaki du Zarauzko Udalak: Amalur parkean, Miren Etxabe plazan, malekoian... Beraz, ohikoak ez diren tokietan egongo da kulturaz eta arteaz gozatzeko aukera.
Jatorri askotariko konpainiek parte hartuko duten arren, Euskal Herriko taldeak izango dira nagusi. Bitsa konpainiak, esaterako, Haritik tiraka antzezlana aurkeztuko du etzi. Narrazioen eta objektuen bidez, eta biolontxeloak girotuta, kale antzerki bat egingo dute Santa Klaran, 20:00etan. Ikuskizunak Euskarazko Ikuskizunik Onenaren saria jaso du aurtengo Leioako Umore Azokan.Â
Ostegunean bertan, Tiritirantes konpainiak Karrusel ibiltaria zirku ikuskizuna aurkeztuko du, Amalur parkean, 19:00etan —hitzik gabea da—. Miren Etxabe plazan, berriz, zirkua eta antzerkia uztartuko ditu  Espainiako Jean Philippe Kikolas konpainiak Sin remite emanaldian, 20:45ean. Haatik dantza konpainiaren IOI dantza izango da etziko azkena, 22:00etan, Malekoian.
Italiatik, clowna
Kalerki jaialdiaren ostiraleko lehen emanaldia Italiako CieBruboc konpainiarena izango da, 19:00etan, Amalur parkean; clown surrealista ardatz duen Woow! zirku emanaldia eskainiko dute italiarrek. Txema Muñoz kataluniarraren Gota espektakuluak, berriz, clowna eta magia nahasiko ditu, 20:30ean, Santa Klaran; besteak beste, Kaleko Ikuskizun Onenaren Feten saria jaso du aurten.Â
Uztailaren 3an bertan, Sinergia street ikuskizuna izango da Zelai Ondon; hitzik gabeko zirkua da, Nueveuno konpainiarena: malabarak, dantza eta akrobazia uztartuko dituzte. Ikuskizun horri segida emanda, eguna La Buffa konpainiaren Ni fu ni fa umorezko emanaldiarekin amaitzeko aukera izango dute Santa Klarara joango direnek. Konpainia hori osatzen duten bi ahizpek anai-arreben arteko harremanak aztertuko dituzte, umorearen bitartez.
Uztailaren 4an, larunbatean, Asvin&Pia Euskal Herriko bikote artistikoak Aske kontakizuna aurkeztuko du, Santa Klaran; musika eta masta txinatarra oinarri hartuta, bizitzaren eraldaketari buruzko istorio bat kontatuko dute. Ertza taldeak, berriz, Mozambikeko eta Euskal Herriko dantzak batuko ditu Otempodiz emanaldian, 20:30ean, Miren Etxabe plazan.
Jaialdiaren azken egunean, plaza horretan bertan arituko da Barsanti konpainia; Kodizia izeneko antzezlana estreinatuko du Euskal Herriko konpainia horrek. Komedia erabiliz, ikusleak denboran bidaiatuko du, gaur egungo gaiak aztertzen dituen bitartean. Truca Circus konpainiaren Alboroto ikuskizuna izango da jaialdiko azkena, larunbatean, 23:00etan, Zelai Ondon; zirkua eta flamenkoa nahasiko ditu Espainiako konpainia horrek.Â