Ikertzailea

Xabi Martinez-Mendia: «Mutil baino neska gehiagok hartu dituzte antsiolitikoak inoiz»

Martinez-Mendiak antsiolitikoen kontsumoa ikertu du nerabeen artean, eta ondorioztatu du herrialde bakoitzeko faktore ekonomiko eta sozialek eta genero berdintasunaren mailak eragina izan dezaketela.

Xabi Martinez-Mendia. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Xabi Martinez-Mendia. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2026ko ekainaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasuna dimentsio askotako fenomenoa da, eta ez du biomedikuntzak soilik ikertzen. «Soziologiak osasuna prozesu historiko, politiko eta sozial gisa kokatzen du, eta ikuspegi horrek osasuna askoz modu konplexuagoan ulertzea dakar», hala uste du Xabi Martinez-Mendia ikertzaileak (Gasteiz, 1998). Hain zuzen, horixe egiten du EHUko OPIK ikerketa taldeak: osasunaren faktore sozialak ikertu. Talde hartako kide da Martinez-Mendia, eta antsiolitikoen kontsumoa ikertu du nerabeen artean.

Nolakoa da antsiolitikoen eta lasaigarrien batez besteko kontsumitzailea?

Orokorrean, ikerketek erakutsi dute 46 eta 64 urte bitarteko emakumea dela, etxekoandrea edo langabetua, bakarrik bizi ohi dena eta osasun arazo kronikoak eduki ohi dituena.

Edonola ere, zuek nerabeengan jarri duzue arreta. Zergatik?

Ikusi dugu gizarte mailan kezka dagoela nerabeen egoeraren inguruan, pandemia osteko egoeraren inguruan batez ere, eta horri buruzko lan lerro bat dugu OPIKen. Hainbat inkestaren bitartez ikusi dugu psikofarmakoen kontsumoa igotzen ari dela nerabeen artean; kasu batzuetan, igoera altuagoa izan da nerabeen kontsumoan helduen kontsumoan baino. Gainera, nerabezaroan hasten da ja genero desberdintasuna: 10 urte inguru dituztenen artean, mutilen eta nesken kontsumoa paretsua da, baina, nerabezaroan sartzen joan ahala, mutil baino neska gehiagok hartzen dituzte antsiolitikoak. Handik aurrera, joera horri eutsi egiten zaio, eta handitu egiten da.

Botika psikotropikoen kontsumoa hazi izanak esan nahi du hein berean okertu dela buru osasuna?

Kausalitateaz ezin dugu hitz egin, baina bai asoziazio batez. Hipotesietako bat da psikotropikoen kontsumoaren igoerak ez lukeela inolaz ere ekarriko buru osasuneko arazoak murriztea. Ikerketek erakutsi dute botiken kontsumoak eta buru osasuneko arazoek, biek, egiten dutela gora, eta batak ez duela bestea murriztea eragiten.

Kontsumo datuetan alde handiak daude Europako herrialdeen artean?

Bai. Europako kontsumo datuak ikusten hasi ginen, eta ikusi genuen herrialde bakoitzeko kontsumo datuak oso desberdinak direla, bai kontsumo orokorrari dagokionez, bai genero desberdintasunari dagokionez. Portugalgo nerabeen %19k antsiolitikoak kontsumitu ditu inoiz, Espainian %14k, Italian %10ek, Ukrainan %5,6k, Letonian %28,2k... Europan kopuru baxuena Errumanian dute —%4a—, eta Eslovakiak %15a du, halako hiru. Alde handia ikusi genuen, eta horrek piztu zidan ikertzeko nahia: ea herrialde barruko faktore batzuek —genero berdintasun mailak eta egoera sozioekonomikoak— eragina ote zuten alde horietan. Hori izan zen hastapena.

Ondorio nagusi bat?

Ia-ia herrialde denetan mutil baino neska gehiagok hartu dituzte antsiolitikoak inoiz.

Eta horretan sakondu duzue.

Hainbat datu integratuz eta bereziki generoari erreparatuta, zera ikusi genuen: zenbat eta genero berdintasun handiagoa, BPG per capita altuagoa eta desberdintasun sozial gutxiago izan, orduan eta gehiago murrizten da generoari dagokionez kontsumoan dagoen aldea. Hau da, genero desberdintasun eta desberdintasun sozioekonomiko handia duten herrialdeetan handitu egiten da genero arrakala hori. Gure hipotesietako bat hau da: genero desberdintasun handiagoko herrialdeetan mutilek psikofarmakoekiko distantzia handiagoa izango dute, seguru asko, eta neskak, berriz, gertuago daude. Herrialde parekideagoetan ez da hain desberdina mutilek eta neskek psikofarmakoekiko duten joera, ezta kontsultara joateko, emozioak adierazteko eta ondoezari aurre egiteko estrategiak bilatzeko moduak ere.

Erantzun batzuk eman dituzue; galdera berriak ere sortu dira?

Bai, bai. Erabiltzen ditugun adierazleak oso zabalak dira, eta deskribapen zabalak ematen dizkigute. Faktore kulturalek psikofarmakoetarako bidea erraztu edo zaildu dezakete, eta ikertzeke daude.

lotsabako

Zer datuk harritu zaitu gehien​​​​​​?
Orokorrean, kontsumo apalenak BPG per capita baxuena duten herrialdeetakoak izateak.

Gutxien?
Genero berdintasunak eragina izateak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA