Zain dauden kazetariz betetako areto zaratatsuan apusturen bat edo beste egin da sanferminetako txupinazoa nork botako duen asmatu nahian. Baina gelako ateak ireki ahala, zalantza guztiak uxatu dira: uniforme laranja fosforeszenteak jantzita sartu dira Clint Jean Louis Fernandez eta Miren Oskariz, Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetzako langileak. Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetzak 3.775 boto lortu ditu, boto guztien %32,15.
«Ez dago misteriorik, ezta?», esan du Iruñeko alkate Joseba Asironek langileak gelan sartu bezain pronto. «Besta posible izan dadin, ikusten ez diren gauza askok funtzionatu behar dute. Badaude ikusezinak diren lan batzuk, eta horietako bat da Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetzak urtero egiten duena, baita jaietatik kanpo ere», aipatu du alkateak.
Zuzendariordetzaren izenean hartu du hitza Clint Jean Louis Fernandezek, eta eskerrak eman nahi izan dizkie hautesleei: «Eskerrik asko aitortzagatik. Eskerrak eman nahi dizkiegu Nafarroako larrialdi zerbitzu guztiei». Normalean jaiak «beste leku batzuetan» bizi izaten dituztela adierazi du Fernandezek, egoera «oso larrietan». Bada, hain zuzen ere, «oso pozik» daude aurten bestari hasiera emateko aukera izango dutelako. Horrekin ados agertu da Oskariz: «Sanferminetan lan handia izaten dugu beti, eta ia ezinezkoa zitzaigun besta modu honetan ikustea».
Orain, txupinazoa zehazki nork botako duen adierazi beharko dute, baina oraindik ez dute erabaki, Fernandezek argitu duenez: «Pausoz pauso. Aurrerago aukeratuko dugu nork botako duen: ez dakigu zozketa bitartez egingo dugun edo beste modu batez. Baina uste dut zuzendariordetza ongi irudikatzen duen figura bat aukeratu beharko dela».
Ez da lehendabiziko aldia osasun arloko eragileek txupinazoa botatzen dutena; izan ere, 2014an Gurutze Gorriaren txanda izan zen. «Jendeak kontrasteak maite ditu; batetik, jaia dago, eta, bestetik, jaiak aurrera ateratzeko lanean ari direnak, eta horien lana errekonozitu nahi izan dute hiritarrek», gehitu du Asironek.
Beste hautagaiak
Txupinazoa botatzeko aurkeztu ziren bost hautagaien artean bigarren geratu da Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataforma, 2.857 boto bilduta, botoen % 24,33, alegia. Txantrea auzoko Santiago abesbatza ondoren, 2.629 boto eskuratuta (% 22,39). Nafarroako Pilota Federazioa dago laugarren postuan, 1.402 boto lortuta (% 11,94). Eta, azkenik, Nafarroako I+G+B sistemako emakume ikerlariek 1.077 boto lortu dituzte (% 9,17).