Jon Gotzon Gurrutxaga, DJ Bull (Irura, Gipuzkoa, 1974), ez zen Bilbon jaio, baina bere bigarren etxea bihurtu du. Lagun batek eskatuta, Hor Dago konpartsa muntatzen laguntzen hasi zen, eta konpartsakide bihurtu zen azkenerako. Marijaia eramatea ere tokatu zitzaion. Azken urteetan, ostera, musika jartzea da bere zeregin bakarra jaietan.
Irurakoa zara, baina Bilboko Aste Nagusian ez duzu kale egiten sekula.
Bai musika jartzaile eta bai konpartsakide, biak izan naiz. Guztira, 22 urte daramatzat Bilbora etortzen. Hor Dago konpartsako kide izan nintzen. Musika jartzen hasi nintzenean, ordea, denborarik ez nuen, eta utzi egin nion konpartsakide izateari. Ez nago ziur, baina zortzi bat urte daramatzat musika jartzen Bilboko Aste Nagusian. Uste dut DJ modura hasi nintzenetik urtero etorri naizela Bilbora. Pa...Ya eta Askapeñara joan naiz urte horietan guztietan; fidela izan naiz. Gero, Altxaporrura joaten ere hasi nintzen, Algarara, Euskalgunera...
Nahiago dituzu txosnak aretoak baino?
Bai, Bilboko jaietan ez dut ikusten beste tokirik musika jartzeko. Konpartsa eta txosnarik gabe, jaiak ez lirateke gauza bera izango, eta seguru ekintza gutxiago eta parte hartze txikiagoa izango zela. Horregatik,nahiago dut txosnetan aritu. Hala ere, goizaldean, txosnak ixterakoan, aritu izan naiz Bilbo Zaharrean. Baina arriskutsuagoa da, jendea oso pasatuta egoten da. Bestela, oro har, kanpoan ala barruan, ikusleen araberakoa da. Jendea mugitzen duzun bitartean, berdin dio.
Desberdina al da jaietarako musika aukeraketa eta urtean zehar erabiltzen duzuna?
Urteko kantu berrien araberakoa izaten da. Urtean zehar ateratzen diren abestiak gehituz joaten naiz nire zerrendara. Bestalde, nik urte osoan ez dut saio berdinik egiten. Beti jendearen arabera aldatzen dut. Abestiz abesti noa zerrenda osatuz; ez daukat gidoirik. Batzuetan, badakit abesti horren atzetik beste hori joango dela, baina ez badu funtzionatzen aldatu egin behar dut. Gero, beti daude komodinak: adibidez, Marijaiaren abestia Aste Nagusian. Errepikatzea saihestu behar da. Azken finean, Bilbon zazpi orduko saioak egiten ditut, eta lau saio egin ditut. Datu base izugarria behar dut buruan. Askotan ez naiz akordatzen kanta bat dudanik ere.
Zer egiten duzu jendea geldirik ikusten duzunean?
Momentu oro nabil jendearen erreakzioak ikusten, eta horren arabera markatzen dut norabidea. Rantxera bat jarri, eta jendea mugitzen ari bada, orduan pare bat jartzen ditut; beherantz badoa, orduan skara pasatzen naiz. Jendea ezin da geldirik geratu, akabo bestela. Ikusiak ditut konpartsa batekoak DJ bat agertokitik botatzen ez zegoelako inor.
Ordurik onena saio baterako?
Musika jartzeko, nire ustez, goizeko ordu bietatik seiak arteko tartea da. Hortik aurrera, jendea ez da ohartzen. Azkarregi hastea ere ez da ona, jendea oraindik motel dagoelako.
Zein da jendeak gehien eskatzen dizun kanta?
Aste Nagusian ez dakit zein den gehien eskatu didaten kanta, baina, uda honetan, La Gozadera. Nazkatuta nago, buruan sartuta daukat. Bilbon zailagoa da eskaerak egitea, txosna barruan nagoelako, baina eskaerak behar ditut. Nahiago dut; horrela, badakit zer nahi duen jendeak eta norantz jo behar dudan.
MARIJAIAREN LAGUNAK. Jon Gotzon Gurrutxaga, 'DJ Bull'. Disko jartzailea
«Nahiago dut txosnetan aritu Aste Nagusian»
Bihar bukatuko da Aste Nagusia, eta gaur izango da askorentzat gaueko giroaz gozatzeko azken aukera. Aste osoan konpartsa ugaritan ibili ostean, gaur Algara girotuko du DJ Bullek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu