Artista

Tatiana Blanque: «Naturaren eta gizateriaren arteko harremanaz hitz egiten dut nire obren bidez»

Naturaren benetakotasunak, handitasunak eta isiltasunak hunkitzen dute Blanque. Baita purutasunak ere. Etengabeko bilaketa du bere obra, eta lilura sortzen dion horrek berak kezkatzen du bereziki.

Tatiana Blanque Donostian, Cristina Enea fundazioan duen erakusketan. BERRIA
Tatiana Blanque Donostian, Cristina Enea fundazioan duen erakusketan. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2024ko apirilaren 10a
05:00
Entzun

Zuhaitzei, adarrei, hostoei, belarrei, harriei...  Tatiana Blanque (Sant Cugat del Valles, Herrialde Katalanak, 1971) naturari begira ari da etengabe. Artista katalana etengabeko bilaketan ari da, eta naturarekiko lilura kezka ere bihurtu zaio; izan ere, paisaia naturala desagertuko den kezka transmititzen du bere obraren bidez. Donostiako Cristina Enea fundazioan ikus daitezke egun Blanqueren obrak; ekainaren 16ra arte, hain zuzen ere. 

Arrasto baten atzetik. Horixe da erakusketaren izenburua. Zer transmititu nahi duzu erakusketa honekin?

Naturaren eta gizateriaren arteko harremanaz hitz egiten dut nire obren bidez. Harreman konplexua da, eta horri buruzko hausnarketa sakon bat egitera bultzatu nahi dut ikuslea. Gizakiak naturaren beharra dauka. Mezuak bidaltzen dizkigu, gu geldiarazteko, ohartarazteko, babesteko, sendatzeko... Guk, ordea, jazarri egiten gatzaizkio, nahiz eta horren kontzientzia osorik ez izan. Premiazkoa da gure habitat naturala zaintzea. 

Aldarrikapen bat egin nahi duzu orduan...

Bai, baina aldarrikapen ederra da. Benetakoa eta zintzoa da. Naturarekiko lotura sakona eta errespetuzkoa izatea aldarrikatzen dut. Natura gure esentzia ere bada, eta eguneroko ekintzetan islatu behar dugu hori. 

Zure inspirazio iturri nagusia da?

Bai. Niretzako natura ezinbestekoa da. Naturaren benetakotasunak, handitasunak eta isiltasunak hunkitu egiten naute, baita duen purutasunak ere. Artea horretarako baliatzen dut. Nire obra oso organikoa da, esango nuke usaina ere baduela. Artea eta natura lotzen ditut sinpletasunaren bidez, bakuntasunaren bidez. Natura beti da nire obraren ardatza. Etengabeko bilaketa bat da ulertzea inguruak nola eragiten digun eta guk nola eragiten diogun. Hori ulertu nahian nabil. 

Soiltasuna ere aldarrikatzen duzu?

Uste dut soiltasuna eraginkorragoa dela, zuzenagoa, zehatzagoa, natura bera bezala. Behatu baino ez da egin behar, usaindu, sentitu...

Eta benetakotasuna...

Benetakotasuna bera dena da. Gardentasuna, egia... Bilatu egin behar dugu benetakotasuna, eta aurkitzen dugunean... Hor daukagu, baina lausotuta gaude. Garrantzirik ez duenari ematen diogu garrantzia, maiz kalte egiten digunari.

Koloreak ere oso presente daude. 

Koloreek bizitza ematen didate. Oreka ematen didate. Nire obrei amaiera bikaina emateko modua da kolorea. 

Zuhaitzek negar egiten dute. Horixe izan zen zure obretako baten izenburua...

Hala da! Zuhaitzek bi arrazoirengatik egiten dute negar: batetik, tristuragatik, ez baitugu natura errespetatzen; baina, bestetik, itxaropenagatik, gizateriarenganako konfiantza dutelako.

Artea modu berezi batean ulertzen duzu. Etikak ere garrantzia dauka zuretzako, ezta?

Artista gisa ezinbestekoa iruditzen zait arduratsua izatea. Bestela, zer zentzu dauka? Nire artea jasangarria da. Egiten dugunarekin koherenteak izan behar dugu. Sentitzen duguna komunikatu behar dugu, baina bidea eta modua ere aintzat hartuz. Geure buruarekin leial izan behar dugu, gurekin eta besteekin. 

Haur guztiek margotzen dute. Zuk ere txikitatik margotzen duzu?

Bai. Pintatzea marraztea baino gehiago gustatzen zitzaidan txikitan, eta marrazten amaitu dut azkenean. Izugarri gustatzen zait marraztea; marrak marraztea. Marrak inspirazio dira, eta errotuladoreak nire pintzelak. 

Erreferenteak ere izan dituzu familian, ezta?

Bai. Amona argazkilaria zen, XX. mendearen hasierako Bartzelonan. Aitona, berriz, sastrea. AEBetan egon zen pret-a-porter inportatzeko. Beti animatzen ninduen marraztera, eta egiten nuena sinatzera. 

lotsabako

Kolore bat?
Berdea.

Zuhaitz bat?
Pinu zuria.

Artista bat?
Anselm Kiefer. Bera ere oso organikoa da.

Leku bat?
Natura. 
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.