Baionako portua naturaren esku uzten balitz,hemendik eta hiru urte barne portua elikatzen duten ontziak ez lirateke gehiago pasatzen ahalko. Ez litzateke gehiago aski barna portua bertaratzen diren 90 eta 120 metro arteko ontziak onartzeko. Urtero, Aturri ibaiaren ahoa dragatu beharra dute. Batetik, itsasoaren sagailoak ekarri harea kentzeko, eta bestetik, Aturrik garraiatu lohia. Eta banaz beste, urte bakoitz 2.300.000 euro ordaintzen dituzte horretarako. Ideia bat ukaiteko, 530 milioi euroko irabaziak ditu portuak.
Naturaren aurkako etengabeko borrokaren emaitza, edo beste gisa batez erranik, gizakiaren nahikeriaren fruitua da portua, portuaren mundua herritarrei eta bereziki ikasleei ezagutarazteko lan handia egin duen Mano Kurutxarri historia irakasleak nabarmendu duen bezala.
Borroka hori are eta zailagoa da, jakinez, Aturriren ahoa artifiziala dela. Ez luke duen lekutik isuri behar ibaiak. Gaur egungo ahoa 1578an estreinatu zuten. Orduko Frantziako erregea zen Charles IX.aren Louis de Foix ingeniariak irudikatu zuen proiektua, bost urteko zulatze eta antolatze lanak galdetu eta. Proiektu horren helburua Baiona hiriaren gainbehera ekonomikoa geldiarazi eta berriz ere hiri aberatsa bilaraztea izan zen.
Ordu arte, Landetako Vieux Boucaun bururatzen zen Aturri ibaia, Baionako San Izpiritu eta Bokale arteko bihurgunetik pasatu eta. Zehaztu beharra da, halere, Aturrik berak ere, bere baitarik, hots, naturalki, jadanik aldatua izan zuela bere bidea. XV.mende hasieran izan zen. Capbretonen zuen aitzineko habia. Eta Capbretonen zelarik Baiona zen eskualdeko hiri komertzial nagusia zen, hots, portuaren helmuga.
Izan ere, betidanik urarekiko harreman hurbila izan du Lapurdiko hiriburuak. Luzaz bereziki Errobi errekako portu izan zen,barnealdearekiko lotura komertzialen garraiatzailea. Eta hortik, emeki emeki hiria Aturrira zabaldu zen. Erdi aroko hiriaren aberastasuna eta ontziola oparoaren lekuko, Baionako katedralean ontzi eder bat irudikatzen duen giltzarria dago.
Aturriren desbideratzearekin Baiona berriz bizkortu zen eta aktibitate oparoa izan zuen luzaz. Halere, ondotik ere izan zituen gora beherak hiriak. Ez baitzen beti erraza, besteak beste, aho artifizial hori atxikitzea. Horrek esplikatzen ditu buruan dituen hiru digak, garai ezberdinetan eraiki eta indartuak. Eta urak aldatzearekin batera, lurraldea ere negoziazio iturri bilakatu zen.
Lurraldeak negozio
Landetakoa zena Euskal Herriratuz, eta Euskal Herria zena Landei emanez, ibaiaren ibilbide berriak lurraldea aldatu zuen. Aturriko bidea aldatzearekin, Bokale hiria sortu zen, garaian Bokale Berria deitu zutena, Vieux Boucau edo Bokale Zaharrari oihartzun. Izan ere, ordu arte Landetako Vieux Boucau horretan zen itsasoratzen Aturri. Bokale Berria bera ere, hasiera batean landetarra zen, Tarnoze-i lotua. Funtsean, Baionako San Izpiritu auzoa ere hala zen. Baina 1857an, Frantziako departamenduak antolatu zituzten garaian, Frantziako Iraultzako gobernuak Landak sortu zituen alde batetik, eta bestetik Pirinio Apalak. Orduan Baionak geltoki bat behar zuenez, San Izpiritu bere egin zuen geltokia bertan jartzeko. Eta Bokale ere lapurtartu zuten, portuko espazio gehiago lortzeko. Ordainez, Bidaxunetik bi urratsetara den Arthouseko abadia landetarrei eman zieten.
Hori bai, Tarnoze Landen lurraldeari lotua izan da hasieratik. Eta hori ere bada Baionako portuaren ezaugarri bat. Parte bat Euskal Herrian izatea eta bestea Landetan, hain zuzen. Gehiago dena, Landetan dauka bere aktibitate industrialaren parte nagusia portuak. Hainbestetaraino non, landetar batzuk portuak ez lukeela Baionako portua izena ukan behar dioten, eta Kurutxarrik zehazten duenez, irria ezpainetan: «Beren ibaia ebatsi diegula diote». Tarnozen daude, adibidez, Aturriko burdinolak, 1881tik bizi berri bat ematen diotenak portuari. Gaur egun ere burdineriak osatzen du portuko aktibitate nagusia. Bigarren aktibitate nagusia ongailuek dakarte. Esportazioetan, leku berezia daukate Landetako pinoak. Izan ere, 2009ko Klaus ekaitzak hondoratu zituenak esportatzen segitzen du oraindik portuak.
Ezarian. Euskal Herriko portuak (eta VI). Baiona
Naturaren aurka borrokan
Industriaren garraiatzaile, Landak eta Euskal Herriaren artean banatua. Aho artifiziala du Baionako portuak, urtero zaindu beharra dutena, hareak ez dezan ito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu