Nazio harrotasunaren arrakala, txikixeago

Boeing eta Space X enpresek irabazi dute espaziontziak eraikitzeko NASAk abiatutako lehiaketa: errusiarren 'Soyuz' ontziaren laguntzarik gabe, baliabide propioekin bidaiatu ahal izango dute espaziora bi urte barru.

Maialen Unanue Irureta.
2014ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Estatubatuarrak pixka bat estatubatuarrago izango dira 2017tik aurrera: urte horretan, NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziako astronautek ez dute Errusiako Soyuz ontziaren beharrik izango espaziora joateko. Izan ere, espaziontziak eraikitzeko NASAk bultzatutako lehiaketa irabazi dute Boeing eta Space X enpresek; 4.200 milioi dolar jasoko ditu lehenengoak (3.284 milioi euro), eta 2.600 milioi dolar bigarrenak (2.033 milioi euro). Dena ondo bidean, estatubatuarrek ez dute betiereko aurkariaren beharrik izango balizko balentrien domina guztiak zintzilikatzeko.

Gutxi barru, beraz, bi enpresa horiek arduratuko dira AEBetako astronautak ISS Nazioarteko Espazio Estaziora eramateaz. Charles Bolden NASAko zuzendariak adierazi duenez, indarrak Marterako bidaian jartzea ahalbidetuko die horrek —aurreikuspenen arabera, 2030eko hamarkadan—. Gaineratu du urrats horri esker historiako kapitulurik «handizaleena» eta «hunkigarriena» hasiko dela espazioaren esplorazioari dagokionez.

Oraingoz, bi enpresek ez dute epe jakinik tripulatuak izango diren ontziak prest izateko, baina 2017 amaierarako probako bi bidaia egitea espero du NASAk. Arrazoia: orduan amaituko da Roscosmos Errusiako Espazio Agentziarekin duen kontratua.

Transbordadoreak erabiltzeari utzi baino bi urte lehenago, 2009an, NASAk erabaki zuen bitan banatuko zituela tripulatuak izango ziren espaziorako bidaien operazioak. Hala, enpresa pribatuentzako lehiaketa abiatu zuen batetik, eta, bestetik, pisu astuneko espazio suziri propioak garatzen hasi zen. SLS Espaziorako Aireratze Sistema (Spacial Launch System) deitu dituzte suziri horiek, eta transbordadoreen zenbait elementutan eta Apolo programetan oinarritu dituzte. Misio espazial gidaritzadunak eta gidaritzarik gabekoak garatzen ari dira, asteroideetara, ilargira eta Martera egingo lituzketen balizko bidaietarako. Abendurako programatu dute SLSren lehen probako bidaia.

2011ko uztailaren 21az geroztik, AEBetako astronautek ez daukate espaziora bidaiatzeko ontzi propiorik. Egun horretan egin zuen azken bidaia Atlantis transbordadoreak. Hiru hamarkadatan, transbordadoreek (shuttle) eraman zituzten estatubatuarrak espaziora, baina horiek mantentzea oso garestia zen, eta, gainera, erraz matxuratzen ziren. Horren erakusgarri izan ziren Columbia (2003) eta Challenger (1986) transbordadoreen tragediak: espaziotik Lurrerako bidean lehertu zen lehena, eta barruko zazpi bidaiariak hil ziren; aireratu eta 73 segundora lehertu zen Challenger ontzia, amaiera berarekin: bidaiari guztiak hil ziren. Arrazoi horiek zirela tarteko, Barack Obama AEBetako presidenteak transbordadoreen programa bertan behera uztea erabaki zuen, argudiatuta aurrekontuetan nahiko dirurik ez zela ontzidia mantendu eta aldi berean ontzi berri bat diseinatzeko.

ISSra iristeko errusiarren menpe egoteak arrakala agerikoa sortu du estatubatuarren nazio harrotasunean. Horren lekuko Bolden adierazpenak: «Ez da izan aukeraketa erraza, baina onena zen NASArentzat eta nazioarentzat». Negozioaren usaina ere antzeman dute: «Lotutako lankidetzari esker, Amerikako eta mundu guztiko biztanleek izango dute espaziora bidaiatzeko esperientzia izateko aukera. Biek ala biek gure baldintzak bete bezain laster jarriko ditugu martxan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.