Alemanian jaio zen arren, arteak Euskal Herrira ekarri zuen Viviane Straub (Ravensburg, 1989). Azken lau urteetako lanak bildu ditu Presa izeneko esposizioan. Denera, 22 pieza eta interbentzio ditu erakusketak, eta Zumaiako (Gipuzkoa) Oxford aretoan egongo da ikusgai, azaroaren 1era arte.
Alemanian jaio zinen, eta arteak Euskal Herrira ekarri zaitu, nolakoa izan da prozesua?
Artearen bide akademikoa hemen hasi nuen. Alemanian, Literatura Frantsesa eta Artearen Historia ikasi nituen. Euskal Herrira heldu nintzenean, artea errealitate posible gisa ikusi nuen, eta Arte Ederren Gradua ikasi nuen EHUn. Gradua amaitutakoan, pinturako masterra egin nuen. Ondoren, beka eta sari batzuk jaso nituen, eta horiek artearen ibilbidean jarraitzeko aukera eman zidaten.
Noiz piztu zitzaizun artearen gaineko interesa?
Txikitatik izan dut interesa. Amak kontatzen dit txikia nintzela egin zituen lehenengo gauzetako bat arkatza ematea izan zela, eta ordutik dut interesa. Institutuan, nire irakasgairik gogokoenak Literatura eta Artea ziren. Batxilergo artistikoa ikasi nuen, baina literaturan lan egiteko aukera errealagoa ikusten nuen, eta neure buruari oztopoak jarri nizkion arteari dagokionez. Euskal Herrira iristean, buruan sortutako aurreiritzi horiek eraisteko aukera nuela pentsatu nuen. Alemanian, unibertsitatean artea ikasteko gutxiengo maila bat izan behar duzu, eta nik orduan ez nuen; Euskal Herrian, berriz, sarbidea ez da horren zorrotza.
Maiz errepikatzen digute artea ezegonkorra izan daitekeela...
Bai, eta bitxia da. Norbaiti artista zarela esanez gero, pertsona batzuek miresmen puntu batekin begiratzen zaituzte, eta beste batzuek, berriz, zereginik gabeko hippy bezala irudikatzen zaituzte.
Zer ideia adierazi nahi izan duzu Presa erakusketaren bidez?
2022. urtetik orain arteko piezak biltzen ditu; lau urteko ibilbidea, hain zuzen. Zaharrenak paisaiaren artearekin lotura dute. Paisaiaren inguruan hitz egiterakoan, hierarkia kontua agertzen da. Gu gainetik bageunde bezala, gu gara subjektuak, eta objektua erabiltzen dugu, paisaia, alegia. Eta niri hori ez zait batere gustatzen, uste baitut ingurunea dela guri barruan bizitzen uzten diguna. Aire zabalean lan egiten hasi nintzen; sarritan, ura zegoen lekuetan, ura material gisa beharrezkoa baitzitzaidan. «Ez badut subjektu bezala nire pinturaren gainean agindu nahi, inguruak eta materialak berak lagundu, eta ahalik eta gehien eman dezaten lortu behar dut», pentsatu nuen. Gero, ehungintza lantzen hasi nintzen. Eta, inguruarekin modu aktiboagoan lan egitea ardatz izanik, hondakinak ere bildu nituen Deba, Artibai eta Urola ibaietan. Pieza asko daude bertako hondakinekin eginak. Laburbilduz, ur pieza literalak eta lotura metaforikoa duten lau urteko lanak biltzen ditu.
«Beharrezkoa da jatorria ez ezkutatzea, jendeari hondakina zer den pentsarazten baitio»
Hondakinekin zabiltzanean, nola aukeratzen dituzu?
Lehenik errekaren ertzera jaisten naiz; ez da beti erraza izaten, batzuk aldapatsuak baitira. Plastikozko botak eta eskularruak jantzita, ahal dudan guztia jasotzen dut. Hurrengo pausoa garbiketa izaten da; lehenik makinan, eta gero, eskuz. Hasieran, nazka ematen zidan; orain, ordea, gustuko dut. Pentsarazi egiten dit, eta horrek, gero, piezekin harremana du. Behin garbi daudenean, begiratzen hasten naiz; batzuetan, hautsiena izaten da interesgarriena. Nazka puntu horri eutsi behar zaiola uste dut. Beharrezkoa da jatorria ez ezkutatzea, jendeari hondakina zer den pentsarazten baitio.
Nolatan pentsatu duzu erakusketa Zumaian egitea?
Leku aproposa iruditu zitzaidan Zumaiak itsasoarekin duen harremanagatik. Aretoaren parean hondakinak biltzen egon naizen ibai bat dagoelako ere, adibidez. Eta esku hartzeengatik; hemen bakarrik egin daitezkeenak, edo areto honek duen kokapenaren arabera egindakoak proposatu ditut.
Erakusketaren izenak zer adierazi nahi du?
Presa bat ez da gu eguzkia hartzera etzan gaitezen egindako lakua, ingurune natural batean egindako esku hartzea baizik, eta oso masiboa. Euskal Herrian sortu diren presa gehienak eta handienak diktadurapean sortutakoak dira; hau da, politikoki eta historikoki ekintza bati lotuta daude. Beraz, artea ere politikoa izan daiteke. Nik ez dut inolako analisi eraldatzailerik egin, baina erakusketa politikoa da, hondakinak biltzea politikoa baita, eta erabilgarriak ez diruditen gauzei buruz gogoeta egitea ere politikoa baita, noski. Artea auziak birplanteatzeko da.
Lau urteko piezak biltzen dituen erakusketa izanik, nola aldatu zaizu artea ulertzeko modua?
Nire lan egiteko modua aldatu da, une oro aldatzen da. Orain dela urtebete nire aurtengo pieza bat erakutsi balidate, agian ez zitzaidan interesatuko. Eztabaidan jarritako auzia berbera izanik ere, seguruenik, beste modu batera planteatuko nuke.
Nolakoa izan da bisitarien erantzuna orain arte?
Eguraldia zela medio, ezin izan nuen interbentzio bat egin inaugurazioan; hala ere, oso polita izan zen. Une bereziena erakusketako bisitariekin ibaira jaitsi ginenekoa izan zen. Bertan ura hartu genuen kutxa batean, eta denborarekin lurrundu dadin utzi dugu.
LOTSABAKO
Zure obretatik bat? Ezin dut bat aukeratu: World after the rain (2025)
eta FR/AGIL (2025).
Artista bat?
Oraintxe bertan, ehungintza arloko artistak;
Ibon Aranberri, adibidez.