Pablo Carbonell. Artista

«Nire azken bi antzezlanak biltegian gordeta daude, BEZaren %21engatik»

Aktorea, umoregilea eta musikaria da Pablo Carbonell, baina beti satira eta umoretik abiatuta. Askotan egon da Donostian, eta oraingoan 'Canciones de cerca' kontzertua emango du, Dokan.

2013ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Pablo Carbonell umoristak (Cadiz, Espainia, 1962) kontzertua emango du gaur, 22:30ean, Donostiako Doka kafe antzokian. Canciones de cerca du izena ikuskizunak, eta izen bereko diskoko abestiak jotzen ditu zuzenean, baita antzeztu ere. Diskoa 2012an grabatu eta kaleratu zuen, eta bere betiko umore, satira eta kritikaz jantzita dago. Berak gitarra jo eta kantatu zuen, eta Los Delinquentes, Raimundo Amador, Pepe Bao eta Lichisen kolaborazioak izan zituen.

Zer eskainiko duzu gaur gauean?

Ba, azkenengo diskoko abestiak aletuko ditugu nire anaia Eloyk eta biok; hark baxua joko du, eta nik, gitarra jo eta abestu. Diskoak gorputzari hitz egiten dio, eta abestiak asko antzezten ditut. Nik ia ez dut hitz egiten, pertsonaiek baizik. Hori da dugun ikuskizuna. Ikuskizun hitza izugarri gustatzen zait. Gero, Toreros Muertosen abestiren bat joko dugu, baita bertsioren bat ere.

Musika egiten hasi zinen; gero etorri zen antzerkiko arrakasta. Zergatik itzuli musikara?

Ba, tira, beti joan izan naiz kontrara. Egia esan, telebistan irabazi dudan diruari esker grabatu ahal izan dut. Abestiak buruan dituzu, eta oso gogaikarriak dira, grabatzen dituzun arte. Pinpilinpauxak kortxoan txintxetekin ziztatzea bezalakoa da. Kitto. Hor gelditzen dira.

Gero zuzenean beste buelta bat ematen diezu abestiei ezta?

Bai, izan ere, emanaldi bakoitza ezberdina da. Sentitzen duzun era aldatzen da. Kordak ez dituzu beti toki berean sakatzen; bestela maskurra aterako zaizu atzamarrean, eta ezingo duzu hori gehiago erabili. Abestiak momentuan sentitzen dudanaren arabera interpretatzen saiatzen naiz. Eta edan dudanaren arabera.

Eta zelan sentitzen zara Donostiako kontzerturako?

Ba, oso ondo. Gainera, ahotsez bikain nabil, badira hamar egun ez dudala kantatzen. Hau izugarria izango da. Baina gero Bilborako asko zaindu beharko dut, bost egunetan sei kontzertu egingo ditudalako. Baina, tira, Raphaelek egiten badu, nik ere bai.

Donostian egon zara gehiagotan. Zelako erlazioa duzu Euskal Herriarekin?

Bai, askotan egon naiz Donostian. Oso hiri hedonista iruditzen zait, dituzuen sukaldariekin nola ez. Arzak eta Berasategi asko maite ditut. Zinema jaialdira askotan joan naiz erreportari gisa, azkenean Atún y chocolate pelikularekin joan nintzen arte. Baina lehen aldiz Pedro Reyesekin egon nintzen, eta kale antzerkia egin genuen udaletxe aurrean.

Donostian jo eta gero, Bilbora zoaz; zelako planak dituzu geroko?

Bai, gero Bilbora goaz: Euskalduna antzokian izango gara irailaren 4tik 8ra. Batzuei gehiago gustatzen baitzaie antzerkia antzoki batean ikustea taberna batean baino. Niri gutxien gustatzen zaidana herriko jaietako azken ordua da; hor ezin da emanaldirik eman.

Eta noiz bueltatuko zara antzeztera? Baduzu proiekturik?

Begira, azkenaldian egin ditudan bi muntatzeak, Venecia bajo la nieve eta Sin paga nadie paga, biltegian gordeta daude, ia inork ikusi gabe. Produktoreek ez dute haiekin bira egin izan nahi, eta nazkatuta nago arrazoia azaltzen: BEZaren ditxosozko %21 hori. Horregatik geratzen gara denok etxean. Ni eta baita talde tekniko guztia ere. Ditxosozko %21engatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.