Atzekoz aurrera

Yasser Xafiei: «Nire filmeko zerbait konpondu nahi eta ezin horren sentsazioarekin edonor senti liteke identifikatua»

Bere lehen film luzea munduan zehar aurkezten dabil Xafiei, eta Euskal Herrian ere egin du geldialdia, Gasteizko Afrikaldia jaialdian eman baitzuten haren pelikula, ‘Complaint No. 713317’ izenekoa.

Yasser Xafiei
Yasser Xafiei, Gasteizen, bere filmaren proiekzioa baino lehen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko azaroaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bitxi diseinatzailea izan zen hasieran Yasser Xafiei (Kairo, 1984), baina zinema zuzendari bihurtu zen azkenerako. Aurretik hiru film labur zuzendu ditu, baina aurten ekoiztu du lehen film luzea, Complaint No. 713317 izenekoa (71337. kexa). Kritika sozial zorrotzarekin bustitako komedia dramatiko horrek munduko ikusleak liluratu ditu, baita Euskal Herrikoak ere, pelikulak epaimahaiaren saria jaso baitzuen hilaren hasieran Gasteizko Afrikaldia zinema jaialdian.

Film labur ugari egin ondoren, zaila izan al da lehen film luzea ekoiztea?

Bai, istorioa asko aldatzen baita. Askoz errazagoa da istorio sendo bat kontatzea film labur batean, film luze batean baino. Zailtasunik handiena, ordea, ekoizpenaren aldetik izan da, aurrekontuaren aldetik. Egin ditudan film laburren ekoizpena askoz errazagoa izan da, lehen film luze honekin konparatuta. 

Konplikatua izan al zen finantzaketa lortzea?

Ez da erraza izan. Nire hiru film laburrak nik neuk finantzatu eta ekoitzi nituen. Kasu honetan, ezinezkoa zen, eta ekoizleren bat bilatu behar izan nuen. Zorionez, Misr International Films ekoiztetxea aurkitu nuen; pelikula independenteak ekoizten dituzte, eta haien laguntzari esker lortu nuen lehen egitasmo hau errealitate bilakatzea.

Kritika sozial zorrotza egiten du zure lehen filmak. Zer kontatzen digu gaur egungo Egiptori buruz?

Istorio unibertsala dela esango nuke, eta ez soilik Egiptokoa. Edozein herrialdetan aurki liteke horrelako pasadizo bat. Geruza asko ditu pelikulak, hori egia da, baina ez zait gustatzen interpretazio xeheak egitea eta esatea «begira, honek zera esan nahi du eta besteak zera». Ikusle bakoitzak bere interpretazioa egitea nahi dut, eta nik uste dut mundu osoko ikusleek aurkituko dutela filmean identifikaturik sentitzeko moduko elementuren bat. 

Esperientzia handiko aktoreak hautatu dituzu. Nolakoa izan da haiekin lan egitea?

Lehenik eta behin, bi aktore nagusiei, Mahmud Hemidari eta Xerini, gidoia bidali nien. Ikaragarri gustatu zitzaien, eta berehala hasi ginen elkarrizketa sakonak edukitzen, gidoiari buruz, pertsonaien izaerari buruz, filmaren gaiei buruz... Ondoren, aste asko eman genituen entseguak egiten, gidoia irakurtzen soilik. Horren ostean, mugimenduen entseguak egin genituen filmaketen tokian, eta horren ondoren soilik hasi genuen filmaketa. Denbora asko hartu dut pelikula prestatzeko. 

Gidoia aipatu duzula eta, nondik datorkizu pelikula honetarako inspirazioa?

Benetako gertaera batean du oinarria: nahi gabe, nire hozkailua matxuratu nuen behin, eta amaigabeko tirabira batean sartu nintzen konponketa enpresarekin. Sei hilabete egon ziren nire hozkailua konpondu gabe. Zetozen bakoitzean, hozkailua gero eta gehiago apurtzen zuten. Hortik dator inspirazioa. 

Pertsonaien etsipena du ardatz filmak. Sentimendu unibertsala al da?

Baietz esango nuke. Mundu guztian zehar, gizakiok antzeko arazoak ditugu: burokrazia amaigabea, ustelkeria, boteretsuen gehiegikeriak... Arabieraz badugu hitz bat, al qahr. Gauza asko esan nahi ditu: etsipena, frustrazioa, depresioa... Nik uste hitz horrek oso ongi definitzen duela pelikula hau, baina zerbait konpondu nahi eta ezin horren sentsazioa unibertsala da. 

Filmean, isiltasunak protagonismo handia du. Batzuetan gehiago dio isiltasunak, hitzek baino?

Halaxe da. Alde horretatik, pelikula hau ni neu bezalakoa dela esango nuke. Ez dut asko hitz egiten, eta umore aski sakona edo iluna dut. Hortaz, pelikulak nire izaera islatzen duela esango nuke, eta, alde horretatik, askotan isiltasuna esanguratsuagoa da hitzak baino; eta film honetako pertsonaiek esaten duten baino gehiago isiltzen dute.

Lotsabako

Komedia edo drama?
Biak. Dramedia da nire generoa.

Porrotaren beldur al zara?
Bai. Ikusleen erreakzioaren beldur nintzen, baina positiboa izan da.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA