Ez da Breaking Bad telesail mitikoko Walter Whiterentzat egindako beste korrido mexikar bat, nahiz eta musika estiloak eta bideoaren estetikak antza duten. Iñaki da kanta, eta Joselu Anaiak eta Dupla Arabako taldeek ezagutzen duten pertsonaia enigmatiko baten inguruan ardaztuta dago. Baina... nor da Iñaki? Abestian, haren abizenaren lehen zatia besterik ez dute esaten: «Iñaki Lopez de, ixiii, hegan atera zen». Eta, hortik aurrera, ikus-entzulearen irudimenak osatu behar du pertsonaiaren istorioa. Misterioa da abestiaren ardatza, baina erritmo biziak eta estilo jolastiak egiten dute berezi eta erakargarri.
Musikalki, Iñaki korrido mexikarraren erritmo bizian oinarrituta dago, baina musika urbanoaren eta poparen elementuez zipriztinduta dago: «Korrido arabarra» dela esan izan dute. Arabako bi taldeek topo egiten dute hor, herri musikaren sustraiak eta gaur egungo soinu freskoak uztarturik. Emaitza: abesti dantzagarri bat, baina, aldi berean, istorioz betea. Tabernetako eta kaleetako elkarrizketetatik hartutako hizkera eta keinuak musika bihurtzen dira, partekatzeko moduko istorio batean.
Abestiarekin batera, bideoklipa kaleratu zuten abuztuaren 4an, eta sare sozialetan zabaldu zuten Gasteizko jaien lehen egunean. Zuzendari lanetan Mario Lezaun aritu da, eta grabazioa Mezkian (Araba) egin dute. Bideoak tokiko kutsu handia dauka: bertako jendeak berehala identifikatzen dituen leku, keinu eta erreferentziak ageri dira. Hortxe dago, noski, Joselu Anaiak taldearen autobus mitikoa, Arabako musika eszenaren sinbolo bihurtua, eta bi taldeak elkarren ondoan ageri dira, toki berean, festa giroan eta dantza artean.
Abestiak eta bideoklipak harrera beroa izan dute hasieratik, eta bai Joselu Anaiak eta bai Dupla buru-belarri dabiltza udako biran. Gaur bertan, Gasteizko jaietan Arka plazan izango den erromerian arituko da Joselu Anaiak taldea, zuzenean, eta espero da Iñaki ere joko dutela, Duplarekin batera. Bestalde, Dupla azken prestaketetan dabil bere azken diskoaren bira ixteko, eta ibilbide horrek geldialdi batzuk izango ditu Erresuma Batuan. Irailaren amaieran, etxean emango diote amaiera: bi kontzertu berezi emango dituzte Aguraingo plazan (Araba).