Noria bat Gasteiz erdian?

Gabonetan, 30 metroko noria erraldoia eta zaldiko-maldiko klasiko bat jarri ditu Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren plazan. Horrek zeresana eman du, eta alde bateko eta besteko iritziak sortu: beharrezkoa al da hiriko plaza nagusian noria bat jartzea?

Gasteizko Gabonetako noria gauez, Andre Maria Zuriaren plazan. RAUL BOGAJO / FOKU
Gasteizko Gabonetako noria gauez, Andre Maria Zuriaren plazan. RAUL BOGAJO / FOKU
unai etxenausia
Gasteiz
2025eko abenduaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paretik pasatzen den ia orok begiratzen dio. Haren tamaina da harrigarriena. Gasteiztarrak ez daude halako irudietara ohituta, eta jakin-mina piztu du askorengan. Hiriaren eguneroko paisaia aldatu du nolabait, eta biztanleria bi multzotan banatu: liluraz begiratzen diote batzuek, argazkiak ateratzen dituzte eta irribarrez gelditzen dira noriaren aurrean; beste batzuk, ordea, axolagabe igarotzen dira, kopeta zimurtuta, edo urrutitik begiratu eta aurrera egiten dute.

Izan ere, 30 metroko noria erraldoi bat eta zaldiko-maldiko klasiko bat dira aurtengo Gabonetako berritasun nagusiak Gasteizen. Udalak Andre Maria Zuriaren plazan jarri ditu bi atrakzioak, «Gabonetan hiriko bihotza xarma bereziko toki» bihurtzeko helburuaz. Noriak aukera ematen du hiria goitik ikusteko. 24 kabina ditu, eta horietako bakoitzean sei lagunentzako lekua dago; gurpil aulkiak sartzeko egokituta daude. Alboko zaldiko-maldikoak, berriz, iraganeko azokak ekartzen ditu gogora, egurrezko irudiak musika leunaren erritmora jirabiraka ari direla.

Goiz da oraindik, eta plaza erdi hutsik dago. Halako batean, eskola bateko ikasle talde erraldoi bat igaro da bertatik. Motxilak bizkarrean eta begiak zabalik, noriari begira gelditu dira batzuk. Irakasleak ilusioa piztu nahi izan die: «Beste txango batera goaz gu gaur, baina etorriko zarete gurasoekin», esan die. Umeek atzera begiratu dute orduan, pausoa motelduz, bakoitza norian igotzeko eguna irudikatzen hasi izan balitz bezala.

Erraza da haurrak halako proposamenekin konbentzitzea; nagusien artean, ordea, iritziak askotarikoak dira. Badira egitasmoa «ederra» eta «beharrezkoa» dela uste dutenak; haien aburuz, baliagarria da hirigunea biziberritzeko eta familiei aisialdirako beste aukera bat eskaintzeko. «Gustatzen zait; kolorea ematen dio hiriari, batez ere gauez argiztatuta dagoenean. Hori bai, politena ondoko zaldiko-maldikoa da», azaldu du Maria Angeles Jorrinek.

Plaza zeharkatzen ari ziren beste ibiltari askok, baina, auzitan jarri dute halako egiturek plazaren estetikan eta eguneroko erabileran duten eragina, eta kostu ekonomikoa ere izan dute hizpide: «Zatarra ez da, eta kolorea ematen dio plazari, baina ez da atzeko estatua ikusten. Plazak bere esentzia galtzen du horrela», mintzatu da Ester Perez. Harekin bat egin dute beste hainbat herritarrek.

Noria eta zaldiko-maldikoa. RAUL BOGAJO / FOKU
Noria eta zaldiko-maldikoa. RAUL BOGAJO / FOKU

Tarteka ilara luzeak ere sortu dira. Jendearen joan-etorria etengabea da, eta ia beti dago norbait noriako kabinaren batean. Gauez, plaza guztia argiztatzen du, eta bisitari askok oniritzia eman diote noriak eskaintzen dien hiriko paisaiari: Santa Maria katedraleko dorrearekin parekatuta, Gasteizen tamaina eta forma ulertzeko moduko ikuspegia ematen du. «Oso polita da; zoragarria izan da Gasteiz goitik ikustea», esan dio erabiltzaile batek bere bikotekideari, eta musu eman dio ondoren, kabinatik irten berritan.

Haurrak, behintzat, eztabaidatik urruti dabiltza, baina plazatik pasatzen den orok badu zer esana bi atrakzio berrien inguruan, eta eztabaidaren erdigunean daude jada. Gustatu zein ez, herritarren arreta erakarri dute: plazako paisaia aldatu dute, eta, aldi baterako bada ere, eraldatu egin dute Gasteizko errutina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.