Nostalgiaz hartutako erabakiak

Hainbeste nobedaderen artean, klasikoentzako eta bigarren eskuko liburuentzako tokia ere badago Getxoko Komiki Azokako postuetan. 40 urtetik gorakoek erosi ohi dituzte halakoak.

Gizon bat komikiak hautatzen, gaur, Getxoko Komiki Azokan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gizon bat komikiak hautatzen, gaur, Getxoko Komiki Azokan. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Getxo
2025eko urriaren 3a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Distirak ez ditu denak harrapatzen. Badira-eta erakusmahaietan txukun-txukun pilatutako nobedadeei izkin egin eta zuzenean abiatzen direnak liburu maiztuen arrastoan. Lauzpabost postuk baino ez dituzte saltzen bigarren eskuko aleak Getxoko (Bizkaia) Komiki Azokan, baina, hala ere, gainontzekoen anabasaren artetik gailentzeko gai dira orri horiztatuak eta azal zimurtuak, eta ezinbestean erakartzen dute kutxetan hala moduz gordetako ale finek, altxorren bat promestuko balute legez. Klasikoen gordailu bat dira, azkenean. «Gero eta jende gutxiagori interesatzen zaizkio klasikoak», penatu da JJ Comics-eko Juan Jose Moncada, baina berehala ziurtatu du oraindik badutela publikoa.

(ID_15383273) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-10-03, Getxo. Getxoko komiki azoka
Berrogei saltoki daude azokan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Bartzelonatik etorri da Moncada. Tintinen eta Lucky Lukeren ale zaharrekin estalia du erakusmahaia, Asterixen pertsonaia ezagunak ageri dira han-hemen, eta oparoak dira balentria belikoen eta Trueno kapitainaren bildumak. Mortadelo eta Filemon ere baditu, eta hori da gazteek erosten diotena, gehienbat, baina batez ere 50-60 urtetik gorakoek azaltzen dute ale zaharren inguruko interesa. Agerikoa da Moncadaren eskaintza bildumazaleei zuzendua dagoela bereziki. «Jende gazteak manga nahi du, baina nik ez daukat mangarik. Hori da gehien saltzen dena...».

«Deskatalogatuen barruan, superheroien komikien jatorrizko bertsioak bilatzen dituzte, originalak, AEBetan editatu zituztenak ingelesez»

OLGA MADARIAGA Bilboko Astarloa liburu dendako saltzailea

Bilboko Astarloa liburu dendaren postuan, askotarikoa da eskaintza, halaber: 1950eko eta 1960ko hamarkadetako obrak, superheroienak, baita lan berriagoak ere, hamar urte baino gutxiago dituztenak. Han ere badaude altxorrak: lan deskatalogatuak dituzte jomugan bezero askok, Olga Madariaga liburu saltzaileak azaldu duenez. «Tartean, superheroien komikien jatorrizko bertsioak bilatzen dituzte, originalak, AEBetan editatu zituztenak ingelesez». Kontatu duenez, azkeneko urteetan oparo ari dira berreditatzen halako komikiak, baina, hala ere, bigarren eskuko aleek erosleak badituzte oraindik. «40-50 urtekoak izaten dira, batez beste», zehaztu du.

Palestina, nabarmenduta

Zuriagoak dira Elkar argitaletxearen postuan dauden komikien orriak, baina nobedadeak aukeratzera ere bultza dezake nostalgiak, tarteka. «Jende nagusiak erosten ditu klasikoak, edo gazteren batek, bere aitonari oparitzeko, adibidez», nabarmendu du Ainhoa Lago dendariak. Haur literaturak hartzen du mahaiaren erdia. Joe Saccok Palestinaz ondutako eta Astiberrik euskaratutako eleberri grafikoak nabarmendu dituzte aurten, eta Saltsa Nostra (Tarisko) errezeta komikia ere ageri da hautaketaren artean. Baina baita Mafalda ere. «Asko saltzen da Mafalda urte osoan, eta edizio berriak ateratzen ari dira, tapa gogorra dutenak, politagoak». Klasikoei ere atera dakieke eta distira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.