ATZEKOZ AURRERA

Oihanederren azken dantza

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea proiektuko kideek azken emanaldia antolatu dute, Falerina lorategian. Liher eta Lukiek rock taldeak gonbidatu dituzte azken agurra egiteko.

Oihanederreko kideek azken emanaldia egin zuten atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Bateriaren bonboa jo du. Behin. Eta beste behin, eta beste behin, eta beste behin... Taupadak dirudite. Lasai jotzen ari da, oraindik soinu probetan baitaude kontzertua joko duten bi taldeak. Giroa ere lasaia da Gasteizko Falerina lorategian dauden soinu teknikarien artean. Izan ere, ekaitzaren aurretik beti izaten da barealdia. Liher eta Lukiek rock taldeek ekaitz musikala izan nahi dute Oihaneder Euskararen Etxeak antolatuko azken emanaldian. Izan ere, azken dantza izango da Oihanederrentzat.

Zortzi urteko ibilbidearen ondoren, agur esan du Oihanederrek. Euskara eta euskarazko sorkuntza bultzatu dute urte horietan guztietan proiektua kudeatu duten Lazarraga kultur elkarteko kideek. Horregatik, herritarrak agurtzeko emanaldia antolatu dute Kortxeteak & Krispetakkontzertuen zikloaren barruan.

Bi ordu baino gutxiago falta dira kontzertuak hasteko, eta Iker Durana Oihanederreko kudeaketa arduraduna lorategiaren inguruan bueltaka dabil, kontzertuak ondo joan daitezen dena prestatzen. Pozik dago, baina, aldi berean, nostalgia pixka bat ere sentitzen du; zortzi urte hauetan bizi izan duen guztia oroitzen baitu. «Urduritasun eta pena puntu bat daukat. Urte hauetan bederatziehun jarduera baino gehiago antolatu ditugu; zaila egiten zait pentsatzea hau azkena izango dela», azaldu du. Izan ere, konturatu orduko iritsi zaie duela urtebete «hain urruti» zegoen eguna.

Duranak bezala, proiektuaren parte izan diren guztiek daukate zapore gazi-gozo bat; lorategiko lasaitasunean nostalgia eta poza batzen baitira. Hala ere, horrek ez du lan erritmoa oztopatu, eta «beste edozein emanaldi izango balitz bezala» prestatu dute gaurkoa ere. Hala esan du kudeaketa eta administrazio arduradunak.

Kontzertuak hasteko hamar minuturen faltan, gutxinaka, jendez betetzen hasi da parkea. Gasteizko alde zaharreko Zaharraz harro! jaiak ere badira, eta jende asko zuzenean igo da Aiztogile kaleko tabernetatik lorategia dagoen muinoraino.

Garazi Barrena eta Unax Iñarra gazteak puntual iritsi dira kontzertura. Liher taldearen zale amorratuak dira. Esan dutenez, «plan polita» iruditu zaie; izan ere, Iñarrak nabarmendu du ohituta dagoela kontzertuak gaztetxeetan ikustera, eta eskertzekoa dela horrelako «leku ikusgarrietan» ere kontzertuak entzuteko aukera izatea.

«Oihanederreko azken ekitaldia da, baina ez egin negarrik». Horiek izan dira Josu Ximun Lukiek taldeko abeslari eta gitarra jotzailearen lehen hitzak abesten hasi aurretik. Eta, ustekabean, hasi da lehenengo kontzertua.

Pixkanaka, berotzen hasi dira entzuleak, eta, Liher hasi denerako, dantzatzera ere animatu dira. Irribarrea ahoan, taldearen doinuez gozatzen ari da Ane Karetxe. Esplikatu du «pena bat» delaOihanederrek bere ibilbidea amaitu izana: «Asko eskaini dio Gasteizko euskal kulturari. Halere, espero dut Gasteizko kafe antzoki berriak ere gauza asko eskaintzea».

Azken emanaldia amaitu bada ere, bihar bulegora itzuliko dira Oihanederreko langileak. Duranak argi esan du: «Gaurkoa ez da agur bat izan, gero arte bat baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.