ATZEKOZ AURRERA

Oinatzak bizikidetzaren alde

Goizetik iluntzera, Gasteizko bihotza zapataz josi du Lekuek, #6000zpt ekintzaren bitartez; artearen eta kulturaren beharra aldarrikatu du gizarte «plural eta koloretsuagoa» lortzeko.

Herritarrek emandako oinetakoak baliatu zituen Lekuek ekintza artistikoa egiteko, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. DAVID AGILAR / EFE.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Zapatak kenduta. Irantzu Lekue artistak horrela inauguratu zuen atzo Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza eta Plaza Berria lotu zituen ekintza artistikoa. 7.000 zapata baliatu zituen lan horretan. 7.000 zapata arte adierazpideak aldarrikatzeko, administrazioen kultura politika salatzeko, eta, Gora Gasteiz egunaren bezperan, bizikidetzaren aldeko deia egiteko.

Goizeko zortzietan hasi zituen lanak Lekuek, zenbait kideren laguntzarekin. Andre Maria Zuriaren plazako Green Capital-aren belar eskultura izan zen abiapuntua. Bertatik, bi lerro abiarazi zituzten; irudika daitezkeen oinetako mota guztiak lerrokatuta sortutako marrak: haurren zapatatxoak, mendiko botak, takoidunak, txankletak, kirola egitekoak, etxekoak, txarolezkoak, hoteletako txinalak...

Goizeko ordu horietan hirigunetik igarotzen zen oro norabait bazihoan ere, burua okertzen zuen. «Zer egiten ari dira, bada? Azoka bat al dago gaur, edo?», galdetu zuen Mari Carmen Ruizek, biloba haur eskolara zeramala. «Bat baino gehiago etorri da galdetzera ea posible ote zuen bere zapatak uztea eta batzuk eramatea», azaldu zuen Lekuek. Ordea, asmoa beste bat zen. Iluntzean bildu zituzten zapatak; sailkatu, eta erabilgarriak zirenak zenbait elkarterentzat izango dira.

Euriaren etengabeko mehatxupean, zapata ilarak plazaren beheko partea hartuz joan ziren. Plaza bete, eta norabide zehatza hartu: udaletxerantz. Hara gerturatu ahala, kolore biziak beltzez tindatu ziren, udala seinalatzen zuen gezi beltz handi bat bihurtu arte. Mezua indartzeko, kolore askotako zapatak kokatu zituzten geziaren aurrean, udalaren politikei bizkarra emanez.

Ez zegoen jakiterik ea gezia egin bitartean Javier Maroto Gasteizko alkatea udaletxean zegoen. Goizean Eusko Legebiltzarrean izan zen, diru sarrerak bermatzeko errenta are gehiago mugatzeko herri ekinbide legegileko sinadurak aurkezten.

Hamaikak baino lehen, prest zegoen dena. Martxoaren 12an hasitako bidearen amaierara heldu zen Lekue. Orduan hasi zen herritarrek emandako zapatak biltzen, hiru aldarrikapen bateratzeko: arte eta kultura sortzaileen lana aldarrikatu eta horiei balioa eman; ekimen artistikoaren baliagarritasuna defendatu gizarte plural bat lortzeko; eta, azkenik, hiri plural bat aldarrikatu Maroto alkatearen jarreraren aurka.

Udaletxearen atarian lo

Lekueren arte ekintzak ikusmina piztu bitartean, Plaza Berrian hasitako beste ekinbide batek inguruan bildutako polizien ikusmina piztu zuen. Etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaldia prestatzen ari ziren Errekaleor Bizirik, Arkillos, Gaztetxea, Elkartzen eta Etxebizitza asanbladak. Ordea, kanpadendak zabaldu eta gutxira, Ertzaintzako talde berezietako kideak agertu ziren; esan zieten posible zutela aurreikusitako ekintzak egitea, baina kanpadendarik gabe. «Tira, udaletxearen atean lo egitea ere ez da irudi txarra», hausnartu zuen kide batek.

Hamaikak pasatxo, Lekuek arte ekintza inauguratu zuen; Imanol Martinez Herviasek bi melodia jo zituen biolarekin, artelanaren parte gisa. Gora Gasteiz-eko kide batek ere hitza hartu zuen, bizikidetza defendatzeko. Plataformak bere egun handia ospatuko du gaur. Lekuek berak bizikidetza aldarrikatu zuen manifestu artistikoan, baita gaurko egunerako deia egin ere, «Gora Gasteiz!» oihukatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.