BERRIAren udako argazkien lehiaketako irabazlea

Oliver Perez Amas: «Ona izateko, argazki batek atentzioa eman behar du»

Karabela portuges bati Lekeition ateratako argazkiarekin irabazi du Perez Amasek BERRIAren udako argazkien lehiaketa. Ez zen haren bila joan: parean agertu zitzaion argazkia.

Oliver Perez Amas, aste honetan, Zumaian, BERRIAren udako argazki lehiaketako argazkiarekin. GORKA RUBIO / FOKU
Oliver Perez Amas, aste honetan, Zumaian, BERRIAren udako argazki lehiaketako argazkiarekin. GORKA RUBIO / FOKU
unai zubeldia
2025eko irailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gora begira joatea zen haren asmoa, baina behean aurkitu zuen altxorra. Oliver Perez Amas (Zumaia, Gipuzkoa, 1976) itsasoko hegaztiak ikusteko asmoz abiatu zen udan Lekeitiotik (Bizkaia), Kulixka itsasontzian, baina zeru aldean ez, itsasoan topo egin zuen kolore festarekin. Karabela portuges bati ateratako argazki batekin irabazi du BERRIAren udako argazkien lehiaketa.

Argazkiari begiratuta, «lasaitasuna» izan daiteke sentsazioetako bat, «edertasuna» beste bat...

Arriskutsua bezain ederra izena jarri nion argazkiari, eta horrela deskribatuko nuke nik. 

Begira egoteko ederra baita karabela portugesa, baina arrisku pixka bat ere sortzen ari baita azkenaldian...

Albiste askotan agertzen ari da, bai, hondartzetan bainua debekatu dutela eta bat eta beste. Arrisku pixka bat badauka.

Baina, tira, lehiaketa bat irabazteko aukera eman dizu zuri, eta maitea izango duzu dagoeneko...

Txiki-txikitatik gustatzen zait natura, eta beti saiatzen naiz horrelako aukerak aprobetxatzen.

Izozmendien itxura pixka bat badaukate karabela portugesek, ur azalean ikusten den baino askoz gehiago izaten baitute gordea ur azpian.

Hala da, bai. Ikusgarria da goitik edo ur azaletik begiratuta, baina hamar metrorainoko garroak izan ditzake ur azpian, eta pentsa noraino hel daitekeen. Horregatik da hain arriskutsua. 

Hegaztiei argazkiak ateratzera joan zinen zu berez, baina gora begira ez dago halako argazkirik ateratzerik...

[Barrez] Ez, ez. Baina hala suertatu zen. Lekeitiotik atera ginen, Kulixka itsasontzian, itsasoko hegaztiak ikusteko asmoz. Irteerak antolatzen dituzte, bereziki itsasoko hegaztiak ikusteko, nahiz eta zetazeoak-eta ere ikus daitezkeen. Portutik atera bezain laster agertu ziren karabela portugesak, sakabanatuta. Patroiari eskatu nion hurbiltzeko mesedez, eta primeran portatu zen. Eskerrak eman beharrean nago Asier patroiari, Jon Zubiaurri... 

Ez da propio bila joandako argazki bat, beraz. Baina argi ikusi zenuen hor bazegoela kolore eta tonu jolas polit bat.

Inoiz ez da jakiten horrelako aukerak noiz suertatuko diren, baina berehala jabetu nintzen oso kolore joko polita zeukala argazkiak. Ohituta gaude hondartzetan karabela portugesak ikustera, baina itsasoko ikuspegi hori ez dugu askotan izaten, eta momentu polita izan zen. 

Oliver Perez Amas, argazkilaria. Zeure buruari argazkilari deitzera iritsi zara? Edo zaletasuna da gehiago?

Zaletasuna bakarrik da, zaletasuna. Denbora asko pasatzen dut argazkiak ateratzen, baina ni ez naiz argazkilaria.

Zer behar du argazki on batek?

Oso subjektiboa da hori, baina atentzioa eman behar du. Hainbeste argazkiren artean horrelako sari bat irabazteko, argazkiak zer edo zer berezia eduki beharra dauka. Bakoitzak bere ikuspegia dauka, ordea, eta ni saiatzen naiz ikuspegi desberdin hori bilatzen. Adi egon beharra dago; edozein tokitan aurkitu daiteke argazki on bat. Askotan ez zara joaten argazki baten bila, baina agertu egiten da, eta prest egon beharra dago.

Gaur egun, sakelakoarekin ateratzen dira argazkirik gehientsuenak. BERRIAren udako argazkien lehiaketako argazki irabazlea ere hala ateratakoa al da?

Ez, ez, ez. Sakelakoa oso gutxitan erabiltzen dut argazkiak ateratzeko; nire kamerarekin ateratakoa da argazki hau. Sakelakoa, deiak egiteko; kamera, argazkiak ateratzeko. Askoz kalitate hobeko argazkiak ateratzen dira kamerarekin.

Baten batek pentsatuko du Photoshopekin egindakoa dela lanaren zati handi bat...

Ez naiz Photoshopen batere zalea. Ikusi dudan hori islatzen saiatzen naiz argazkietan. Hau kendu eta hori ukitu eta... ez zait gustatzen jolas hori.

Nondik sortu zaizu argazkilaritzarekiko pasio hori?

Nolabait esateko, nire bi zaletasunak elkartu nituen azkenerako: gaztetan hasi nintzen hegaztiak behatzen, batetik, eta argazkiak ateratzen, bestetik; denborarekin, bi punta horiek lotu nituen azkenean.

Zein hegazti da ederrena argazkiak ateratzeko? Edo zein duzu gustukoena?

Ez dakit, asko daude, baina ugatza esango nuke agian. Oso-oso hegazti polita da, eta badauzkat batzuk gordeta.

Oraintxe sortuko zitzaizun buruhauste ederra! Bi lagunentzako otordua zain duzu Getariako Elkano jatetxean, baina bat baino gehiago arituko dira gonbidapen eske...

Ez, ez. Erabakita dago hori: emaztearekin joango naiz. Sari honen zati bat harena ere bada.

Han ere atera beharko duzue argazkiren bat...

Sakelakoarekin aterako dugu agian!

LOTSABAKO

Inoiz atera duzun argazkirik onena?
Papo-urdin batena.

Ateratzeko daukazuna?
Asko dauzkat.

Argazkiak, koloretan edo zuri-beltzean?
Koloretan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.