«Urte osoan Marijaiaren zain egoten gara, umeek Olentzero eta Mari Domingi itxaroten duten ilusio berarekin», Bilboko Konpartsen Federazioko kide Adrian Vazquezen hitzetan. Eta daborduko gertu dago Marijaia: hilaren 22an igoko da Bilboko Arriaga antzokiko balkoira ostera, Aste Nagusiari hasiera emateko, eta 30era bitartean egongo da festazaleen artean. Prest daude, halaber, Onintza Enbeita pregoilaria eta Ainhoa Urrejola txupinera ere: aurrenekoz agertu dira jaietako trajeak soinean, gaur goizean hiriko udaletxean egin duten prentsaurrekoan.
Ikusi gehiago
Pozik eta nabarmen hunkituta hartu dute hitza Enbeitak eta Urrejolak, Vazquez eta Itziar Urtasun Jaietako zinegotzia zituztela lagun. Erronka eta gisa bereko berbak baztertu, eta pregoilari izateko gonbita «kristoren ohorea» dela esan du Enbeitak, «pribilegioa». «Bederatzi egun bilbotarren eta bizkaitarren maitasuna jasotzeko». Bertsolaria, kazetaria eta BERRIAko zutabegilea da, eta, haren ustez, pregoilari izatea bada ibilbide bati egindako aitortza. «Uste dut hau dela bertsolari moduan sekula jaso dudan maitasun erakustaldirik handiena».
Eta bada, gainera, aspaldiko amets bat betetzea ere, negar batean oroitu duenez. «Behin irratian esan nuen nire ametsetako bat Bilboko pregoia irakurtzea dela». Hori horrela, Vazquezek deitu zionean iruditu zitzaion ziria sartzen ari zitzaiola. «Kostatu zitzaidan sinistea. Inoiz ez nuen pentsatuko».
Urrejolak ere pozik dagoela berretsi du, eta eskerrak eman dizkie Bilboko konpartsei, debaldeko lana eginez jaiei eusteagatik, baita Zazpikaleetako Merkatari elkarteari eta Marivi Redoli diseinatzaileari ere, haiek arduratu dira-eta pregoilariaren eta txupineraren jantziez. Urrejola 1977an sartu zen konpartsetan, Xakilixuten aurrena —Txori Barrote izena hartuko zuen gerora—, eta, beste hainbat tokitan ibili ondoren, Kaixo konpartsara heldu zen: 30 urte daramatza han. Hiru konpartsakide beteranoren artean aukeratu zuten, zozketaz. «Hasieran kostatu zitzaidan onartzea», aitortu du.
Pregoia, dagoeneko idatzita
Bilboko jaietako bederatzi egunetan bikote banaezina osatzen dute pregoilariak eta txupinerak: 10:00etako suziria botata hasten da haien eguna, eta gauera arte irauten du; bitarte horretan, batera egoten dira lehiaketa gastronomikoetan, elkarrizketetan, baita konpartsen seiehun bat jardueretako batzuetan ere, edo udalarenetan, zorrotz antolatutako agenda batek ezarritakoa betetzen. Ezinbestean, lotura estua sortzen du horrek jaietako bi figuren artean, baina, sarritan, Aste Nagusia hasterako sortua da jada gertuko harreman hori. Enbeitak eta Urrejolak hainbatetan begiratu diote elkarri prentsaurrekoan, egin diote elkarri irribarre, keinu, hunkitu dira. «Ezin da egon jaietarako gida hoberik», adierazi du bertsolariak, «ez delako konpartsakidea kasualitatez, baizik eta konpromisoz, konbikzioz eta maitasunez; eta uste dut horrek Aste Nagusiaren barru-barruraino eroango gaituela».
Prest daukate dena, hortaz. Eta prest dago, orobat, pregoia. «Noski, idatzita daukat ja», jakinarazi du Enbeitak. «Argi dago pregoia ezin dela inprobisatu, bertsoen moduan; horrelako momentu batean ez nuke esango nahiko nukeen erdirik ere». Bertsoak egongo direla aurreratu du, baina guztia ez dela bertsotan izango.