Ene lagun bati erran berri diot orain gaztetuko banintz tindatzailea izanen nintzela». Adinik ez da ametsetako ofizioa atzemateko, eta berea atzeman berri du Marcelle Etxeberrik, Maule-Lextarreko zahar etxeko 84 urteko egoiliarrak. Etxeberrik bezalaxe, kasik bi urtez egoiliar frankok murruak margotu dituzte Celine Mirailh margolariarekin, zahar etxea «bizigarriagoa» izateko, bertako osasun koordinatzaile Xabina Loiathoren erranetan.
Buruko odol kolpe bat ukan ondotik gorputzaren eskuinaldeko motrizitatea galdurik sartu zen zahar etxera Etxeberri. «Plazera» eragin dio azken bi urteetan egoitzako murruak tindatu izanak, eta batez ere jendea ezagutzeko parada zabaldu diola erran du. «Ezagutzen ez nituen batzuekin mintzatzen hasi naiz, eta geroztik ezagutzen ditut. Irudi du erridikulua dela, baina anitz da enetako hori».
Zahar etxean barna nonahi daude margolanak. Behereko partera sartu eta berehala ikus daiteke lehen tindua, zeinetan emazte batzuk ageri diren pegarra batzuekin. Lehen solairuko jardueren gelako atea edozein euskal etxeren ate gisara tindatu dute, eta horren kanpoaldean frontoi bat marraztu dute. Bazterretan, eskuinaldean, landareak eta arbolak ageri dira, Euskal Herriko edozein herritako plaza bat balitz bezalaxe. Eta proiektuaren helburua, hain zuzen ere, hori da, adinekoak «ezagunak dituzten giroetan murgiltzea», Loiathok gehitu duenez.

Horien tindatzera Mirailh jin zitzaien, eta, kontatu duenez, ideia orokorrak baizik ez zituen orduan. Egoiliarrak integratu dituzte proiektuaren hastapenetik, eta tindatu aitzin bilkurak antolatu dituzte margolanei forma emateko. Mirailh: «Egoiliarrak mintzatu dira, eta haien oroitzapenetatik abiatu gara margolanak sortzeko. Ez naiz nehoiz jin margolan bat prest nuela buruan». «Ideia orokorra haiekin adosten genuen, eta gero paretetan tindatzen hasten ginelarik ematen genituen detaileak».
«Egoiliarrak mintzatu dira, eta haien oroitzapenetatik abiatu gara margolanak sortzeko. Ez naiz nehoiz jin margolan bat prest nuela buruan»
CELINE MIRAILH Tindatzailea
Margolanetan detaileak ez dira eskas. Jangelako paretan, margolanaren ezkerrean, zakur bat ageri da, eta eskuinaldean, gizon bat egunkaria leitzen; pertsonaien arropak adinekoen errealitate kulturalaren isla dira: bonetak, espartinak eta dantzarien jantziak. Hauetarik franko maskaradetan edota pastoraletan atzeman daitezke. Loiathok gaineratu duenez, 1930eko hamarkadako pertsonen eguneroko errealitatea ikus daiteke emaitza gisa. «Laborantza eta herrietako ohiturak tindatu dituzte, eta egoiliarren hurbileko bizipenak eta oroitzapenak izan dira obratu duten horren guziaren ardatz».
Onura terapeutikoa
Mirailhi harrigarria zaio egoiliarrek proiektuan eman duten «indarra». Astearte guziz egoitzara jin ohi zen artista, eta, adierazi duenez, hitzordu tenorea baino lehenago prest egoten ziren adinekoak, soinean taulierra jantzirik. Bertzalde, sinestezina zaio tindu tailerrak zer heinetarainoko sozializazio gune indartsuak izan diren. «Nik egoiliarrekin harremana egin dut, baina harritu naiz haien artean nola elkar ezagutu duten. Batzuk, proiektuan parte hartu baino lehenago, ganbaran egoten ziren luzaz, baina tindatuz geroztik jarduera anitzetan parte hartzen dute egun».
Bertzalde, Loiathok nabarmendu duenez, aldaketa handienak Unitate Babestuaren pazienteengan sumatu ditu. Nagusiki alzheimer eritasuna duten adinekoak daude bertan, eta pasabide guzia tindatuz gero adineko batzuk «eraldatu» dira, haren irudiko. Hain zuzen ere, oihan handi bat eta erreka bat margotu dituzte, eta usaimena eta ukimena lantzeko hainbat tresna ezarri. Gainera, luzera guzian errekaren zati bat erliebean ezarri dute, eta horrekin batean ingurune lasaigarria sortu dute esentzia olioekin. «Batzuek orenak pasatu ditzakete margolanaren aitzinean eta erreka ukitzen. Paziente horiek usaian beldurrak izaten dituzte egunaren bukaeran, eta ondorioztatu dugu margolanen artean ibiltzen direnek ez dutela lehen bezainbat krisi izaten».

Gainera, azpimarratu du memoria lantzeko ariketa «ederra» dela paziente horientzat, ohiko ariketak baino «bizigarriagoa eta dinamikoagoa» izan baita tindatzea. «Oroitzapen batzuk jiten zaizkie burura, eta usaian haurtzaroko ingurunea aipatzen digute —baserria, gehienbat—, eta zahar etxera arribatu baino lehen tinduan ikusten dituzten elementuekin izan duten harremana oroitzen dute». «Adibidez, gehienek erraten digute ‘arbolak baziren ene etxaldean’, edo ‘errekan jostatzen nintzen usu ttipitan’, eta horrela erranik ez dirudi gauza handia denik, baina hobekuntzak dira haien egunerokoan», nabarmendu du Loiathok.
Deialdiei «adi»
Emilie Candeau Tilh komunikazio arduradunak proiektua urrunago eraman nahi luke, eta langile guzien mantalak «edertu». Horrez gain, pazienteen ganbaretako berogailuak ere pertsonalizatu nahi lituzke, zahar etxea ahal bezainbat haien etxearen irudikoa izan dadin.

Esplikatu duenez, zazpi margolanak sortzeko 15.000 euroko aitzinkontua izan dute Famileo fundazioaren deialdiari esker. Nahiz eta osasungintzan eta oro har zerbitzu publikoan diru mozketak izaten diren azkenaldian, Candeau Tilhek erran du lehen baino adiago daudela mota horietako deialdiei eta bertzelako diru sarrerei, egoiliarren egunerokoa hobetzeko. «Fundazioen eta dotazio funtsen bidez lortzen dugu dirua, eta haiei ere interesatzen zaie guri laguntzea, ekintza jakin batzuen bidez adinekoen egunerokoa hobetzen lagun dezaketelako».
Langileei eta egoiliarrei «biziki ongi» iruditu zaie proiektua, eta mota horretako egitasmo gehiago eskatzen dituzten heinean, «motibagarria» zaio horretan lanean segitzea Candeau Tilhi. «Paziente zenbaiten gaitasunak deskubritu ditugu, uste baikenuen jada ez zirela gai tindatzeko. Eni horrekin oilo ipurdia jartzen zait, eta sekulako gogoa ematen dit lanean segitzeko».