Deustuko Ondalan erraldoien konpartsako kidea

Jabi Ortega: «Oso polita da umeak ahoa eta begiak zabal-zabalik ikustea»

Ortegaren irudiko, «berezia» da Ondalanek jaietako azken egunean antolatzen duen erraldoien bilkuran parte hartzea. Gainera, nabarmendu du azken urteetan plazan «ia sartu ezinik» egon direla, jendetza dela eta.

Jabi Ortega, herenegun, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jabi Ortega, herenegun, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
2025eko abuztuaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ordubete eskas barru erraldoiekin batera dantzan irten beharko du Jabi Ortegak (Deustu, Bilbo, 1976). Ondalan erraldoien konpartsako kidea da, baita Deustuko dantza taldekoa ere. Egunero irteten da dantzatzera Aste Nagusian. Hala ere, azken eguna du gogokoen: bigarren domeka. Orduan izaten da erraldoien bilkura, eta Ondalanekoak dauzkaten erraldoi guztiekin ateratzen dira. Ekitaldi «oso polita» dela aitatu du, eta urtez urte geroz eta harrera «hobea» daukala. Era berean, nabarmendu du erraldoiak «bestelako» jai eredu baten parte direla, herriko kultura transmititzen dute eta. 

Ondalan konpartsa Deustun sortutakoa da, baina hortik kanpo ere aritzen zarete, ezta?

Deustun asko mugitzen gara, eta Bizkaia da gure eremu naturala. Gehienbat Bizkaiko herrietatik deitzen gaituzte, herrietako jaietan edo ospakizunetan parte hartzeko. Dena den, ekitaldi berezi batzuetarako urrunago ere joaten gara; adibidez, Kanbora [Lapurdi] urtero joaten gara. Gainera, inoiz beste nonbaitetik deitzen badigute, joan egiten gara. Aurten, esaterako, Eltziegon [Araba] egon gara. Baina, gehienbat, Bizkaia da gure eremua.

Zuk zenbat urte daramatzazu erraldoiekin ateratzen?

Ondalan konpartsa sortu zenetik ateratzen naiz, eta jada 29 urte dira sortu zela. Gainera, Deustuko dantza taldean ere banago. Hori dela eta, Bilboko udal erraldoiekin ateratzen naiz. Udal erraldoiak Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak dantzarazten ditu. Haiek arduratzen dira dantzariak eta buruhandiak bilatzeaz. Zortzi erraldoi ateratzen dira guztira. Bilboko eta Bizkaiko dantza taldeetako jendearekin osatzen da konpartsa, eta egunero ateratzen da. Hartan ez dakit zenbat urte daramatzadan, egia esan, baina batzuk bai.  

Ondalanek azken domekako bilkura antolatzen du. Zelakoa izaten da egun hori?

Guretzat oso polita izaten da, egun ederra. Jende pila bat etortzen da; gainera, Euskal Herriko beste leku batzuetako konpartsak ere izaten dira. Oso egun berezia da. Jende piloa elkartzen da. Azken finean, egun hunkigarria, polita eta dibertigarria da. Hori gutxi ez, eta aurten erraldoi guztiak aterako ditugu: zortzi erraldoi handi, eta lau txiki.

«Plaza Biribilean hasi, eta Alde Zaharrera jaisten gara. Zamudioko Atean, Bilboko udal erraldoiekin biltzen gara, eta bals bat egiten dugu elkarrekin. Momentu hori oso polita da, eta jendetza egoten da ordurako»

Eta zelako harrera izaten du?

Itzela, eta geroz eta hobea. Nabaritzen dugu. Beti egon da jende pila bat: bilkura bukatzean, Areatza jendez josita egoten da. Hori 13:30 aldera izaten da; 13:00etan heldu ohi gara, eta 14:00ak arte egoten gara bertan. Hasi, baina, 10:30ean egiten gara. Garai batean, jende gutxi egoten zen ordu horretan, baina azken urteotan 10:30etik egoten da jendea gurekin. Plaza Biribilean hasi, eta Alde Zaharrera jaisten gara. Zamudioko Atean, Bilboko udal erraldoiekin biltzen gara, eta bals bat egiten dugu elkarrekin. Momentu hori oso polita da, eta jendetza egoten da ordurako. Horren ostean, Done Jakue plazara heltzean, beste bals bat egiten dugu elkarrekin. Ia sartu ezinik egoten gara. Egun berezia da. 

Hurbiltzen diren guztiek izango dituzte erraldoiak gogoko, baina umeei gustatzen zaizkie gehien, ezta?

Bai, noski. Batez ere umeak egoten dira ahoa eta begiak zabalik. Horregatik da oso polita, eta umeekin batera gurasoak eta senideak joaten dira. Bestelako zaleak ere batzen dira. Hala ere, umeak dira aurpegiera bereziena dutenak. Gu asko pozten gaitu horrek, noski. Zu erraldoi edo buruhandiaren barruan zoaz, eta umeen aurpegiak eta jendearen barreak ikustea oso polita da. Egunean bertan dantzatzen ez ezik, aurretik prestatzen eta entseatzen ere esfortzu handia egiten da. Ordu asko dira. Hori ikustean, ordea, konturatzen zara merezi duela. 

«Erraldoiak bestelako jai eredu baten parte dira. Eredu horietan, oinarrizkoa da egunez jaietako giroa sortzea eta horri eustea»

Prestakuntza aitatu duzu. Zelan prestatzen duzue bilkura?

Bilkura hori antolatzeko, hilabete batzuk lehenago hasi behar izaten dugu. Erraldoien dantzak edozein dantza talderenak bezala prestatzen dira. Elkartu egiten gara, eta talde bakoitzak dagozkion entseguak egiten ditu. Horren ondoren, dantza batzuk elkarrekin egiten ditugu. Jendeari asko gustatzen zaio hainbat tamainatako erraldoiak dantzak ikustea, denak koreografia bera egiten. Horretarako, nola ez, entseatu eta prestatu beharra dago. 

Eta, zure ustez, erraldoiak zergatik dira garrantzitsuak?

Erraldoiak bestelako jai eredu baten parte dira. Eredu horietan, oinarrizkoa da egunez jaietako giroa sortzea eta horri eustea. Gainera, erraldoien inguruan adin guztietako jendea elkartzen da. Horretaz gain, erraldoiek herriko kultura trasmititzen dute, herriari lotuta egon behar dute eta; gure konpartsako erraldoien artean, adibidez, Deustuko alkatea eta Txakolinaria daude. Biak Deustuko pertsonaiak dira. Erraldoi txikienak, berriz, herriko folkloreari lotuta daude: txistularia, pandero jolea, trikitilaria... Orduan, kultura transmititzen dute. Elkargunea ere badira. Era berean, erraldoien jaia herriak eginikoa da; azkenean, dantzariak bertokoak gara, elkarteetan musu truk ibiltzen garenak, eta beti saiatzen gara gure herriko jaietan parte hartzen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.