«Lanean arituta esan didaten hitzik politena hauxe da: laztana. Eta izen-abizenekin esango dizut nork esan zidan: Martxelo Otamendik. Bizitza osoan taberna batean esan didaten hitzik politena hark esan zidan. Hori jarri, e!». Josune Otegik (Aduna, Gipuzkoa, 1963) bizi osoa pasatu du ostalaritza munduan lanean, eta azkenaldi honetan komunikatzaile gisa ere ari da: denda txikietako saltzaileei elkarrizketak egiten dizkie, eta bideo bidez igotzen ditu Instagrameko bere kontura; Euskadi Irratiko Faktoria-n ere kolaboratu du.
Egunkari honekin duen harremana, bestalde, ez da BERRIAren zuzendari ohiarekin daukan hartu-emanera mugatzen. «BERRIA sortu zenean, 2003an, lanean nenbilen tabernan edukitzen nuen, egurrarekin zintzilikatuta. Eta gizon batek zera esan zidan: ‘Ez dakit zergatik daukazun egunkaria, inork ez du leitzen eta’. ‘Bai, pertsona batek leitzen du’, esan nion, ‘eta hortxe edukiko du ni hemendik joan arte. Bat: euskarazkoa delako. Bi: batek bada ere leitzen duelako. Barkatuko didazu’. Aitor Iriarte da irakurlea; egunero etortzen zen lanera joan baino lehenago, eta egunkaria leitzen zuen».
Izen-abizenez gogoratzen ditu bezero izandako asko, harreman estuak sortu baititu haietako ugarirekin. Erretiroa hartu du duela ez asko: «Nik erretiroa hartu dut datafono zahar hori izan gabe. Nirekin, eskudirua! Eta inor ez da joan pagatu gabe...».
Jendaurrean lan egiten pasatu duzu bizitza. Horretarako balio egin behar da, ezta?
Ba, egia esan, bai. Gauza bat da zerbitzatu eta irribarre egitea, eta beste bat da ostalaritza bizitzea. Balio egin behar da. Nire ustez, jende askok ez du balio mostradorerako. Jantokian desberdina da: ez da hainbeste hitz egin behar. Nik asko zerbitzatu dut, baina ez da nire lana.
Zu barra atzekoa zara.
Ni bai. Nik hitz egiteko beharra dut: ez naiz janari garraiolaria. Ez da bakarrik kafe bat zerbitzatzea: konbertsazio bat ondo eramatea da, aldarte lehorrean zaudenean lehorra izatea... Ni ez naiz Arantzazuko ama birjina, e! Ni izaera handiko emakumea naiz.
Eta jarioa betidanik eduki duzu?
Oso lotsatia nintzen txikitan, e! Heidi bezala menditik atera nintzenean —Pedro gabe, hori bai—, lotsatia nintzen. Ez nuen ikasi nahi; hori zen gurasoei eman nien aurreneko disgustua. Nik herritik atera nahi nuen. 17 urterekin atera nintzen Adunatik, eta orain dela bi etorri nintzen hona. Aurrena Lasarteko Txartel hotelean hasi nintzen. Nire aitak barazkiak ematen zizkien, eta elkar ezagutzen zuten; etxekoak bezala hartu ninduten. Hamar urte egon nintzen, eta gero Donostiara joan nintzen.
«Nik kontu asko esaten dut, baina ohera joan baino ordubete lehenago nire pentsamenduei bueltaka aritzen naiz: ea egunean zer egin dudan, zer esan dudan gaizki...»
Noiz galdu zenuen lotsa?
Txartelen. Neure burua beti ispiluaren aurrean jarri dut. Hori egin nuen, eta esan nuen: «Hau, horrelako motza...». Nik zerbait atera behar nuen nire barrutik, baina ez nekien nola. Gero, erdaraz ez nuen ondo egiten, eta Lasarten erdaldun jendea zegoen: hala zen. Nik euskaraz egiten nuen, eta ondo egiten ikasi behar izan nuen. Baina hori ez zen arazoa: nire nortasuna atera behar nuen. Nire lagunik handiena nire ispilua izan da.
Zer esaten dizu zuri ispiluak?
«Ai, Josune...». Bueno, niri herrian orduan Maxux esaten zidaten. Lasarten ez zekiten nola esan, eta orduan esan nien Josune deitzeko. Ni Adunan Maxux naiz, eta hemendik kanpora, Josune.
Egunkarian zer jarri behar da?
Josune jarri, baina ni Adunako Maxux naiz. Ispiluaren aurrean jarri, eta esaten nuen: «Mugitu, maitea, zuk balio duzu eta». Hori inork ez zidan erakutsi. Nire ispilua toki guztietan izan da nire laguna. Nik kontu asko esaten dut, baina ohera joan baino ordubete lehenago nire pentsamenduei bueltaka aritzen naiz: ea egunean zer egin dudan, zer esan dudan gaizki...
Kontu denak berrikusi.
Bai. «Hau ez nuen esan behar», edo. Hotelean goxo-goxo egon nintzen, oheak egiten-eta. Babes handia izan nuen: asko zaindu ninduen Txartel hoteleko Salome Iruretagoienak. Ahizpa baten parekoa zen. Hor sentitu naiz ni etxean. Etxetik etxera joan nintzen, eta hoteletik atera nintzenean, kalera joan nintzen.
Donostiako Parte Zaharreko jatetxe batera.
Saltsa dagoen lekuan, hantxe ni. Amak kontrolatuta eduki nahi ninduen, baina bueno... «Hau da nirea!», esan nuen. Kristoren parrandak egiten genituen nik eta beste zerbitzariek. Donostiako Alde Zaharra Gipuzkoa txiki bat zen: fundamentuzko neskak, herri txikietako neskak. Hori ondo markatu.
«Donostiako Alde Zaharra Gipuzkoa txiki bat zen: fundamentuzko neskak, herri txikietako neskak»
Zuk fundamentuari garrantzi handia ematen diozu.
Nik bai, kristorena. Niri etxean erakutsi didate «egun on», «arratsalde on» eta «eskerrik asko» esaten; nik hori toki guztietan esan dut. Lehenago kamarerak ziren! Orain ere badaude, baina lehenago denak ziren. Ofizioa zegoen: erakusten zizuten trapua nola eraman. Begira, gogoratzen dut Alde Zaharrean sukaldea bistan zeukan taberna bat zegoela. Lapikoak garbi-garbi egoten ziren, eta etxekoandrea, mantal zuri-zuriarekin. Jantoki soil bat zen, eta arraina arraina zen. Janari garbia, tradizionala, etxekoa. Azkena Ramonekin [senarra] eduki nuen jatetxea. Menua hamahiru euroan ematen genuen. Guk janari hau jartzen genuen: babarrunak, garbantzuak, entsalada, arraina, masailak saltsan... Goxo-goxo, pulamentuz. Eta postrea, behin ere ez izoztua; izoztua emango baduzu, esan ezazu izoztua dela, eta ez kobratu zortzi edo hamar euro. Horrek kristoren amorrua ematen dit.
Eta urarekin eta ogiarekin dagoen zuhurkeriaz zer duzu esateko?
Bueno, bueno, bueno, zuhurkeria hori... Ni horren kontra egon naiz beti. Aspaldiko ostalarien eskolakoa naiz, eta modernitateari jarraitu diot, baina ez zait batere gustatzen. Eta beste kontu bat ere bada: toki askotan zenbat langile aldatzen diren. Hori zergatik da? Langileak ez dituztelako goxatzen. Nik ere ez ditut denak ondo egin, e! Baina esan ditudan aldiro, ohera joan baino lehenago hausnartu egin dut: «Josune, pasatu egin zara». Gauzak horrela dira. Ostalaritza ez da bakarrik gin-tonica ondo egitea: komuna garbitzea ere bada, behar den bezala, fundamentuz. Nazka gauza askok ematen didate, baina egin behar dituzu. Gaueko hamabietan zenbat aldiz aritu ote naizen komuna garbitzen, aurreko mantala jarrita. Izugarri gustatzen zait! Badakizu askotan zer jartzen nuen garbitzeko? Chavela Vargas. Hortxe ibiltzen nintzen ni, eman eta eman, nire pentsamenduei bueltaka. Halere, badakizu norekin ikasi dudan nik azkeneko partean ostalaritzan? Jende gaztearekin. Nik beti adineko jendearekin egin dut lan, baina azkeneko partean parranda ere egoten zen gure tabernan, eta nik oso ondo pasa dut. Oilo zahar bat bezala...

Zer erakutsi dizute gazteek?
Gauza asko. Bat: ze askatasuna daukaten beraien artean. Askatasun handia dute.
Noiz hartu zenuen erretiroa?
Hiru protesi dauzkat gorputzean, eta oraindik erretirorik ez dut hartu, baina utzi egin dut, medikuak hala eskatuta.
Zuk jendeari jaten eman diozu urte askoan, eta zuk haien kontuak ere jango zenituen...
Dudarik gabe. Nik zera egin dut: zerbitzatu eta aditu. Emakume batek gauza asko egiteko gaitasuna dauka. Kristorenak entzun ditut, benetan. Horrelaxe da. Nik, gainera, jakin-mina daukat. Larunbatero-larunbatero gauzak ikusi ditut, baina larunbat gauean gertatu dena han geratzen da. Hori bai, e! Inori ez. Orain, harrituta geratu ere bai.
«Mikrofonoa hartu eta herri txikietara joko nuke, hango aitona-amonei elkarrizketak egitera. Haiek badituzte, bai, istorioak kontatzeko»
Faktoria-k nola fitxatu zintuen?
Ai ama, ze ondo pasatu genuen! Taberna utzi nuen, eta ez nintzen hasi bideoak egiten; hustuta geratu nintzen, nekatuta. Hiru urtetan hiru ebakuntza egin zizkidaten, eta, hala ere, alai. Kristoren agurra egin zidaten. Ni hunkituta egon nintzen, oilo zahar bat bezala. «Jo, Ramon, zerbait ere ondo egingo nian». Bukatzean, Adunara etorri nintzen —Aduna eta Asteasu artean nabil—, eta egun batean Maider Segurolak deitu zidan; ze maitagarria izan den nirekin. Etortzeko esan zidan. «Baina nik ez dakit ezer, e!». Ni neu izateko esan zidan, eta naturaltasunez aritzeko. Irati [Erauskin] eta biok aritu gara, biok desberdinak.
Jarioa, biek.
Bai, kristorena, gainera. Gauzak esan behar dira esan behar diren bezala. Hilabete batzuk egon gara, eta oso gustura. Hura bukatu baino lehen, bideoak egiten hasi nintzen Instagramen; astean behin, e!
Nola otu zitzaizun hori egitea?
Pandemian astean behin bideo bat egiten nuen, eta lehenengoa nire urtebetetze egunean egin nuen, tabernaren Instagram kontuan. Gero, asteburuko menuen berri ematen nuen. Astean behin bideo bat egin nuen. Gero, nire kontu pertsonala sortu nuen, eta aurreneko bideoa Errezilgo Letean egin. Tabernako bezero batek nire ahotsa aditu zuen: «Hau Josune duk!».
Ezaguna egin zara...
Pixka bat bai. Orain jaioko banintz, badakizu zer egingo nukeen gustura? Badauzkat urte batzuk, eta gazte jende asko dago, baina nik mikrofonoa hartu eta herri txikietara joko nuke, hango aitona-amonei elkarrizketak egitera. Haiek badituzte, bai, istorioak kontatzeko: txarrak, onak... Gu ezer ez gara, gu oso erraz hazi gara.
Edonola ere, ari zara ja elkarrizketak egiten zure Instagram kontuan. Dagoeneko izan zara jatetxeetan, mertzerietan, arropa dendetan, lore dendetan, musika dendetan, podologia zentroetan... Denean!
Asko ezagunak dira, eta mertzeria batean zer esango duzu? Saltsa pixka bat atera behar duzu, eta esan nion: «Nik urte batzuk dauzkat, eta zer behar dut: tanga edo kuleroak?». Umore pixka bat egin behar duzu. Ezagutzen ez ditudan batzuengana ere joan naiz. Baten batek ezezkoa eman dit lotsagatik, baina gehienek baiezkoa eman didate. Ramonek grabatzen nau, sakelako normal-normal batekin. Ikusten dut pertsona, eta segituan ateratzen zait galdera, bertsolaria banintz bezala; ikaragarria da. Bideoetan elkarrizketatu ditudan guztiek eskerrak eman dizkidate.
Eta elkarrizketa gehien-gehienak herri txikietan egin dituzu. Ez da kasualitatea, ala?
Bai, den-denak, eta ez da kasualitatea: ni herri txikietakoa naiz. Gure leloa hau da: «Herri txikietan erosi». Amazon zikin hori... Ba, ez! Gero, kexatu egiten gara denda txikiak ixten ari direlako. Nola ez dira itxiko? Orain ere azokak ze politak dauden... Azkena Gaintzako azokan izan nintzen; nire ahizpa antolatzen ibiltzen da, eta joan egin nintzen. Egun-pasa joaten naiz: han bazkaldu, bideoa egin, eta etxera. Bost minutuko bideoak dira, eta ederki pasatzen dut.
Nor da Ramon? Ahotsa baino ez zaio entzuten. Aurpegia ikusiko al dio Euskal Herriak inoiz?
Ez. Ahots partikularra dauka, gainera. Guk urte pila bat daramatzagu batera, eta niretzat dena da. Mentalki elkarri harrapatuta gaude, eta oso desberdinak gara, e! Pazientzia handia dauka, ni denekin geratzen naizelako hizketan. Ni horrelakoa naiz, eta ulertzen du. Nik bizitzari umorearekin begiratzen diot, eta ez dut nahi ozpinduko nauen inor. Nigandik desberdinak direnak gustatzen zaizkit; Ramon ere oso desberdina da. Mostradorean badakizu zeinengan jartzen dudan arreta? Isilik dagoen pertsonan. Zer ari ote da pentsatzen?