Ikus-entzunezkoak

Pantailak Euskaraz: bi urte eta aurrera

Gaur bete dira bi urte Pantailak Euskaraz mugimenduak argia ikusi zuenetik. Mugimenduak bideo bat egin du bi urteotako lorpenak azaleratzeko. 'Jakin'-ek eta Gazte Euskaltzaleen Sareak bat egin dute Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestuarekin.

Pantailak Euskaraz, 2021eko abenduan, Durangon. MARISOL RAMIREZ
urtzi urkizu
2023ko ekainaren 8a
09:34
Entzun 00:00:0000:00:00

2021eko ekainaren 8a zen, eta, ikus-entzunezkoetan euskarak aitzina egin zezan, mugimendu bat sortu zen: Pantailak Euskaraz. Alex Aginagalde bozeramaileak zera ohartarazi zuen: «Ezinbestekoa da aisialdian euskara sendo egotea».

Mugimenduak nabarmendu du zenbait gauza lortu dituela orduz geroztik: jendarteratzea nolako gabezia agerikoak dituen euskarak mundu digitalean eta nolako eragin kaltegarria duen horrek hizkuntzaren jabetzean eta erabileran; elkarlan dinamika batzuk lantzea ikus-entzunezkoetako eta euskalgintzako hainbat eragilerekin, egoerari buelta emateko; streaming plataforma batzuk eta erakunde zenbait euskarazko edukien aldeko pausoak ematen hastea; eta EITBk euskarazko plataforma bat sortuko duela iragartzea.

Mugimenduak, edonola ere, adierazi du lan asko dutela egiteko: zinemetan, telebistan, sareetan eta mota guztietako pantailetan euskararen presentzia eta kontsumoa handitzeko. Euskarak behar ugari baititu pantailetan. «Euskarazko ekoizpenerako baliabideak behar ditugu, bikoizketa politikak, euskarazko sorkuntzaren sustapena, eta lege, irizpide, arau, eta egitura propioak».

Pantailak Euskaraz mugimenduaren eskutik, 2021eko abenduan Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestua aurkeztu zuten Durangon (Bizkaia). 40 eragilek baino gehiagok egin zuten bat manifestuarekin. Egunotan, Jakin aldizkaria eta Gazte Euskaltzaleen Sarea batu zaizkie babes horri.

Bi urteotako bidean, nabarmentzekoa da iazko abenduan antolatutako Pantailaldia. Eta euskaltzale askoren ilusioa piztu du, bestalde, sortu duten bideoklipak eta kantak —hainbat euskal sortzaileren laguntzarekin—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.