Ikus-entzunezkoak

Pantailak Euskaraz-ek tamalgarritzat jo du Jaurlaritzak ikus-entzunezko kontseilua sortu ez izana

Mugimendu berriari «oso larria» iruditu zaio Eusko Jaurlaritzak ezezkoa eman izana ikus-entzunezko hedabideen euskal kontseilua sortzeko legea tramitatzeari.

Sinadura bilketak martxan dira. BERRIA
urtzi urkizu
2021eko ekainaren 23a
13:33
Entzun

Maiatzaren 24an, EH Bilduk ikus-entzunezko hedabideen kontseilua sortzeko lege proposamena egin zuen, baina ez da eztabaidatu ere egingo. Eusko Jaurlaritzak joan den astean esan zuen «nahikoa» direla gaur egun dauden egiturak eta zerbitzuak. Pantailak Euskaraz mugimenduak bere aurkezpenean plazaratu zituen aldarrikapenetako bat ikus-entzunezko kontseiluak sortzea da, eta adierazi du lanean jarraituko duela hiru lurralde administrazioetan ikus-entzunezkoen kontseilu propioak sor daitezen. Jaurlaritzaren erabakia deitoratu du: «Albistea tamalgarria da euskararentzat eta euskal hiztunontzat.»

Sektoreko adituengana jo du iritzi eske Pantailak Euskaraz mugimenduak. Ramon Zallo EHUko irakasle emerituak hala adierazi du: «Jaurlaritzaren erabakia penagarria da euskal hedabide sistema modernizatu eta indartzeari begira, noiz eta munduan eta Euskal Herrian plataforma teknologiko erraldoien nagusitasuna dugun garaiotan». Zera gaineratu du: «Euskararentzat oso kaltegarria da erabakia; diglosia mediatiko basati baten testuinguruan gaude, non euskara gero eta zokoratuagoa duten gaztelaniak eta frantsesak; testuinguru horretan, ikus-entzunezkoen kontseilu horrek ekarpena egingo lioke euskararen garapenari eta suspertzeari».

Pantailak Euskaraz mugimenduak Jon Artatxo legelariaren hausnarketa ere jaso du. Hau esan du Artatxok: «Eusko Jaurlaritzak emandako erantzuna EITBzentrista da, ikus-entzunezkoen kontseiluaren funtzioak ez liratekeelako EITBra mugatuko». Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak esan zuen egun dauden batzordeekin ez dela beharrezkoa kontseilurik sortzea. «Baina batzorde horiek ez dute azken urteetan balizko ikus-entzunezkoen kontseiluaren funtzioa bete», ohartarazi du Artatxok. Legelariak «ezinbestekotzat» jo du ikus-entzunezko kontseilua sortzea. Artatxok gaineratu du ikusi dela «EB 2018/1808 Europako zuzentarauaren kuotekin zerikusia izan duten aferetan, Espainiako gobernu zentralak hartu dituela erabakiak, eta ez Eusko Jaurlaritzak aipatzen dituen hiru foro horiek». Gainera, aipatu du EB 2018/1808 Europako zuzentarauak esaten duela funtzio horiek beteko dituen foro edo batzordeak «juridikoki beste gobernuko organoetatik berezituak izan behar direla» eta «beste organo publikoetatik funtzionalki independenteak». Artatxoren arabera, beraz, Eusko Jaurlaritzaren eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen argudioak kolokan geratzen dira juridikoki.

Pantailak Euskaraz mugimenduak beste gai baten inguruko iritzia eman du: hain zuzen ere, Disney Plus plataformak 25 filmen katalanezko bertsioak bere zerbitzuan jarri izana nabarmendu du. «Horrek erakusten du, aktibazio sozialaren bidez eta erakunde publikoetatik arduraz jokatuta, lor daitekeela konpainia erraldoi horiek hizkuntza komunitateen eskariak betetzea». Pantailak Euskaraz-ek ikus-entzunezkoetako eta euskalgintzako eragileei antolatzeko eta indarrak metatzeko deia egin die. «Indar uztarketa eta lan horren arabera egongo baitira euskarak eman ditzakeen aurrerapausoak; gainera, erakundeei eskatu nahi diegu Disney Plus konpainiarekin zintzotasunez eta arduraz negoziatzeko, erakundeei dagokie-eta haur eta nerabe euskal hiztunen eskubideak bermatzea».

Kolaboratzaile sarea, abian
Pantailak Euskaraz mugimenduak ekainaren 8an aurkeztu zuen bere burua. Netflix Euskaraz eta Disney Plus Euskaraz herritar taldeak, Tinko euskara elkartea eta Bieuse bikoizleen elkartea daude mugimenduaren batzorde eragilean, eta ikus-entzunezkoetako sektoreko eta euskalgintzako makina bat eragilerekin ari dira bilerak egiten. Eragile horietako zenbaitek babesa eman diete mugimenduaren aldarrikapenei.

Halaber, duela egun batzuk laguntzaile sarea osatzeko ekimena abiarazi zuen: bost eguneko epean, 200 kolaboratzaile lortu dituzte. Laguntzaile sare horren bidez, jada abian dauden Disney Plus Euskaraz, Netflix Euskaraz eta Zinemak Euskaraz sinadura bilketa kanpainak indartu nahi dituzte. Interneteko sareetan zabaltzen diren mezuei ahalik eta zabalkunde handiena ematen laguntzea izango da Pantailak Euskaraz-eko laguntzaileei eskatuko dieten lehen konpromisoa. Kolaboratzaile izateko, www.pantailakeuskaraz.eus webgunean sartu, eta Egin zaitez laguntzaile! txokoan formulario labur bat bete behar da.
Pantailak Euskaraz mugimenduko bozeramailea Alex Aginagalde da —Disney Plus Euskaraz sortu zuen euskaltzaleetako bat—. ETB1eko Biba zuek! magazinean Aginagalde elkarrizketatuko dute bihar, osteguna, 18:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.