Pasarela baten barrenak

Parisko Moda Astea izan da, eta luxuzko markek beren bilduma berriak aurkeztu dituzte pasareletan. Bertan lanean ibili dira hiru euskal herritar, eta aste horretarako nola prestatzen diren kontatu dute.

2027ko udaberrirako eta udarako Chanelek egindako bildumaren aurkezpena, urriaren 5ean, Parisen. MOHAMMED BADRA / EFE
2027ko udaberrirako eta udarako Chanelek egindako bildumaren aurkezpena, urriaren 5ean, Parisen. MOHAMMED BADRA / EFE
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko urriaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

New York, Londres, Milan eta Paris. Horiek dira, hurrenez hurren, modaren egutegian gorriz agertzen diren geltokiak. New Yorken hasten dute ibilbidea moda asteek, eta Parisen amaitu. Goi joskintzako markek beren bildumak aurkezten dituzte pasareletan, eta, besteak beste, moda kazetarientzat, estilistentzat eta erosleentzat egiten dira.

Irailaren 28tik urriaren 6ra izan da aurtengo Parisko Moda Astea, eta hantxe erakutsi dituzte Givenchyren, Chanelen, Diorren, Schiaparelliren, Courregesen, Louis Vuittonen eta beste luxuzko marka batzuen azken sorkuntzak. Baliteke izen horiek arrotzak izatea zenbait irakurlerentzat, baina badira hiru euskal herritar marka horietako batean lan egiten dutenak; haien lana zertan datzan kontatu dute. Clara Mendizabal Zuaznabar (Donostia, 2000) da horietako bat. Schiaparelli enpresan lan egiten du, oihalak aukeratzen. Irune Barrenetxeak (Bilbo, 1991) ere lan bera du, baina Courreges etxean.

Haiek hasten dira, hain justu, pasarelan ikusten diren arropak sortzen, baina Barrenetxearen ustez hori baino lehenago hasten da sorkuntza lana: «Erakusketa bat, kaleko testura bat, argazki zahar bat, eraikin batean islatzen den argia… Hori guztia buruan gordetzen dut, eta estudioaren txostena egin behar denean, Italiako, Frantziako edota Japoniako ehundegietan aurkitzen dudanarekin gurutzatzen dut». Eta horren ostean dator zatirik onena, haren iritziz: «Esperimentatzea, existitzen ez den zerbait sortu arte».

Bi egoeratatik abiatuta has daitezke lanean: diseinatzailearen ideia batetik —eta orduan oihala bilatu behar dute— edo oihal batetik —halakoetan silueta sortu behar dute—. Mendizabal, esaterako, Daniel Roseberry sormen zuzendariarekin biltzen da, eta hark esaten dio zer nahi duen bildumarako: «Silueta estilo bat edo oihal mota jakin bat». Bilera horren ostean hasten dira Italiarako bidaiak: Milanera, Florentziara edota Comora joan izan ohi da; izan ere, hango fabrikekin lan egiten du markak. Hainbat enpresa bisitatzen ditu, bakoitzak tela mota bat lantzen baitu: «Espezialitate jakin bat izaten du bakoitzak. Hortaz, beroki bat edo soineko bat egin nahi badugu, ez dugu ekoizle berera joko».

«Normalean poesia eskatzen didate: ‘Ura bezala erortzen den baina bere kabuz zutik mantentzen den zerbait’»

IRUNE BARRENETXEA Courreges markako langilea

Barrenetxeari, berriz, bigarren abiapuntua gustatzen zaio gehien, oihal batetik abiatzea, alegia. Baina beste batzuetan «ideia, irudi edota sentsazio bat» azaltzen diote, eta hortik abiatu behar izaten du. «Normalean poesia eskatzen didate: ‘Ura bezala erortzen den baina bere kabuz zutik mantentzen den zerbait’». Eta hori ere dibertigarria dela uste du. «Funtsean, itzultzailea naiz: ametsen hizkuntzatik ehundegien hizkuntzara», definitu du Barrenetxeak bere lana. Ehunka oihal ukitzen ditu denboraldi bakoitzean. Are, etxean ere noizbehinka oihal zatiak agertzen zaizkiola adierazi du.

Eraldaketa prozesua

Oihalak Parisera eramatean, baina, beste prozesu bat hasten da: eraldaketarena. Azaldu dutenez, oihalak manipulatzen dituzte. Mendizabalek, esaterako, batzuetan tindatu egiten ditu: «Adibidez, esaten badigute desfile baterako kolore bat falta dela, tela zuri bat tindatzen dugu Parisen dugun beste tailer batean».

Prozesu hori da Barrenetxearen zatirik gogokoena: «Kolorearekin eta pisuarekin jolasten dugu; garbiketak, estaldurak eta brodatuak probatzen ditugu, zeinak batzuetan beste zerbaitetarako pentsatutako teknikak diren». Esperimentu horietako batzuk «bilduma baten sinadura» bihurtzen direla adierazi du. Beste asko, ostera, ez dira ondo ateratzen, eta gertatu izan zaie oihal batek pentsatu bezala ez funtzionatzea. «Tailerrekoek esan izan digute: ‘Oihal hau ezin dut erabili, zuloak egiten zaizkio, eta ez dugu nahi’, edota ‘Oihal honi hariak ateratzen zaizkio etengabe', edo…. Guk ezin dugu ezer egin, oihal hori aukeratu dutelako eta hori erabili behar dutelako, bai ala bai. Batzuetan, diseinua baino lehen aukeratzen dute oihala, eta gero ez dago diseinurik oihal horrentzat», azaldu du Mendizabalek.

«Ulertu behar duzu diseinatzaileek zer nahi duten. Oso zehatzak izan behar dugu, ez baitzaie gustatzen zerikusirik ez duen zerbait erakustea, eta gertatu izan zaigu»

CLARA MENDIZABAL ZUAZNABAR Schiaparelli markako langilea

Askotan arazoak oihalak ematen dituen arren, diseinatzaileak eta sormen zuzendariak ere prozesua zailtzen dute batzuetan, ez baitira zehatzak izaten euren ideiekin; hori traba bat da Mendizabalentzat. «Ulertu behar duzu diseinatzaileek zer nahi duten. Oso zehatzak izan behar dugu, ez baitzaie gustatzen zerikusirik ez duen zerbait erakustea, eta gertatu izan zaigu. Izan ere, niri gustatzen zaizkidan gauzak batzuetan ez zaizkio etxeari gustatzen». Horregatik, lantalde osoaren arteko komunikazioaren garrantzia azpimarratu du. «Zaila izaten da informazioa hitzez adieraztea, baina inportantea da. ‘Oihal hau berandu iritsiko da’ edo ‘Kalitate arazo bat daukagu beste honekin’. Horrelako gauzak esan egin behar dira, eta askotan zaila izaten da».

Bigarren pausoa: probak

Oihalak aukeratuta daudenean, eta diseinuarekin hasten direnean, Markel Etxeberria Izetaren (Zestoa, Gipuzkoa, 1991) txanda heltzen da. Loewen eta Balenciagan lan egin du, eta urtarriletik Givenchyn dabil lanean. Emakumeen bildumako estudioko arduraduna eta bilduma koordinatzailea da. «Zubi lanak» egiten ditu sormen zuzendariaren eta diseinatzaileen artean, bai eta merchandising eta produktu garatzaileen departamentukoekin ere. «Nik esaten diet: ‘Jakin ezazue ez garela ari txaketarik egiten, eta badakigu iaz ondo saldu zirela’. Salatari lanak egiten ditut, prestatuta egon daitezen etorri daitekeenerako, eta estrategiaren bat pentsatzeko».

Lehen jantziak prest dituztenean, modeloekin probatzen dituzte. Hala, hurrengo proba egunerako egin beharreko aldaketak erabakitzen dituzte, eta Etxeberria arduratzen da aldaketa horiek guztiak txosten batean biltzeaz. Proba egun bat baino gehiago izaten dituzte, sormen zuzendariari jantziak egokiak iruditzen zaizkion arte.

Astebete lehenagoko eginkizunak

Sei hilabeteko lan gogorraren ostean heltzen da Moda Astea, eta hirurek aitortu dute «aste estresagarria» izaten dela. Baina egun batzuk lehenago hasten da benetako estutasuna: estiloa edertuko duten osagarriak aukeratzen dituzte desfilea baina bost egun lehenago. «Malabarak egin behar izaten ditugu; izan ere, epeei dagokienez bat etorri behar duzu bai poltsak egiten dituztenekin, bai gerrikoak egiten dituztenekin, bai eguzkitako betaurrekoak egiten dituztenekin», adierazi du Etxeberriak. Dena den, bost egun horiek egiatan hamar izaten direla aitortu du, urduritasuna hamar egun lehenago heltzen baitzaio. «Glamourrik batere ez: kafe asko eta Excel gehiago», esan du Barrenetxeak desfilearen aurreko asteari buruz.

Pasarelan desfilatuko duten modeloak ere desfilea baino egun gutxi batzuk lehenago heltzen dira. Izan ere, marka bakoitzak jantziak probatzeko modelo talde bat izaten du urte osoan zehar, baina desfilearen egunerako beste batzuk hautatzen dituzte. Aukeraketa hori eginda, jantziak modeloen neurrira egokitzen hasten dira, eta egokitzapen horiek azken unera arte luzatzen direla azaldu du Mendizabalek. Baina gerta liteke jantzi bat ongi ez gelditzea desfilean izango diren modeloei. Horixe bera gertatu zitzaien Givenchyko langileei: «Soineko gorri bat genuen, eta ikusi genuen castingeko modeloei ez zitzaiela ondo gelditzen. Urte guztian zehar gurekin lan egiten duen modelo baten neurrira eginda zegoen, eta hari bakarrik gelditzen zitzaion ondo. Hortaz, gure modeloak desfilatu zuen egunean bertan».

«Anna Wintourrek zerbait esaten badu, guk ez dugu gure lana aldatuko, ez baitago horretarako astirik»

MARKEL ETXEBERRIA IZETA Givenchy markako langilea

Markaren bilduma berria publikoak desfilearen egunean ikusiko duen arren, badago aurrea hartzen duen kazetaririk; tartean, Vogue aldizkariko Anna Wintour eta The Business of Fashion plataformako Tim Blanks. Bi egun lehenago heldu ziren kazetari horiek desfilearen lekura —Givenchyren desfilea urriaren 2an izan zen, 17:30ean, Hotel des Invalides eraikinean—. «Desfile txiki bat egiten zaie, eta sormen zuzendariak erabakitzen du zer erakutsi eta zer ez», azaldu du Etxeberriak. Wintourren begiradak gorabehera, argi utzi du iritziek ez dutela lekurik egun horretan. «Anna Wintourrek zerbait esaten badu, guk ez dugu gure lana aldatuko, ez baitago horretarako astirik». Dena den, esan du egunean bertan ez dutela iritzirik ematen, desfilearen ondorengo egunetan baizik.

Desfilearen eguna

Desfilearen egunean bera, berriz, «pixka bat lasaiago» egoten direla azaldu dute hirurek. «Dena ondo joan bada, egun horretan nire lana ia amaituta dago. Adi egoten naiz, badaezpada ere, baina ikusle baten gisa gozatzen dut. Hala ere, look bakoitzari luparekin begiratzen diot orduan ere, eta hurrengo diseinuetarako ideiak idazten hasita nago jada. Lanbideak duen ondorioetako bat da, eta ez du sendabiderik», adierazi du Barrenetxeak. Etxeberria ere, nekatuta egon arren, «lasai» egoten da egun horretan: «Pasarela atzean nagoenean, eta 57 modeloak eta 57 look-ak hor daudela dakidanean, lasai egoten naiz. Badakit zerbait gaizki ateratzen bada ez dela nire ardura». 

Hala ere, tentsio puntu bat izaten dute azkeneko segundora arte, eta ez dira erabat lasaitzen desfilea amaitu arte. «Presio handia egoten da: ‘Clara, etorri hona, ez dakit zertarako behar zaitugu!’. Korrika ibiltzen naiz, eta horrelakoak entzuten ditut azkeneko momentura arte», kontatu du Mendizabalek. Etxeberriak ere bizi izan dituzten tentsio uneak ekarri ditu gogora: «Bilduma batean 57 look ikusten dituzte, guztiak ezberdinak, baina askotan galtzak edo beste arroparen bat berdina izaten da. Horrek despitatu zaitzake, edo beste norbaitek hartu eta galtzak non dauden galdezka aritu». Baina horrelakoak normalak direla jakinarazi du.

Hamabost minutu inguruko desfilearen ostean amaitzen dira eguneko lanak. Ez, baina, urtekoak; izan ere, dagoeneko hurrengo bilduman dute jarria gogoa. «Udan negua daukat buruan, eta neguan uda», adierazi du Barrenetxeak. Schiaparelli etxea ere aurrera begira dagoela azaldu du Mendizabalek, otsailean aurkeztuko duten bilduma sortzen ari baitira. Bide beretik doa Givenchy ere, «sistemak eskatzen dituen bildumak egiten», esan du Etxeberriak, bai eta modaren industriaren inguruan hausnartu ere: «Urtean ez ditugu hainbeste egun sistemak eskatzen dizkigun bilduma guztiak erritmo egoki batean aurrera eramateko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA