Patua, edo kasualitate hutsa

Hainbat eta hainbat izen eta abizen lanbideekin lotuta daude, eta, jabetu ere egin gabe, batzuek beren izenaren edo abizenaren esanahi bera duen alor batean lan egiten dute. 'Aptonimo' deritzo kointzidentzia horri, eta uste baino ohikoagoa da.

Zenbait izen-abizen, eta horiekin lotutako lanbideak. BERRIA
Zenbait izen-abizen, eta horiekin lotutako lanbideak. BERRIA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2025eko abenduaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Patua izan edo kasualitatea izan, izen-deiturek, batzuetan, bizitzaren norabidea zer-nolakoa izango den iradokitzen dute. Mundu osoan zehar badira izen eta abizen asko lurraren, lanbidearen eta ingurunearen arrastoa daramatenak. Noizbehinka, errealitatea kasualitate hutsarekin lerrokatzen da, eta norbaitek bere izenak edo abizenak dioen horretan egiten du azkenean lan ibilbidea. 

Aptonimo deritzo bat etortze horri, eta, ikertzen jarrita, uste baino ohikoagoa dela jabetuko da bat baino gehiago. Hona hemen kointzidentzia bitxien adibide gutxi batzuk: Usain Bolt atleta ―bolt hitzak tximista esan nahi du―, Russell Brain neurologoa ―brain, garuna―, Francine Prose prosa idazlea ―prose, prosa―, Igor Judge epailea ―judge, epaitu/epailea―, Emily Wines ardo dastatzailea ―wine, ardoa―, Amy Freeze meteorologoa ―freeze, izoztu―.

Euskal Herrian ere badira horrelako kointzidentziak, eta ez dira gutxi. Lorea Floresek, Eguzkiñe Iturriozek, Elur Zalduak eta Miren Eizmendik kontatu dute noiz eta nola jabetu ziren bat etortze horretaz. Eta hainbat anekdota barregarri —edo ez hain barregarri— ere gogora ekarri dituzte.

1

Lorea Flores, Greenpeaceko Hego Euskal Herriko bozeramailea

Biologia ikasi zuen Lorea Floresek (Iruñea, 1985), baina ez izen-abizenek bultzatuta. Naturarekiko eta animaliekiko zaletasuna, izenak baino gehiago, amonak «ernatu» zion. Egun, Greenpeaceko Hego Euskal Herriko bozeramailea da, eta aitortu du, hasi berritan, ikusi zuela jendeak «keinu» batzuk egiten zituela, baita komentarioak ere, «patua ote zen edo zerikusirik ote zuen» ziotenak. 

Haren kasua bereziki deigarria da; izan ere, izenak eta abizenak esanahi bera dute —bata euskaraz da, eta bestea gaztelaniaz—. Galdetu izan die gurasoei ea zergatik jarri zioten izen hori, eta erantzun hau jaso zuen: «Besterik gabe, soinua gustatzen zitzaiela, eta jendeak ez zuela zertan gaztelerara itzuli. Nire gurasoak, nahiz eta orain euskaraz badakiten, erdaldunak ziren».

Izen-deitura «bereziak» izanik, horren inguruko txantxak txikitatik entzun behar izan ditu Floresek: «Lorea Flores, eta aita lorezaina, esaten zidaten». Komentario horiek guztiek jazarpenerako bidea «ireki» dezaketela uste du —bere izen-abizenak iraintzen zituztenen asmoa hori baitzen—. Gerora, jende gehiago ere saiatu da Flores iraintzen, baina adierazi du bere izenarekin gatazkarik ez duenez ez diola hainbeste eragiten; harreman «oso ona» du izenarekin. 

Egun, umore puntu batekin hartzen ditu txantxak, eta bereziki gogoratzen duen kasu bat aipatu du: «Behin, nire lagun bat ETBko lehiaketa programa bat ikusten ari zen, eta galdera-erantzun formatuko proba batean nire izena agertu zela bidali zidan. Honela zioen galderak: zein da Greenpeaceko Hego Euskal Herriko bozeramailearen izena? Erantzunak hauexek: Lorea Flores, Zuhaitz Arbola eta Mendi Muinoa. Laugarren aukera ez dut oroitzen». 

Horrelako txisteak entzutera «ohituta» dagoela esan du, eta ez diotela eragiten. Are gehiago, abantaila gisa ikusten du testuinguru jakin batzuetan: «Nire izen-abizenak esanahi bera izanda, jendea hobeto oroitzen da nire izenaz. Batzuetan norbait aurkezten dizute, eta, ez baduzu arreta berezia jartzen, izena ahaztu egiten zaizu. Nireaz ez dira ahazten».

Lorea Flores, Greenpeaceko Hego Euskal Herriko bozeramailea, maiatzean, Lesakan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Lorea Flores, maiatzean, Lesakan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

2

Eguzkiñe Iturrioz, Euskalmeteko meteorologoa

Aditua izango dute askok Eguzkiñe Iturriozen izena (Legorreta, Gipuzkoa, 1972), beste askok baita haren ahotsa ere; goizero-goizero eguraldiaren iragarpenaren berri ematen du irratian. 

Euskal Herrian, urteko egun gehienetan, lainoek estaltzen dute zeru urdina eta eguzkia, baina badago lainoek inoiz estaliko ez duten zerbait: jendearen txantxetarako gogoa. Eguraldiarekin lotutako izen-abizenak edukita, eta meteorologiaren adarrean lan eginda, Iturriozek askotan entzun behar izan ditu zenbait komentario: «Gaur zure izenarekin bat dator eguraldia [eguzkia egiten duenean], edo gaur ez dator bat; abizenarekin egokiago [euria eta hotza egiten duenean]». 

Hedabideetan eguraldiaren iragarpena ematen hasi berritan jabetu zen lehen aldiz izen-abizenek lanbidearekin zuten harremanaz: «Nire izen-abizenen esanahia zein zen banekien, baina orduan egin zizkidaten komentarioak, batek baino gehiagok, gainera; zera esaten zidaten: 'Zer-nolako kasualitatea, izen-deitura horiekin eguraldiaren iragarpena egiten!'». Hala ere, argitu du solasaldi «informalagoetan» egin ohi dizkiotela komentario horiek.

Iturriozek ere galdetu izan die noizbait gurasoei bere izenaren inguruan, eta zera esan izan diote: «Ni jaio nintzen urtean, orduantxe euskal izenak jartzen hasiak zeuden. Behin irratian entzun zuten Bizkaiko norbaitek Eguzkiñe izena zuela, eta gustatu egin zitzaien». 

Floresen kasuaren antzera, Iturriozek uste du hedabideetan ateratzeak eragina duela izen-abizenen eta lanbidearen arteko antzaz jabetzeko. Eta harreman hori ikusteaz gain, izena gogoratzeko ere «errazagoa» dela uste du.

Eguzkiñe Iturrioz, ostiralean, Euskalmeten Gasteizko egoitzan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eguzkiñe Iturrioz, ostiralean, Euskalmeten Gasteizko egoitzan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

3

Elur Zaldua, mendiko eskiatzailea

«Elurraren friki bat naiz». Halaxe definitu du bere burua Elur Zalduak (Zubieta, Gipuzkoa, 2004), eta ondo definitu, gainera: «Egunero lau aldiz sartzen naiz elurraren aplikaziora, begiratzeko ea non dagoen elurra; kameretatik elurra ikusten pasatzen dut eguna». 

3 urterekin jarri zen lehen aldiz eskien gainean, eta, ordutik, mendian eskiatzea da haren zaletasunik gogokoena. Bera jaio aurretik, gurasoek jada argi zuten izena: «Mutila edo neska izan, ezinbestean, Elur izena jarri behar zidaten». Orain arteko kasualitateak gutxi ez, eta gehitu du bera jaio zen urteko neguan elurte «handia» bota zuela.

«Txikitan, askotan, adarra jotzen zidaten elurrarekin». Eta ez txikitan bakarrik: argitu du oraindik ere elurra egiten duen aldiro esaten diotela zerbait. Azkenekoz, esaterako, duela bi aste, Euskal Herriko hainbat txokotan elurra egin zuenean: «Ikastetxe batean praktikak egiten nabil, eta leihotik ikusi genuenean elurra mara-mara ari zuela, esan zidaten: 'Elur, elurra ari du! Zu ari zara erortzen zerutik!'».

Aitortu du gazteagoa zenean txantxa horiek ez zituela hain ondo hartzen. Orain, ostera, «hobetoxeago». Baikor samar begiratzen dio orain gai horri, eta, horrelako komentarioak egiten dizkiotenean, «ilusioa» egiten dio. 

Elurrarekiko duen zaletasuna argi geratu ez bada, are nabarmenagoa izan dadin, gehitu du «zain» egoten dela udara noiz bukatuko, «hotza eta elurra egiten hasteko»: «Elurretan eskiatzen dut, eta bertan lehiatzen naiz. Horretan lan egitea gustatuko litzaidake, eta elurrarekin zerikusia duen bizitza bat izan aurrerantzean ere». 

Elur Zaldua, mendiko eskiatzailea, maiatzean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Elur Zaldua, iazko maiatzean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU

4

Miren Eizmendi, Nafarroako Mendi Federazioko presidentea

Iazko abenduan hartu zuen Nafarroako Mendi Federazioko presidente kargua Miren Eizmendik (Iruñea, 1998). Haren aurretik, Martin Montañes egon zen hamabi urtez karguan; kasualitatea, hark ere mendiarekin zerikusia duen abizena du. Biek mendiarekin lotutako abizen bat izateak zeresana eman zuen Eizmendiren lagunen artean: «Kargua hartu nuenean, jendeak asko komentatu zuen, eta lagunek adarra jo zidaten esanez: 'Beharrezkoa al da mendiarekin zerikusia duen abizen bat izatea federazioko presidentea izateko?'». 

Txiki-txikitatik izan da mendizalea. Azaldu du bere gurasoek mendian ezagutu zutela elkar, eta anaiari eta biei mendiaren inguruko «maitasuna» eta «sentimendua» pasatu dietela: «Nire anaiak eta biok mendiko irteerak besterik ez dugu ezagutu. Esango nuke bizitza osoan bi aldiz baizik ez garela hondartzara joan». 

Federazioko presidentea izateaz gain, mendi teknikaria ere bada. Zuzen-zuzenean mendiarekin lotuta dagoen lan bat. Hala ere, aitortu du inoiz ez duela hausnarketa «sakonik» egin harreman horren inguruan: «Ez diot inoiz garrantzi handirik eman nire abizenak nire lanarekin duen zerikusiari». Edonola ere, «oso harro» dago bere abizenaz: «Asko gustatzen zait, eta nire gustuko gauzekin harremana du; beraz, badago harrotasun puntu bat».

Miren Eizmendi, Nafarroako Mendi Federazioko presidentea, martxoan, kargua hartu berritan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Miren Eizmendi, martxoan, kargua hartu berritan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.