Bilboko Aste Nagusia

Peppa Pig Bilboko zeruan

Puxika saltzaileek diotenez, orain lehen baino gutxiago saltzen dira puxikak. Lan nekagarria da, eta ordu asko eman behar dira zutunik.

Puxika saltzaile bat, atzo, Bilboko Zazpikaleetan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Puxika saltzaile bat atzo, Bilboko Zazpikaleetan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2026ko abuztuaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ordu erdi bat falta da Bilboko Casilda Iturrizar parkean Txikigunea zabaltzeko, baina umeak dituzten familia ugari dabiltza bazterretan. Haurrentzat antolatu duten hiri erraldoiari so daude umeak, urduri eta pozik, puzgarrietarako sarbidea noiz irekiko zain. Bitxia bada ere, ume askorentzat deigarrienak ez dira gaztelu puzgarriak edo atondutako jolastokiak, urmaelean urte osoan egoten diren ahateak baizik, eta haiei begira daude, miretsirik.

Hasanek bi seme-alaba ekarri ditu Txikigunera, eta nagusiak puxika bat darama eskuan loturik: «Kale Nagusian erosi dugu, saltzaile asko daude han», azaldu du aitak. «Ez dira merkeak; zortzi euro kobratu digute. Baina tira, umeari apetak eman dio, eta behin erosteagatik ez da ezer gertatzen».

Garai batean, puxikarik gabeko festa, feria edo erromeria pentsaezina zen, batez ere umeak tartean egonda. Txikigunean, baina, oso bakanak dira puxika aldean daramaten haurrak: gehien-gehienak ur jolasetara sartzeko ilara egiten ari dira, edo sukaldaritza tailerrean parte hartzeko prest daude. Gargantua umeak jan eta jan ari da, gosea berdindu ezinda, eta haren aurrean ere saldoka elkartu dira haurrak.

«Normalean, 23:30ean erretiratzen naiz ohera, baina kontuan izan 10:00etatik nagoela kalean, beti zutunik»

JUANJO RUIZ Puxika saltzailea

Bazter batean, furgoneta baten ondoan, gazte bat dago puxikak helioz puzten. Nahiago izan du izenik ez eman: dioenez, hiru urte daramatza puxika saltzaile, eta herri askotara joaten da: «Garai batean negozio ona zen puxikak saltzea, baina gero eta gutxiago saltzen dira, eta ez da harritzekoa, puxika batengatik zortzi euro ordaintzea ez baita txikikeria».

Mota askotako puxikak ditu salgai, eta gehienek komikietako edo telebistako pertsonaien itxura dute: han daude Spiderman, Peppa Pig, Bob Belaki, Mickey Mouse eta abar. «Denak ditugu. Esan izen bat, eta seguru hemen dagoela. Edozein pertsonaia telebistan ezagun bilakatu, eta hamar egunera txinatarrek egina dute irudia». Eta zein da gehien saltzen dena? «Ba, hauxe da, baina ez galdetu izenik, ez baitakit». Eta ile morea duen manga itxurako neskato bat erakutsi du. «Edonola ere, ume bakoitza mundu bat da, eta denetarik eskatzen dute».

Hamar saltoki

Bilboko Udalak puxikak saltzeko hamar baimen eman ditu, jai esparruko sei tokitan kokatuta. Casilda Iturrizar parkean hiru saltoki jartzeko baimena dago, eta Txikigunea han dagoenez, ez da saltzeko leku txarra: «Nik nahiago dut egunez eta umeak dauden lekuan aritzea. Gauez, mozkortiak eta iskanbilak baino ez daude. Behin batean gauez joan nintzen Areatzara puxikak saltzera, eta oso esperientzia txarra izan nuen. Hemen askoz hobeto nago».

Jende ugari dabil Kale Nagusian, umeak ere bai tarteka, baina puxikarik daraman inor ez da ageri. Vicente Rodriguez Madrilgoa da, eta haren seme txikiak badu puxika bat, motor dotore baten itxurakoa, baina ez dute erosi: «Gure hotelean ostatu hartuta zegoen emakume batek atzo [herenegun] erosi zuen, balearen desfilean, baina gaur [atzo] aireportura joan behar zuen, eta ume txikia genuela ikusi duenez, oparitu egin digu». Aste Nagusian «oso ondo» pasatzen ari direla dio.

Musika hotsa iritsi da Plaza Zirkularretik. Dultzaineroen eta erraldoien kalejira dago Buenos Aires kalean barrena, eta jende saldoa daramate atzetik, erraldoiak ikusi nahi dituzten umeak batez ere. Puxika saltzaile bik ere jarraitu diote segizioari. Juanjo Ruiz da horietako bat: hari batetik lotuta daramatza Garfield katua, Homer Simpson, izurdeak, lasterketa autoak eta abar: «Lehen, puxikak gehiago saltzen ziren; orain, ez horrenbeste. Nik uste dut familiek duten egoera ekonomikoaren eragina dela».

(ID_16383395) (Mikel Martinez de Trespuentes/@FOKU) 2026-08-24, Bilbo. Puxika saltzaileak
Puxika saltzaileak, erraldoien kalejiran. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Euskal Herrian ez ezik, Espainian ere ibiltzen da puxikak saltzen, eta, dioenez, Valladolid eta Zaragoza plaza onak izaten dira. «Klasikoek dute arrakasta gehien: Mickey Mouse, Minnie Mouse... Baina behitxoak eta dinosauroak ere saltzen dira». Hark ere izen ezezaguneko panpina misteriotsuaren ale ugari daramatza. Dioenez, lan nekagarria izaten da kaleko saltzailearena: «Ni, normalean, 23:30ean erretiratzen naiz ohera, baina kontuan izan 10:00etatik nagoela kalean, beti zutunik. Oso nekosoa da». Kalejiran egon bitartean, behintzat, puxika batzuk saltzea lortu du.

Aurten, toki ona egokitu zaio Mario Parrari: Arriaga aurrean dago, Areatzako sarreran, eta alde batean ditu saskibaloi txapelketan jokatzen ari diren haurrak, eta, beste aldean, txosnagunerako sarbidea: «Bai, toki ona da hau. Larunbata nahiko egun makala izan zen; atzo [herenegun], berriz, balearen desfilea zela eta, asko saldu nuen. Ea gaur zelan doazen gauzak».

«Larunbata nahiko egun makala izan zen; atzo [herenegun], berriz, balearen desfilea zela eta, asko saldu nuen»

MARIO PARRA Puxika saltzailea

Txikiguneko saltzailea ez bezala, Parra ez da gauez txosnen esparruan saltzearen beldur: «Ni 01:30ak arte egoten naiz, eta ez pentsa, gauez ere ale batzuk saldu ohi dira». Iruñea du plaza kuttun: dioenez, han saltzen ditu puxika gehien.

Parrak ere mota askotako puxikak ditu, ile morea duen panpinarena barne, baina hark ere ez daki haren izenik: «Umeek runin edo horrelako zerbait deitzen dute». Argitu da misterioa: Rumi da, K-Pop Demon Hunters pelikulako izarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA